2021/10/22

Aintziaga (905m), Urrizpilota (938m), Elhorriko Kaskoa (987m)

EGUNA: 2021/10/20

ABIAPUNTUA: Izpegi (672m)

ZAILTASUNA: 
Erraza (F). Trenpetarako ertza zuzenean igoz gero III graduko pausu bat agertuko zaigu goitiko aldean. Paretan sartutako iltze bat dago pausua gainditzen laguntzeko. Dena dela, ezkerreko aldetik sahiesten ahal da puntu hau.

DENBORAK (oinez):
  • Izpegi - Aintziaga : Ordu bat
  • Aintziaga - Baigorri : Ordu eta erdi
  • Baigorri - Urrizpilota : 2 ordu eta erdi
  • Urrizpilota - Elhorriko Kaskoa : Ordu erdi
  • Elhorriko Kaskoa - Izpegi : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Izpegi mendate ezagunetik ateratzen da ibilaldia. Erratzu eta Baigorri artean kokatua dago lepo hau.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Urriaren 12an Erratzu inguruko gailurrik ezagunenak lotuz ibilbide polita egin nuen. Zalantzarik gabe, Erratzuko mendietara igotzen den jende gehiena Iparla eta Auzara joaten da. Oraingo honetan B aldeko mendietan barrena ibili naiz, bertze horien itzalean gelditzen direnetan. Arratsalde pasa polita Izpegi eta Baigorri tarteko gailur hauetan.

15:33 : Izpegi (672m)
Arratsaldea sapa zegoen Izpegitik abiatu nintzelarik.


Iparlara doan GRaren bidexka hartu ordez, mendilerroaren ekialdeko isurialdetik egin nuen Aintziagarainokoa. Normalean bertze bidea hautatzen dugu alde hartara joateko eta hau ezagutzeko gogoa nuen. Motzagoa izateaz gain, leunagoa da. Lasterka egiteko aproposagoa.


Errekaren bertze aldean Urrizpilota nuen, geroago pasatuko nintzen bertatik.


Bidexkak zuzenean Aintziagaren azken maldetan utzi ninduen eta hor zuzen jo nuen gailurrerantz. Ezkerretara Buztanzelai eta Astateko kasko politak nituen.


Izpegi urrun jadanik...


16:03 : Aintziaga (905m)
Ordu erdi eskasean eguneko lehendabiziko tontorrean nengoen. Baigorri begibistan nuen...


Bertara ailegatzeko Buztanzelaiko lepotik pasatzen den GR10aren bidea hartu nahi nuen eta Aintziagaren ekialdeko ertzetik zuzenean jaistea erabaki nuen. Zati bat jaitsita ordea amildegi batera ailegatu nintzen. Ezker-eskuin amildegia inguratzeko aukeraren baten bila hasi nintzen, baina azkenean berriz ere gibelerat egin eta malda tente batetik jaitsi nintzen GRaren bila.


Denbora dezente galduta azkenean bidexka erosoan nengoen. Hortik Baigorrira lasterka pixka bat eginen nuen... Ikusgarria da Astate mendiaren alderdi hau, bertikala eta basatia...


Apaloiko lepotik pasatzen da GRa jaitsieran. Irudian ikusten da Aintziagako ekialdeko ertzari segituz ailegatu nintzen mozketa.


Fite egin nuen hortik beheitirakoa, erritmo bizian lasterka egiteko aukera ematen duen bidea baita.


16:49 : Baigorri (160m)
Izerdi putzutan ailegatu nintzen Baigorrira. Geldialdia egin nuen terraza batean freskagarri bat hartzeko. Ondotik, Izpegiko errepidea metro batzuz igo eta errekaren eskuineko aldetik doan errepidetxoa hartu nuen. Bertatik eginen nituen pare bat kilometro.


Errepidea Izpegiko errekan barneratzen da, baina aparkalekutxo ttipi bat duen bihurgune batean ezkerretara ateratzen den bidexka hartu behar da Trenpeta aldera igotzeko.


Bidexka honetatik parean nuen pixka bat ordu pare bat lehenago ibilitako Aintziagako gailurra.


Malda tente bat gaindituta, bidea Trenpetaren ekialdeko ertzaren inguruan ibiltzen da.


Inguru ikusgarria da hau ere, basa...


Irudiko lekuan bidexka nagusiak Trenpetako kasko eskuinetik inguratzen du. Nik ordea ertzetik zuzenean segitzen duen bide ttipiago bat hartuko nuen.


Azken zatian harkaitzezko pausu bat gainditu behar da. III. gradu inguruko plakatxoa izanen da eta irudiko burdina dago paratuta laguntzeko. Uste nuen gisa honetakoak Ordesan bakarrik zeudela, baina herri inguruan ere baditugu...


Ertza gainetik ikusita... Leku ederra zinez...


17:55 : Trenpeta (809m)
Gailurrean berriz ere eguzkitara atera nintzen. Arratsaldeko azken orduetako argi politak zeuden ordurako...


Sobera gelditu gabe bizkarretik Urrizpilotarakoa egin nuen...


18:06 : Urrizpilota (938m)
Hemen ere ez nintzen aunitz gelditu. Begiradatxo bat ingurura eta aitzinerat...


18:08 : Urrizpilotako lepoa (875m)
Lau saltoz lepoa gibelean utzi eta Elhorriko Kasko aldera segitu nuen.


18:16 : Elhorriko Kaskoa (987m)
Eta azken beroaldi bat hartuta eguneko hondarreko tontorrean nintzen.


18:22 : Nekaitzeko lepoa (815m)
Izpegira itzultzea bertzerik ez zitzaidan gelditzen. Nekaitzeko lepora jaitsi eta Olateko Atakan barrena doan bidea hartuko nuen.


Olateko basoa zoragarri zegoen...


Bizkarrez bizkar doan bidexkatik egin nuen Izpegirainokoa. Hemendik ere ez nintzen inoiz pasatua nik uste. Bide arrunta baino ikuspegi zabalagoa eskaintzen du.


18:54 : Izpegiko lepoa (672m)
Eta arratsalde pasa biribiltzeko Irigoieneko Bentako terraza eguzkitsuan garagardo pare bat hartzea bezalakorik ez, eguna Mendaurren gibelean gordetzen zen bitartean.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina