2022/02/28

Petit Arriel (2683m)

EGUNA: 2022/02/26

ABIAPUNTUA: Caillou de Socques (1399m)

ZAILTASUNA: 
  • Eski zailtasuna: S3, gailurretik eskiatuta S4
DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Fabregeseko urtegia gibelean utzi eta pare bat kilometrora ailegatuko gara aparkaleku honetara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Hasmenta izan ezik, elur gutiko negua ari da izaten honakoa. Iparretan bada elurra, baina gogorra; eta hego isurialdeetan gero eta goitiago bilatu behar da. Horregatik, zaila da lasai eskiatzeko lekuak bilatzea porteo luzerik egin nahi ez bada. Hau guzia kontua hartuta diseinatu genuen plan hau: iparraldetik hegorako zeharkaldia, malda goiti guti porteatuz eta beheiti elur goxoan inor gabe eskiatuz. Kontuan hartzeko gauza bakarra bi auto behar direla, edo taxia (eta Sarran ez dagoela telefono estaldurarik).

9:16 : Caillou de Socques (1399m)
Hilabete eskasean hirugarren aldia zen niretako puntu honetatik abiatzen nintzela. Kasu honetan, azkenengoan bezala, aparkalekutik ekialdeko norabidea hartuko genuen.
 
 
Hasmentako basoa eskiak bizkarrean genituela gurutzatu beharko genuela bagenekien. Hosto idorrez osatutako alfonbra goxoaren gainetik eta gero elur lauso batzuetatik erosoa izan zen porteoa.
 

Arriouseko bailararen sarrerako zubia zeharkatu eta eskiak zangoetan paratu ahalko genituen. 20-25 minutuko ibilaldia izan zen horrainokoa.


Bailararen azpiko aldea elurrez justu egon arren, mingainak bilatuz goiti pasatu ahal izan ginen. Ez zaio aunitz gelditzen elur jarraia izateko hala ere.
 

Igoera eztia da Arriouseko bailaran goiti egiten dena, "Z"rik egitea eskatzen ez duten horietakoa. Gibeleko harkaitzaren kontra dagoen etxola pasatuta bakarrik tentetzen da pixka bat, baina zailtasunik gabe momentu oro.
 
 
Elurra uste baino hobeki harrapatu genuen itzaletan egonda ere. Egunen batzuk lehenago botatako elur hauts geruza fin-finak gogorra tapatzen zuen eta aise igan ginen.
 
 
Arestian erran bezala, etxola pasatuta malda zerbait tentetzen da, baina arazorik gabe igan genuen.
 
 
Malda gaindituta zelaitxo batera atera ginen eta hortik eskuinetara kanale tente bat (35º ingurukoa) igan beharko genuen Arrious bailaratik ateratzeko. Segurtasunagatik kranpoiak paratu genituen, ez baikenekien elurra nola egonen zen eta maldaren erdian ez baikenuen transizioak egiten ibili nahi.
 
 
Malda tente hori iganda, Arrious bailara utzi eta Sobako lepora igaten den goi-bailara eztiaren bila abiatuko ginen.
 
 
Elur hormatua harrapatuko genuen bailaratxo honetan, baina ez dauka apenas inklinaziorik eta eskiak berriz ere oinetan paratu ahal izanen genituen.
 
 
Kutxilekin igan genuen zati hau, Lurien mendia eta Bat de la Quebeko hego malda ederrak gibelean utzita.
 
 
Aitzinean berriz lehendabiziko aldiz ikusi ahal izan genuen Petit Arriel mendia. Bere ipar aurpegia batzuetan eskiatzen den arren, nahiko tentea da eta elur gogorrarekin ez genuen hortik igateko intentziorik.
 
 
Horren ordez, Sobako lepo zabalera joko genuen, bertatik mendiaren hego isurialdea bilatzeko.
 
 
12:16 : Collado de la Soba (2446m)
Lepoan ezkerretara biratu eta Arriel eta Petit Arriel mendien arteko lepo horretara segituko genuen. Eguzkitan guritutako maldak zeharkatuko genituen, tarteka esposizio pixka bat dutenak, baina baldintza horietan zailtasunik gabeak.
 
 
Arriouseko bailaran Bat de la Quebe aldera zihoazen eskizale batzuk ikusi bagenituen, hego isurialde honetan ez zen inor ere. Sarratik goiti porteoa luze samarra da eta horrek jendea ez animatzea eragiten du. Hego malda goxoak guretako bakarrik izanen ziren.
 
 
12:50 : Col d'Arriel (2608m)
Behin bi Arrielen arteko lepoa harrapatuta, ezkerretara biratu ginen Petiten hego magal tentea igateko. Puntu honetatik goiti ikuspegi bikaina izanen genuen. Kasik gailurreraino ailegatu ahal izan ginen eskien gainean; azken metroetan bertzerik ez genituen erantziko.
 

13:18 : Petit Arriel (2683m)
Kaskoan panoramika zoragarria, baina sobera gelditzera gonbidatzen ez zuen haize fina izan genituen. Inguruko mendien trilogia parez pare genuen: Palas, Balaitous eta Arriel.


Palas...


Balaitous eta Frondella mendiak. Azken hauen ipar-mendebaldeko malda zoragarria izan behar da eskiatzeko.


Telera inguruak...


Iparraldean Lurien...


Egonaldi motza egin genuen kaskoan eta lehen malda jaitsi genuen haize babesean zerbait jateko.


Otorduaren ondotik jaitsiera ederraz gozatzeko momentua ailegatu zen. Irudian gailurretik beheiti eskiatutako lehen zatia ikusten da, 40 gradu inguru hartuko dituena, edo agioan gehixeago. Gainerakoa eztiagoa da.


Arestian erran bezala, hegoaldeko isurialde guzia guretako bakarrik harrapatu genuen. Eguzkiak ongi transformatuta ordu horretarako, elur bikainaz gozatu genuen.


1800 metro ingururaino jaitsi ginen eskiatzen. Handik Sarraraino bertze 400 metroko desnibela eta 4 kilometro inguru genituen oinez jaisteko. Zapatilak eraman genituen motxilan zati hau egiteko eta ordu eskasean beheitian ginen.


15:45 : Embalse de la Sarra (1420m)
Urtegira ailegatuta ez genuen aitzinetik hitzartutako taxiari deitzeko estaldurarik, baina bikote jator batek bere autoan jaitsi gintuen Sallent de Gallegora. Zeharkaldia arrakastaz burutua...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina