- Lac du Tech - Pic d'Arrouy : 4 ordu
- Pic Arrouy - Plaa d'Aste : 3 ordu
Bide erosoa...
Altuera irabazi ahala Gabizos mendigune inguruak bistaratu genituen iparraldean.
Egun bikaina genuen, haizerik ez eta eguzkitan tenperatura goxoa. Udazkena berezia izaten da mendian ibiltzeko eta argi zoragarriak eskaintzen dizkigu.
Arrouy menditzarra gero eta hurbilago...
Behin mendiaren azpian kokatuta ipar aurpegia inguratzen hasiko ginen, mendebaldera duen Hospitalet izeneko lepora ailegatzeko.
Ipar aurpegiaren azpiko aldean dago Pouey Launeko laku polita, hain zuzen ere. Hautafulhe, Tourettes eta Arrouy mendiek inguratutako zirku lasaiaren erdian, ingurune ederra da zinez.
Lakua inguratu eta mendebaldetik altuera irabazten segitu genuen, gure parean Tourettes mendi ikusgarriaren gandorra genituela. Hospitaleteko lepoa ez zegoen urrun jadanik...
Pouey Launeko lakua, Hautafulhe mendiaren oinean. Gibelean Grand Gabizos mendia ikusten da, biharamuneko helburua.
11:47 : Col d'Hospitalet (2548m)
Autotik atera eta bi ordu eta 40 minutuan mendiaren ertza hasten den lepoan ginen.
Bertako plakak gero jaitsieran Migouelouko laku aldera eginen genuen bidea erakusten zigun.
Hori geroago izanen zen ordea. Lepoa utzi eta Arrouyko gailurrera eramanen gintuen ertz politera zuzendu ginen.
Puntu honetatik aitzin hegoalderako ikuspegia ireki egiten da eta Balaitous eta Palas handiek hartzen dute protagonismoa.
Gure oinetan, aldiz, geroago pasatuko ginen Migouelouko lakua.
Ertzari buruz zer erran... Ikusiak nituen erreportaietan F+ maila ematen diote, baina nik PD bezala sailakatuko nuke, II. gradua baduela iruditzen baitzait. Hasmentan erraza eta dibertigarria da, han-hemenka eskuak erabili beharreko puntuak gaindituz.
Hasmentako zatiaren ondotik ertza pixka bat estutzen da, baina pausuak errazak dira.
Irtenguneren bat hegoaldeko isurialdetik inguratu behar da eta zatitxo batean esposizio pixka bat du bideak. Dena dela, helduleku aunitz ditu momentu guzian.
Haizerik gabe ertza gozatzeko zegoen...
Sasigailurrera hurbilduz joan ginen horrela, tarteka oinez eta tarteka eskaladatxo entretenigarriak eginez.
Sasigailurretik irudiko lepotxora jaitsiko ginen. Azken igoera bertzerik ez zitzaigun falta, metro guti batzuk.
Zati honetan 4 bat metroko pareta bertikal batera ailegatu ginen. Ertzaren punturik delikatuena da. Mugarriek paretaren ezkerreko aldera eramaten gintuzten, baina esposizio handia zuela iruditu zitzaigun eta eskuinetik inguratu genuen zailtasuna. Zati honetan ere esposizio handiko plaka pare bat zeharkatu behar izan genuen, kalitate kaskarreko harriarekin, berriz ere tximinia batetik ertzera atera aitzinetik.
Zailtasun handiena gaindituta azken metroak errazak dira. Batzuetan eskuak erabili beharreko irtenguneak gaindituz...
...eta bertzeetan oinez.
13:00 : Pic d'Arrouy (2708m)
Azken zati entretenigarriaz gain gailur hau duen ikuspegi panoramikoagatik gustatu zitzaigun aunitz. Iparraldean Grand Gabizos mendia...
Midi de Bigorre, Montaigu, Moun Ne, Midi d'Arrens eta Arrenseko bailara gailurretik...
Tourettes eta urrunean nola ez, Midi d'Ossau...
Aubisqueko lepoa ere ageri zen gandorren artetik...
Hegoaldean Vignemaleko mendigunea bertze guzien gainetik altxatzen zen, urteko lehen elurtetxoak edertuta.
Eta aise hurbilago Balaitous eta Palas...
Egonaldi luzea egin genuen gailurrean, inor gabe, tenperatura goxoa lagun...
Ondotik ertza berriz zeharkatzeari ekin genion. Kasu honetan zatirik zailena harri-mukuruek markatzen ziguten bidetik gainditu genuen. Tximinia bertikal bat da eta gero balkoitxo estu bat esposizio pixka bat duena, baina goitirakoan pasatu genuen pausua baino aise erraz eta seguruagoa.
Lepora bueltatzen...
Berriz ere tarteka eskaladatxoak eginez...
Hospitaleteko lepora ailegatu baino lehen ezker biratu ginen Migouelouko lakura jaisten den bidexka harrapatzeko.
Bazterrean izen bereko aterpea duen urtegitxoa da Migouelou. Urtegiaren pareten azpitik pasatu eta aterpera ailegatu gabe Plaa d'Astera jaisten den bidea hartuko genuen.
Bidexka erosotik ziztu bizian egin genuen errepiderainokoa, Suyengo laku polita parean ikusgai genuela.
Azken zatia bidexenda sigi-sagatsutik egiten da, inguru ederra lagun.
15:40 : Plaa d'Aste (1400m)
Asteko lautadatxoan ailegatu ginen errepidera. Berez puntu honetatik autoa utzita genuen aparkalekuraino 3 bat kilometroko errepide zatia ibili behar da, baina guk bazterretik pasatu zen lehendabiziko autoa geldiarazi eta modu erosoan egin genuen. Honela akitu genuen ibilbide polit hau, inguru berriak ezagutuz udazkeneko egun zoragarrian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina