2021/10/27

Pimene (2801m), Petit Pimene (2667m)

EGUNA: 2021/10/23-24

ABIAPUNTUA: Gavarnie (1365m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Gavarnie - Refuge des Espuguettes : 2 ordu
  • Refuge des Espuguettes - Pimene : 2 ordu
  • Pimene - Gavarnie (zirkutik pasatuta) : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartuko dugu Tarbesen atera arte. Hemendik Lourdesera eta hau inguratuta hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Herrian ibilgailua uzteagatik ordaindu behar izaten da.

KRONIKA:
Ez ditu 3000 metro, baina bere kokapenagatik Gavarnieko zirkua osatzen duten erraldoien begiratoki ezin hobea da. Pimene mendiaz ari naiz, Gavarnie herriaren ekialdean dagoen tontorraz. Gailurreko ikuspegi eder horrek eta ibilbideak duen edertasunak mendizale aunitz erakartzen ditu bertara. Ni Gavarnien hamaika aldiz ibilia izan arren, zirkuaren ekialdeko magal hau ezagutu gabea nintzen eta gogo handia nuen han ibiltzeko. Bi eguneko ateraldi honek ederki ase nau.

2021/10/23
16:57 : Gavarnie (1365m)
Gourette inguruan Pene Sarriere mendiaren hegoaldeko Taillante ertza eskalatu ondotik, bazkaldu eta Xuban agurtu ondotik Gavarnie aldera abiatu nintzen. Urteko sasoi honetan inoiz ez nintzen bertan ibilia eta bidean zuhaitzen koloreek harrituta utzi ninduten. 

Lasai harrapatu nuen herria. Urria da eta udako jende uholdeak ederki ttipituak dira dagoeneko. Autoa herri sarreran utzi, jadanik prest nuen motxila bizkarreratu eta gogotsu hasi nintzen ibiltzen. Pirinioetako karrika ezagunena izanen den hau isil zegoen zeharkatu nuelarik.


Herria gibelean utzi eta zirku ezagunera doan bidea hartu nuen. Hemen ere ibilaldia akitzen ari ziren turista batzuk gurutzatu banituen ere, lasaitasuna nagusi. Udazken arratsaldeko argi politekin zoragarri zegoen ingurua, bakea transmititzen zuen.


Egun batzuk lehenago elur pixka bat bota zuen mendirik altuenetan eta udazkeneko basoen kolorearekin kontraste polita osatzen zuten.


Bide zabaletik pixka bat ibili ondotik ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartu nuen. Seinale batek adierazten du bide hori Espuguettesera doala. Herritik beretik ere aterpera ailegatzen den bertze bide bat abiatzen da, Alanseko etxolatik pasatzen dena. Politagoa eta luzeagoa omen da, baina nahiko berandu nindoan eta eguzkia sartu baino lehen goian egon nahi nuen. Bidexkatik ikuspegi honakoa zen...


Segidan sartu nintzen baso laranjan eta hainbat zeta egiten dituen bidetik altuera irabazten hasi nintzen.


Metroak irabazi ahala pinuek pagoei lekua hartzen diete eta goitiago belardiek pinuei. Pic Rouge de Pailla eta Astazu mendiak begien parera agertu zitzaizkidan.


Arbolak gibelean utzi orduko aterpea ere ikusi nuen, disdiratsu bizkar batean. Ez zitzaidan aunitz falta bertara ailegatzeko.


18:02 : Refuge des Espuguettes (2027m)
Animoz gainezka igo nintzen eta erritmo bizian ordu bat inguruan aterpean nintzen. Bakarrik egonen nintzela uste nuen baina lau frantziar izanen nituen lagun. Sasoi honetan hetsia egoten da aterpea, baina zati bat uzten dute mendizaleak sartu ahal izateko. Sarrerako bi gela eta logela bat ditu Espuguettesek neguan irekiak, txoko polita, espazio handikoa eta nahiko goxoa. 



Ilundu arte egin beharreko gauza bakarra inguruaz disfrutatzea. Orduak egoten ahalko nintzateke mendi hauei begira...


Paraje zoragarrian dago aterpea eta oraindik ezagutzen ez nuen Gavarnieko zirkuaren bertze ikuspegi bat eskaintzen du. Agian ikuspegirik politena...


Breche de Roland, Casco eta Torre aterpe ingurutik... Azken honetara ateraldi bat egiteko plana ere buruan ibili dugu azken aldian, baina...


Torretik Vignemale ingururainoko ikuspegi zabala...


Azken argi izpiak paradisu honetan...


Ikuskizuna ez zen egunarekin akitu hala ere. Gau oskarbiak eta ilargiak paisaia liluragarriak marraztu zituzten. Bakea, hasunarketa eta kontenplaziorako momentua...


Iluntzearekin batera tenperatura aunitz jaitsi zen kanpoan eta barnean afaria prestatzeko momentua ailegatu zen.


Afari ez-osasuntsu baten ondotik, mahai gainean aldizkariak irakurtzen egonaldi goxoa egin eta ohatzera...


2021/10/24
6:49 : Refuge des Espuguettes (2027m)
Bigarren egunean Pimene mendia igotzea nuen helburu eta ibilaldiari pizgarri gehiago jartzeagatik gauez joatea erabaki nuen. Preseski aterpekideek ere asmo bera zuten eta 5:20an ernatu ginen guziak. Lasai gosaldu eta presarik gabe abiatu nintzen goiti, tarteka inguruari argazkiak ateratzeko geldialdiak eginez.


Berezia da inguru hauetan gauez ibiltzea. Mendiak gauak berak ttipi sentiarazten zaituzte. Urrunean, Taillon eta Vignemaleko magaletan nirea bezalako bertze kopetako argien distirak ziren lagun bakarrak.


Bide zabala Hourquette d'Alans aldera igotzen da eta puntu honetan Pimenera joateko ezkerretara ateratzen den bertze bat hartu behar da.

8:09 : Petit Pimene (2667m)
Belardi tentean ezker-eskuin igotzen den bidetik erritmo lasaian igo nintzen, ez bainuen sobera goiz ailegatu nahi kaskora. Hala, lehen argi printzekin Pimeneko gailur ttipiaren gainean nintzen. Ez zen aunitz gelditzen bertzera ailegatzeko.


Bi gailurren arteko lepora jaitsi eta berriz goiti...


Azken metroetan ertza pixka bat estutzen da bideari akabaila dotorea emateko...


8:30 : Pimene (2801m)
Eguzkia atera baino lehen Pimeneren puntan nintzen. Motxilan nuen arropa guzia jantzi eta egunsetiaren ikuskizunaz gozatzeko prestatu nintzen. 


Ordurako Monte Perdido, Cilindro eta Marbore izpi gorriz margotuak ageri ziren...


Ikuskizun paregabea...


Den-dena niretako bakarrik... Sentsazio hunkigarria izan zen momentu hartan han egotea...


Gailurreko egonaldi luzearen ondotik beheiti abiatu nintzen. Bidexka leunetik fite jaitsiko nintzen...


Aterpea oraindik itzaletan zegoen ailegatu nintzelarik...


Erran dut leku zoragarrian dagoela?


10:28 : Refuge des Espuguettes (2027m)
Aterpera bueltan han utziak nituen gauzak bildu eta sobera luzatu gabe inguru eder hau agurtu nuen.


Aterpetik beheiti jaisten hasi nintzelarik, goiti igotzen ari ziren mendizaleak gurutzatzen hasi nintzen. Nik ordurako gailurra zapaldua nuen eta beheitirako bidea hartua...


Jaitsieran bidetik  pixka bat desbideratu nintzen hurbil gelditzen den Paillako etxola ikusteko. Lo egiteko tarima bat eta lurreko sua dituen etxola sinplea da.


11:07 : Chalet Refuge de Pailla (1750m)
Jaitsiera zuzena egin ordez aterpe honen ondotik zirkuko hotelera ailegatzen den bidea hartuko nuen, polita zela aditua bainuen eta astia ausarki bainuen.


Eta egia erran ez zuen hutsik egin bideak. Harresi baten azpitik doa une oro, zirkuaren ikuspegi ezberdina eskainiz. 



Udazken koloreko basoak ikusten hasi nintzen berriz...


Torre eta Casco bidetik...


11:37 : Hotel du Cirque et de la Cascade (1570m)
Honela ailegatu nintzen Gavarnieko zirkuaren sakonean kokatua dagoen hotel ezagunera. Kolore epelekin, denboran iltzatuta gelditu dela ematen du XVIII. mendeko diseinuarekin.


Turistak eramateko alokatzen diren zaldiak hotelaren kanpoko aldean...


Hotela eta zirkua utzi eta pista zabaletik beheiti abiatu nintzen. Ordura arte kasik inor ez banuen ikusia, hortik beheiti jendetza gurutzatuko nuen. Zirkuak turista aunitz erakartzen du.


Zirkuaren azpiko zelaitxoa oraindik erabat hormatua zegoen. Tenperatura arras hotza zen eguerdia izanagatik ere.


Zelai zabalean herrira doan pista jendetsua utzi eta errekaren bertze aldetik joaten den bidexka polita hartuko nuen. Aise leku politagoetatik pasatzen da bidexka hau eta gainera ez da kasik inor ibiltzen.


Pimene mendia bidexkatik...


Harrigarria da bidexka polit hau izanda, jende guzia ardiak bezala bertzetik ibiltzea...


12:35 : Gavarnie (1365m)
Herrira gaineko aldetik sartzen da bidexka. Hala akitu nuen ibilaldi eder hau, udazken koloreez eta bakardadeaz aunitz gozatu eta gero.

2021/10/25

Pene Sarriere (1944m)

EGUNA: 2021/10/23

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: 4b/AD

Xabier Larretxearen Eskalatzen blogetik hartutako krokisa


DENBORAK:
  • Hurbiltzea: Ordubete
  • Bidea: Bi ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.


ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren aldia Gouretteko eski estazio inguruan kokatua dagoen ertz zorrotz eta ikusgarri honetan. Inguruz inguru belardi zabalak izanda, gezurra ematen du ezerezetik altxatzen den harkaitz honen zorroztasunak. Eragiten duen inpresioaz gain, eskalada erraza da, kasik edonoren eskura dagoena. Gozatzeko lekua.

10:17 :  Gourette (1359m)
Bezperan hurbildu ginen Gourettera eta sirimiriak bazterrak bustitzen segitzen zuen lo zakuetan sartu ginelarik. Zalantza batzuk izan genituen, harria idortuko ote zen, hotz sobera eginen ote zuen... Horregatik guziagatik, presarik gabe ernatu eta lasai ederrean gosaldu ondotik abiatu ginen goiti.


Estaziotik beretik ikusten da Sarriereko gaina eta pistetan goiti egiten da bere hegoaldeko ertzaren hasmentan kokatu artekoa.


Harkaitz erraldoiaren eskuineko aldetik igotzen den pista honetatik eginen genuen azken zatia. Misterio handirik ez du hurbiltzeak. Solasean aritu ginen pistarik gabe zer ederra izanen litzatekeen inguru hau. Horrela ere ederra bada, Sarriere, Medaa eta Ger mendiak tente altxatzen dira belardietan, itxura dolomitikoa emanez paisaiari.


Harkaitz luzea mendebaldetik inguratu eta ertzaren hasmentan plantatu ginen. Solas eta solas entretenituak 40 minutu eskasean han ginen, eskalatzen hasteko prest.


Materiala 0 bilgunera ailegatu baino lehen paratu genuen, ertzaren hasmentan. Hortik bilgunera II. graduko pausuren bat gainditu behar da dagoeneko estua eta esposizio handikoa den ertzetik. Inguru honetatik ertzaren ikuspegiak inpresio handia eragiten du. Komuneko paperik ez genulako, bertzenaz...


0. bilgunetik eskaladari ekin genion. Honela banatu genuen:
  • 1. luzea (3c, 35m):  Hau da bidearen luzerik ikusgarriena. Zatitxo bat igota ertzaren zatirik zorrotzena zeharkatu behar da. Arras estua da eta bi aldeetara amildegia du. Teknikoki ez da zaila, baina bai ikusgarria.
Has dadila besta!


  • 2. luzea (4a, 20m): Lehen metro erraz batzuen ondotik plaka bat igo behar da ezkerretara ertzetik akitzeko. Bigarren bilera segidan harrapatuko dugu.
Plaka gaindituta


Plakatik bilgunerako ikuspegia. Lehen luzeko ertz estua ere ageri da.


  • 3. luzea (4a, 35m): Beherantz egiten den luzea. Metro batzuk eginda luzeari gradua ematen dion paretatxo jaitsi behar da. Errazagoa da lehenengo bezala, bigarren bezala baino. Guk ez genuen deskribapenetan aipatzen den soka aurkitu.
3. luzeko jaitsierari ekiten


  • 4. luzea (4a, 15m): Bileraren gaineko zati desplomatua ekialdeko pareta ikusgarrira atera eta handik gainditzen da erraz. Hortik erlaitz batera atera eta ezkerretara pixka bat jaitsi behar da, segidan gora aterako gaituen tximinia erraz bat hartzeko. Erlaitzean behera jaitseko zatia hau ere bigarrenarendako zailagoa da.
Irudiko orratzera igotzen da 4. luzean, eskuinetik hasi eta ezkerrean akituz

Ezkerretara egiten den zeharkaldia akituta tximinian sartzen


Krokiseko bortzagarren eta seigarren luzeak elkarri lotuta, baina bilkurarik muntatu gabe egin genituen, han-hemenka ikusten genituen txapetan zinta batzuk sartuz. II. gradua du zati honek eta oinez aise egiten ahal da arroka idorra badago behintzat.

  • 5. luzea (4b, 45m): Azken hau da bideari gradua ematen dio luzea. Metro erraz batzuk igota desplome txiki baten azpian dagoen erlaitzera aterako gara. Pausu hau gainditu eta diedro batek utziko gaitu bidearen bukaeran.
Azken luzeari ekiten


12:30 : Pene Sarriere (1944m)
Bidean haurrak bezala gozatuta ailegatu ginen ertzaren bukaerara. Labur samar gelditu zitzaigun bidea egia erran. 


Trasteak bildu eta eguzkitan egonaldi luzea egin genuen ekialdeko pareta klasikoari begira. Noizbait eskalatuko dugu bertan?


Beheitirakoa mendiaren ipar magaletik egiten da eta aitzineko aldian bezala irristakor harrapatu genuen bidea. Lohia, horma... ipurdiko bat baino gehiago hartu genuen.


Magala udazken koloreko basotxo honetatik utziko genuen.


13:58 : Gourette (1359m)
Eta azken zatian igoeran pasatu genituen pistak hartu genituen estazioraino. Garagardoak zain genituen!