2022/02/04

Gabardere (2422m)

EGUNA: 2022/02/02

ABIAPUNTUA: Caillou de Socques (1399m)

ZAILTASUNA: 
  • Eski zailtasuna: S3, gailurretik eskiatuta S4
DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Fabregeseko urtegia gibelean utzi eta pare bat kilometrora ailegatuko gara aparkaleku honetara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Badira mendi batzuk eskirako diseinatuak direla iduri dutenak. Horietako bat da Gabardere dudarik gabe. Bere hegoaldeko maldak ez du tranparik. Zuzena da. Konstantea eta zabala. Horri inguruko gailur eta orratzek momentu oro eskaintzen duten ikuskizuna eta egun eguzkitsu ederra gehitzen bazaizkio, arrakasta ziurtatua dago.

9:50 : Caillou de Socques (1392m)
Bigarren ateraldia aparkaleku honetatik abiatuta. Izan ere, inguruak badu zer eskainia. Honetakoan autoa utzi eta ekialdeko norabidea hartuko genuen eskiak motxilan generamatzala.


Bidea basoan barneratzen da eta metro gutiren buruan lurreko hostozko alfonbrak elur zuriari pasatu zion lekukoa. Goizeko ordi horretan gogor zegoen elurra oraindik eta eskiak bizkarrean genituela segitu genuen oinez.


Basotik Arriouseko bailararen sarreran aterako ginen. Irudiko zubia gurutzatu eta bailaran goiti metro batzuk eginen genituen ekialderantz, ezker biratu aitzinetik.


Gibelean Midi d'Ossau erregea genuen. Aitzineko ateraldian bere azpiko aldean ibiliak ginen. Zati hau laiotza da neguan eta elurra aise mantentzen da eguzkiaren eraginetik urrun.


Elurrik gabeko larre zati tente bat igo eta berriz ere malda zurietan barneratu ginen, Ossau bailaran gure oinetan uzten genuen bitartean. Eguzkitan izan arren, oraindik gogor zegoen elurra inguru honetan ere eta horregatik oinez segitu genuen, kranpoiak jantzita.


Malda tenteegia izatera ailegatu gabe, konstantea da, zabala. Sarreran aipatu bezala, elur ona harrapatuz gero, eskirako ezin hobea. Mantso-mantso egin genuen goiti, parajeaz eta egun ederraz gozatuz. 1000 metroko desnibela izan arren, dena goiti izatean fite egiten den igoera da.


Puntu honetan bistaratu genuen lehen aldiz Gabardereko gaina. Berez mapetan izenik ez duen tontorra da, Gabardere deitzen den Arrious mendiaren mendebaldeko ertzaren irtengune soil bat. Argazkiaren eskuineko puntatxoaren ondoko leporaino iganen ginen handik hegoaldeko ertza hartu eta tontorra zapaltzeko. Jaitsiera, berriz gailurra baino 20 bat metro beheitiagotik zuzenean; ezkerretara ikusten den malda bikainetik.


Goitiko zatian malda inklinazioa galtzen du eta bizkarrari hats pixka bat emateko intentzioarekin eskiak paratu genituen.


Arriel mendiak eskuinetara genituen, Arriouseko bailarako mendirik ezagunenak dira.


Urrunago Pourtalet ingurua, Canal Roya, Peña Blanca eta enparauekin... Zonalde harekin konparatuta, jende guti ibiltzen da Gabardere aldean. Egun horretan gu izan ginen bakarrak igaten...


Mendiaren azpiko maldan kokatuta eskuinetara biratuko ginen hegoaldeko ertzera ateratzeko.


Azken zati honetan ipar magal batean elur hauts zahar pixka bat ere gelditzen zen. Horrez aunitz erraztu zigun igoera, azpiko aldeko elur hormatua tapatzen baitzuen.


Lepotxora ailegatzen...


Frantziako IGN mapetan 2312 metroko kotan ageri den lepora ailegatu ginen honela. Bertan berriz ere eskiak kenduko genituen azken zatia oinez egiteko. Gure gibelean Arriel ikusgarriak eta Soba mendia...


Hortik goiti ertz errazari segitu genion, tarteka elur guritik...


...eta tarteka belar edo harkaitz zatiak gaindituta. Gibelean ikusten den ertza da igo genuena. Erraza, nahiz eta harkaitzetan pausuren bat baduen.


12:51 : Gabardere (2422m)
Hala ailegatu ginen Arriouseko orratzen artean kamuflatuta gelditzen den puntatxora. Sobera gelditu gabe, mendebaldeko ertzetik 20 bat metro jaitsi eta kanal bertikal batetik ekinen genion jaitsierari. 40 gradu inguruko malda du hasmentan, baina elur ona harrapatu genuen eta ez zuen inolako zailtasunik.


Hortik beheiti malda zabal eta zuzenak, udaberriko elur goxoan gure sinadura uzteko. Goitirakoan pasatu genuen elurrik gabeko zatia, eskuineko aldeko mingain batzuetatik inguru ahal izan genuen, eskiak kasik kendu ere egin gabe.


 14:00 : Caillou de Socques (1392m)
Beti bezala, nahi baino fiteago akitu zen jaitsiera. Berriz ere zubira ailegatuta, eskiak kendu eta oinez itzuli ginen autora. Hego aurpegi zoragarria orain bezalako neguko antizikloi luzeetarako!



BIDEOA:






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina