2022/02/28

Petit Arriel (2683m)

EGUNA: 2022/02/26

ABIAPUNTUA: Caillou de Socques (1399m)

ZAILTASUNA: 
  • Eski zailtasuna: S3, gailurretik eskiatuta S4
DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Fabregeseko urtegia gibelean utzi eta pare bat kilometrora ailegatuko gara aparkaleku honetara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Hasmenta izan ezik, elur gutiko negua ari da izaten honakoa. Iparretan bada elurra, baina gogorra; eta hego isurialdeetan gero eta goitiago bilatu behar da. Horregatik, zaila da lasai eskiatzeko lekuak bilatzea porteo luzerik egin nahi ez bada. Hau guzia kontua hartuta diseinatu genuen plan hau: iparraldetik hegorako zeharkaldia, malda goiti guti porteatuz eta beheiti elur goxoan inor gabe eskiatuz. Kontuan hartzeko gauza bakarra bi auto behar direla, edo taxia (eta Sarran ez dagoela telefono estaldurarik).

9:16 : Caillou de Socques (1399m)
Hilabete eskasean hirugarren aldia zen niretako puntu honetatik abiatzen nintzela. Kasu honetan, azkenengoan bezala, aparkalekutik ekialdeko norabidea hartuko genuen.
 
 
Hasmentako basoa eskiak bizkarrean genituela gurutzatu beharko genuela bagenekien. Hosto idorrez osatutako alfonbra goxoaren gainetik eta gero elur lauso batzuetatik erosoa izan zen porteoa.
 

Arriouseko bailararen sarrerako zubia zeharkatu eta eskiak zangoetan paratu ahalko genituen. 20-25 minutuko ibilaldia izan zen horrainokoa.


Bailararen azpiko aldea elurrez justu egon arren, mingainak bilatuz goiti pasatu ahal izan ginen. Ez zaio aunitz gelditzen elur jarraia izateko hala ere.
 

Igoera eztia da Arriouseko bailaran goiti egiten dena, "Z"rik egitea eskatzen ez duten horietakoa. Gibeleko harkaitzaren kontra dagoen etxola pasatuta bakarrik tentetzen da pixka bat, baina zailtasunik gabe momentu oro.
 
 
Elurra uste baino hobeki harrapatu genuen itzaletan egonda ere. Egunen batzuk lehenago botatako elur hauts geruza fin-finak gogorra tapatzen zuen eta aise igan ginen.
 
 
Arestian erran bezala, etxola pasatuta malda zerbait tentetzen da, baina arazorik gabe igan genuen.
 
 
Malda gaindituta zelaitxo batera atera ginen eta hortik eskuinetara kanale tente bat (35º ingurukoa) igan beharko genuen Arrious bailaratik ateratzeko. Segurtasunagatik kranpoiak paratu genituen, ez baikenekien elurra nola egonen zen eta maldaren erdian ez baikenuen transizioak egiten ibili nahi.
 
 
Malda tente hori iganda, Arrious bailara utzi eta Sobako lepora igaten den goi-bailara eztiaren bila abiatuko ginen.
 
 
Elur hormatua harrapatuko genuen bailaratxo honetan, baina ez dauka apenas inklinaziorik eta eskiak berriz ere oinetan paratu ahal izanen genituen.
 
 
Kutxilekin igan genuen zati hau, Lurien mendia eta Bat de la Quebeko hego malda ederrak gibelean utzita.
 
 
Aitzinean berriz lehendabiziko aldiz ikusi ahal izan genuen Petit Arriel mendia. Bere ipar aurpegia batzuetan eskiatzen den arren, nahiko tentea da eta elur gogorrarekin ez genuen hortik igateko intentziorik.
 
 
Horren ordez, Sobako lepo zabalera joko genuen, bertatik mendiaren hego isurialdea bilatzeko.
 
 
12:16 : Collado de la Soba (2446m)
Lepoan ezkerretara biratu eta Arriel eta Petit Arriel mendien arteko lepo horretara segituko genuen. Eguzkitan guritutako maldak zeharkatuko genituen, tarteka esposizio pixka bat dutenak, baina baldintza horietan zailtasunik gabeak.
 
 
Arriouseko bailaran Bat de la Quebe aldera zihoazen eskizale batzuk ikusi bagenituen, hego isurialde honetan ez zen inor ere. Sarratik goiti porteoa luze samarra da eta horrek jendea ez animatzea eragiten du. Hego malda goxoak guretako bakarrik izanen ziren.
 
 
12:50 : Col d'Arriel (2608m)
Behin bi Arrielen arteko lepoa harrapatuta, ezkerretara biratu ginen Petiten hego magal tentea igateko. Puntu honetatik goiti ikuspegi bikaina izanen genuen. Kasik gailurreraino ailegatu ahal izan ginen eskien gainean; azken metroetan bertzerik ez genituen erantziko.
 

13:18 : Petit Arriel (2683m)
Kaskoan panoramika zoragarria, baina sobera gelditzera gonbidatzen ez zuen haize fina izan genituen. Inguruko mendien trilogia parez pare genuen: Palas, Balaitous eta Arriel.


Palas...


Balaitous eta Frondella mendiak. Azken hauen ipar-mendebaldeko malda zoragarria izan behar da eskiatzeko.


Telera inguruak...


Iparraldean Lurien...


Egonaldi motza egin genuen kaskoan eta lehen malda jaitsi genuen haize babesean zerbait jateko.


Otorduaren ondotik jaitsiera ederraz gozatzeko momentua ailegatu zen. Irudian gailurretik beheiti eskiatutako lehen zatia ikusten da, 40 gradu inguru hartuko dituena, edo agioan gehixeago. Gainerakoa eztiagoa da.


Arestian erran bezala, hegoaldeko isurialde guzia guretako bakarrik harrapatu genuen. Eguzkiak ongi transformatuta ordu horretarako, elur bikainaz gozatu genuen.


1800 metro ingururaino jaitsi ginen eskiatzen. Handik Sarraraino bertze 400 metroko desnibela eta 4 kilometro inguru genituen oinez jaisteko. Zapatilak eraman genituen motxilan zati hau egiteko eta ordu eskasean beheitian ginen.


15:45 : Embalse de la Sarra (1420m)
Urtegira ailegatuta ez genuen aitzinetik hitzartutako taxiari deitzeko estaldurarik, baina bikote jator batek bere autoan jaitsi gintuen Sallent de Gallegora. Zeharkaldia arrakastaz burutua...

2022/02/21

Soum de Lascours (2485m)

EGUNA: 2022/02/20

ABIAPUNTUA: Col de Tramassel (1614m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Col de Tramassel - Hourquette d'Ouascouaou : Ordu eta erdi
  • Hourquette d'Ouascouaou - Lac d'Ourrec : Ordu erdi
  • Lac d'Ourrec - Soum de Lascours : 2 ordu eta erdi
  • Soum de Lascours - Col de Tramassel : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetan Tarbesn sartu gabe Lourdeseko norabidea hartu behar da. Lourdes hiria inguratuko dugu Argeles-Gazost herrirantz eta hemen sartu gabe Luz-Saint-Sauveur aldera doan errepidea hartuta, segidan ezkerretara Hautacam eski estaziora igaten den errepidea hartuko dugu. Eski estazioaren goitiko aldera iganen gara, Tramasselgo leporaino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Mendi eskia negu gorrian elurretan bidaiatzeko modurik onen eta azkarrena da. Bailarak eta lepoak zeharkatuz, gure gorputzaren indar soilarekin oinez ailegatzea kostatuko litzatekeen txokoak ezagutzeko aukera ematen du. Horrelako zerbait egin dugu asteburu honetan, Hautacam eta Chirouleteko isurialdeak lotuz inguru bakarti eta ikusgarrietatik. 

8:42 : Col de Tramassel (1614m)
Aspaldiko ordurik goiztiarrenean hasi genuen itzulia, udaberriko elurraren zain egon beharrik ez baikenuen honakoan. Aitzineko bi egunetan elur pixka bat egina zuen eta hori zen bilatzen genuena. Lepoko aparkalekuan autoa utzi eta estazioko pistetatik goiti abiatu ginen.


Moulata tontortxoaren ezkerreko bizkarrera aterako ginen segidan. Bertatik gure "jolastokia" izanen zena parez pare genuen. Irudiko malda eder horietatik jaitsiko ginen ezkerrekoa den Soum de Lascours mendia igan eta gero.


Hori mantsoago izanen zen ordea. Momentuz ezkerretara biratu eta pista zapalduetatik segitu genuen altuerarik irabazi gabe.


Inguru honetatik atentzioa deitzen duen bertze gailur bat Moun Ne da. Bertako hego-ekialdeko malda bertikala ikusgarria da.


Naouit mendia hegoaldetik inguratu eta iaztik ezaguna nuen bidetik Clot du Serpenteko lepotxora ailegatuko ginen ibilbide gorabeheratsuan.


Lepotik iparraldeko magaletara pasatu eta bertze maldatxo batetik berriz ere bizkarrera aterako ginen.


Barran mendiaren mendebaldeko bizkarra utzi eta hego ekialdeko norabidea hartu genuen jadanik begien bistan genuen Ouascouaouko lepo aldera. metro batzuk galdu beharko genituen berriz ere irabazteko.


9:55 : Hourquette d'Ouascouaou (1870m)
Lepo honetan eginen genuen eguneko lehen transizioa. Isaby eta Ourreceko lakuen sakonuneak bereizten dituen lepoa da.


Bertze aldera 200 bat metroko jaitsiera genuen. Elur goxoa harrapatu genuen jaitsiera honetan, bezperan botatako 5-10 zentimetroko geruzatxoa gogorraren gainean.


Bira batzuk egin eta gero irudian ikusten den lakura ailegatzeko zeharkalditxo bat eginen genuen. Minutu gutian bertan izanen ginen, eskiz bidaiatzearen abantailak.


10:18 : Lac d'Ourrec (1664m)
Etxolaren gibelean ikusten den lepotik jaitsi ginen Ourreceko laku elurtura. Leku ederra da arras neguan, eta udan ere bai. 7 urte nituela bertara familiarekin egindako ibilaldia izan zen Pirinioetan egin dudan lehena. Leku berezia da beraz niretako. 


Eguneko bigarren transizioa egin, zerbait jan eta goiti abiatu ginen. 800 metroko desnibela genuen Lascourseko gailurreraino.


Lesponneko erreka sigisagatsuaren eskuineko aldetik malda errazetatik egin genuen goiti. Mantso-mantso errekaren meandroak beheitian utzi eta eskuinetara altuera irabazten hasiko ginen.


Bailara hetsiz joaten da goiti egin ahala. Hegoalderantz osorik zeharkatuko genuen Pene Taillade ikusgarriaren azpiko zirkuaren sakoneraino. Leku bakartia da neguan honakoa, hotza, hunkigarria... 


Presarik gabe goiti...


Harkaitz bertikalen artean ttipi sentitzen ginen.


Zirkuaren sakoneraino ailegatzeko malda tenteago bat igan behar da. Erraza da, baina zati honetatik goiti hauts geruzatxoaren azpiko elurra hormatua zegoen eta kutxilak paratu genituen aitzinera egiteko.


Tailladeko pareten azpian berriz ere eguzkitara atera ginen. Hegoalderantz 500 metroko harresiak hesten zigun bidea. Lac Bleu aldera eramanen gintuen lepoa gibelean utzi eta mendebalderantz biratu ginen.



Esposiziorik gabeko maldetatik erraz egin genuen goiti Soum de Lascours mendiaren hego magalera pasatzen utziko zigun lepoaren bila.


Irudikoa da aipatutako lepoa. Gero eta gehiago tentetzen diren maldetatik ailegatuko ginen bertara. Elur-jausi arriskua dagoenetan hobe da inguru hauetan ez ibiltzea.



Lepotik tontorraren azpian kokatzeko malda tente bat zeharkatu behar da. Bertikala da, baina zorionez esposiziorik gabea. Elur baldintzen arabera, oinez pasatzea hobe izanen da dena den.


Konzentrazio osoa egiten ari ginenean paratu eta arazorik gabe zeharkatu genuen malda.


Gailurra behatz puntekin ukitzen ahal genuen honenbertzez. Hautacam aldetik zuzenean bertara ailegatutako eskiatzaile batzuk zeuden inguruan, egunean ikusiko genituen lehenak.


Azken malda...


Argazkian ikusten den leo hartatik heldu ginen. Mendiaren hego magalak ez du inolako zailtasunik eta arazorik gabe zapalduko genuen gailurra eskiak zangoetan genituela.


Ailegatzen...


13:16 : Soum de Lascours (2485m)
Tontorrean hilabete eta erdi lehenago Payolle inguruan ezagutu genuen emakume bat harrapatu genuen. Zer ttipiak diren Pirinioak beren handitasunean. Elkarrekin eginen genuen jaitsiera. Hirugarren transizioa eta sobera luzatu gabe abiatuko ginen beheiti ipar haize finetik eskapo.


Mendiaren ipar-mendebaldeko malda ederretatik eginen genuen jaitsiera Isabyko lakuraino. Elur berri geruza uste baino finagoa zen eta zatiren batean arriskutsu samar zegoen azpiko elurra arras hormatua baitzegoen. Gainerako guzia nahiko ongi, nahiz eta hauts geruza lodiagoa espero genuen.


Grande Estibereko zirku ederrean barneratu ginen. Argazkian ikusten diren maldetatik egin genuen jaitsiera. Eskirako malda bikainak dira.



14:03 : Lac d'Isaby (1563m)
900 metroko malda zabal eta gozagarriak jaitsita, laku inguruan akitu zen eguneko jaitsierarik luzeena.


Laugarren transizioa eta eguerdiko eguzki berotan azken igoerari ekinen genion. 


Berriz ere Hautacameko pistetara itzultzeko ezkerretara diagonal luzea egin behar da, polik-poliki altuera irabaziz. Luze egiten da zati hau eguneko nekeak sumatzen baitira.


15:34 : Col de Tramassel (1614m)
Itzuli bikain eta luzearen ondotik motxilaren gaineko etzanaldiarekin akitu genuen ibilbide polit hau. Luzea, transizio dezente dituena, baina teknikoki zailtasun gutikoa da, Arras gomendagarria Hautacam eta Chirouleteko sektoreak ezagutzeko.