EGUNA: 2022/02/20
ABIAPUNTUA: Col de Tramassel (1614m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Col de Tramassel - Hourquette d'Ouascouaou : Ordu eta erdi
- Hourquette d'Ouascouaou - Lac d'Ourrec : Ordu erdi
- Lac d'Ourrec - Soum de Lascours : 2 ordu eta erdi
- Soum de Lascours - Col de Tramassel : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetan Tarbesn sartu gabe Lourdeseko norabidea hartu behar da. Lourdes hiria inguratuko dugu Argeles-Gazost herrirantz eta hemen sartu gabe Luz-Saint-Sauveur aldera doan errepidea hartuta, segidan ezkerretara Hautacam eski estaziora igaten den errepidea hartuko dugu. Eski estazioaren goitiko aldera iganen gara, Tramasselgo leporaino.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Mendi eskia negu gorrian elurretan bidaiatzeko modurik onen eta azkarrena da. Bailarak eta lepoak zeharkatuz, gure gorputzaren indar soilarekin oinez ailegatzea kostatuko litzatekeen txokoak ezagutzeko aukera ematen du. Horrelako zerbait egin dugu asteburu honetan, Hautacam eta Chirouleteko isurialdeak lotuz inguru bakarti eta ikusgarrietatik.
8:42 : Col de Tramassel (1614m)
Aspaldiko ordurik goiztiarrenean hasi genuen itzulia, udaberriko elurraren zain egon beharrik ez baikenuen honakoan. Aitzineko bi egunetan elur pixka bat egina zuen eta hori zen bilatzen genuena. Lepoko aparkalekuan autoa utzi eta estazioko pistetatik goiti abiatu ginen.
Lepo honetan eginen genuen eguneko lehen transizioa. Isaby eta Ourreceko lakuen sakonuneak bereizten dituen lepoa da.
Bertze aldera 200 bat metroko jaitsiera genuen. Elur goxoa harrapatu genuen jaitsiera honetan, bezperan botatako 5-10 zentimetroko geruzatxoa gogorraren gainean.
Bira batzuk egin eta gero irudian ikusten den lakura ailegatzeko zeharkalditxo bat eginen genuen. Minutu gutian bertan izanen ginen, eskiz bidaiatzearen abantailak.
10:18 : Lac d'Ourrec (1664m)
Etxolaren gibelean ikusten den lepotik jaitsi ginen Ourreceko laku elurtura. Leku ederra da arras neguan, eta udan ere bai. 7 urte nituela bertara familiarekin egindako ibilaldia izan zen Pirinioetan egin dudan lehena. Leku berezia da beraz niretako.
Eguneko bigarren transizioa egin, zerbait jan eta goiti abiatu ginen. 800 metroko desnibela genuen Lascourseko gailurreraino.
Lesponneko erreka sigisagatsuaren eskuineko aldetik malda errazetatik egin genuen goiti. Mantso-mantso errekaren meandroak beheitian utzi eta eskuinetara altuera irabazten hasiko ginen.
Bailara hetsiz joaten da goiti egin ahala. Hegoalderantz osorik zeharkatuko genuen Pene Taillade ikusgarriaren azpiko zirkuaren sakoneraino. Leku bakartia da neguan honakoa, hotza, hunkigarria...
Presarik gabe goiti...
Harkaitz bertikalen artean ttipi sentitzen ginen.
Zirkuaren sakoneraino ailegatzeko malda tenteago bat igan behar da. Erraza da, baina zati honetatik goiti hauts geruzatxoaren azpiko elurra hormatua zegoen eta kutxilak paratu genituen aitzinera egiteko.
Tailladeko pareten azpian berriz ere eguzkitara atera ginen. Hegoalderantz 500 metroko harresiak hesten zigun bidea. Lac Bleu aldera eramanen gintuen lepoa gibelean utzi eta mendebalderantz biratu ginen.
Esposiziorik gabeko maldetatik erraz egin genuen goiti Soum de Lascours mendiaren hego magalera pasatzen utziko zigun lepoaren bila.
Irudikoa da aipatutako lepoa. Gero eta gehiago tentetzen diren maldetatik ailegatuko ginen bertara. Elur-jausi arriskua dagoenetan hobe da inguru hauetan ez ibiltzea.
Konzentrazio osoa egiten ari ginenean paratu eta arazorik gabe zeharkatu genuen malda.
Gailurra behatz puntekin ukitzen ahal genuen honenbertzez. Hautacam aldetik zuzenean bertara ailegatutako eskiatzaile batzuk zeuden inguruan, egunean ikusiko genituen lehenak.
Azken malda...
Argazkian ikusten den leo hartatik heldu ginen. Mendiaren hego magalak ez du inolako zailtasunik eta arazorik gabe zapalduko genuen gailurra eskiak zangoetan genituela.
Ailegatzen...
13:16 : Soum de Lascours (2485m)
Lepotik tontorraren azpian kokatzeko malda tente bat zeharkatu behar da. Bertikala da, baina zorionez esposiziorik gabea. Elur baldintzen arabera, oinez pasatzea hobe izanen da dena den.
Tontorrean hilabete eta erdi lehenago Payolle inguruan ezagutu genuen emakume bat harrapatu genuen. Zer ttipiak diren Pirinioak beren handitasunean. Elkarrekin eginen genuen jaitsiera. Hirugarren transizioa eta sobera luzatu gabe abiatuko ginen beheiti ipar haize finetik eskapo.
Laugarren transizioa eta eguerdiko eguzki berotan azken igoerari ekinen genion.
Berriz ere Hautacameko pistetara itzultzeko ezkerretara diagonal luzea egin behar da, polik-poliki altuera irabaziz. Luze egiten da zati hau eguneko nekeak sumatzen baitira.
15:34 : Col de Tramassel (1614m)
Mendiaren ipar-mendebaldeko malda ederretatik eginen genuen jaitsiera Isabyko lakuraino. Elur berri geruza uste baino finagoa zen eta zatiren batean arriskutsu samar zegoen azpiko elurra arras hormatua baitzegoen. Gainerako guzia nahiko ongi, nahiz eta hauts geruza lodiagoa espero genuen.
Grande Estibereko zirku ederrean barneratu ginen. Argazkian ikusten diren maldetatik egin genuen jaitsiera. Eskirako malda bikainak dira.
14:03 : Lac d'Isaby (1563m)
900 metroko malda zabal eta gozagarriak jaitsita, laku inguruan akitu zen eguneko jaitsierarik luzeena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina