EGUNA: 2017/04/07
IRTEERA: Pont de Saugue (1528m)
ZAILTASUNA :
- Eski zailtasuna : Soum Braque-S2 / Le Pourteillou-S1
DENBORA:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barrena Gedre herriraino. Herria gurutzatu ondotik, bihurgune itxi batean, Pont de Saugue markatzen duen seinalea ikusiko dugu. Bide hori hartu behar da helmugara ailegatu arte.
KRONIKA:
20. Korrikaren zurrunbiloan harrapatuta martxoa elurrik probatu gabe pasatu ondotik, udaberriko eski denboraldia estreinatzera Gavarnie aldera joan ginen. Asmoa Gedretik goiti igota dagoen Aspeko bailaran (ez nahastu bertze Aspeko bailararekin izen bera edukita ere) ipar magalen bat eskiatzea zen. Aukera batzuk badaude, baina gehienek Aspeko bailaratxo honen sakonera joatea eskatzen dutenez, lehena eta hurbilena hautatu genuen, jaitsiera zuzenenarekin: Soum Braque mendia.
8:42 : Pont de Saugue (1528m)
Gaua furgonetan pasatu ondotik, zazpiak airean ernatu eta goiti abiatu ginen eskiak bizkarrean genituela.
Hamar minuturen buruan ordea, lehen elur lauso zabalak zapaltzen hasi ginen.
Aitzinean gure eguneko helburua ere laster azaldu zitzaigun begien aitzinean. Ezkerrekoa da: Soum Braque.
Segidan eskiak jantzi eta Soum Braque eta Soum Blanc de Secugnat mendien artean dagoen Pourteillouko lepo aldera zuzendu ginen.
Berez asmoa ezkerrean ageri den Soum des Canaus eta erdiko Soum Braqueren arteko ertza osorik egitea zen, baina pioleta autoan utzi nuen eta bigarren gailurrarekin konformatuko ginen.
Soum Blanc de Secugnat ederraren azpian fokeatzen.
Aspeko bailara honen bukaeran Soum de Male eta Malh Arrouy mendiak ere begibistan genituen.
10:30 : Le Pourteillou (2238m)
Malda errazetatik lepora ailegatu ginen. Lepo honetarainoko bidea, erraza izanda klasiko bat da eskiko mendiekin egiteko.
Hemen eskiak bizkarrera kargatu eta gorakoari segitu genion, lepoaren ondoan dagoen 2277 metroko altuera duen izenik gabeko tontorrera.
Izenik ez, baina primerako bistak ditu tontortxo honek. Gavarnieko zirkuko mendi guziak parez pare genituen.
Izenik gabe tontortxoan...
Hemndik, lepo batera jaitsi eta ertz errazetik Soum Braque mendira igo ginen.
Lepoan utzi genituen eskiak azken metroak pisurik gabe egiteko.
Azken metroak Soum Blanc de Secugnat mendia gibelean genuela.
11:19 : Soum Braque (2304m)
Gailurreko ikuspegia eta giroa bikaina zen. irudian Gedre eta Pic Long inguruak.
Gavarnieko zirkua eta Soum des Canaus mendira segitzen duen ertz zatia.
Tarte zabalean izan ginen goian...
Gailurreko argazkia beheiti jaitsi aitzinetik.
Ertzean eskietara bueltan...
Gailurraz gain, jaitsieraz ere izugarri disfrutatu genuen. Udaberriko krema goxoa eta den guretzat bakarrik, ikaragarria!
Azken metroetan eskiak kendu eta bortz minutuan autoan!
13:00 : Pont de Saugue (1528m)
Honela akitu zen udaberriko lehen eski irteera, eguraldi, leku eta elur bikainarekin...
Dena den, honela segitzen badu, elurrak ez du sobera iraunen...
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina