EGUNA: 2021/10/23
ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)
ZAILTASUNA: 4b/AD
Xabier Larretxearen Eskalatzen blogetik hartutako krokisa |
DENBORAK:
- Hurbiltzea: Ordubete
- Bidea: Bi ordu
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Bigarren aldia Gouretteko eski estazio inguruan kokatua dagoen ertz zorrotz eta ikusgarri honetan. Inguruz inguru belardi zabalak izanda, gezurra ematen du ezerezetik altxatzen den harkaitz honen zorroztasunak. Eragiten duen inpresioaz gain, eskalada erraza da, kasik edonoren eskura dagoena. Gozatzeko lekua.
10:17 : Gourette (1359m)
Bezperan hurbildu ginen Gourettera eta sirimiriak bazterrak bustitzen segitzen zuen lo zakuetan sartu ginelarik. Zalantza batzuk izan genituen, harria idortuko ote zen, hotz sobera eginen ote zuen... Horregatik guziagatik, presarik gabe ernatu eta lasai ederrean gosaldu ondotik abiatu ginen goiti.
Harkaitz luzea mendebaldetik inguratu eta ertzaren hasmentan plantatu ginen. Solas eta solas entretenituak 40 minutu eskasean han ginen, eskalatzen hasteko prest.
- 1. luzea (3c, 35m): Hau da bidearen luzerik ikusgarriena. Zatitxo bat igota ertzaren zatirik zorrotzena zeharkatu behar da. Arras estua da eta bi aldeetara amildegia du. Teknikoki ez da zaila, baina bai ikusgarria.
Has dadila besta! |
- 2. luzea (4a, 20m): Lehen metro erraz batzuen ondotik plaka bat igo behar da ezkerretara ertzetik akitzeko. Bigarren bilera segidan harrapatuko dugu.
Plaka gaindituta |
Plakatik bilgunerako ikuspegia. Lehen luzeko ertz estua ere ageri da. |
- 3. luzea (4a, 35m): Beherantz egiten den luzea. Metro batzuk eginda luzeari gradua ematen dion paretatxo jaitsi behar da. Errazagoa da lehenengo bezala, bigarren bezala baino. Guk ez genuen deskribapenetan aipatzen den soka aurkitu.
3. luzeko jaitsierari ekiten |
- 4. luzea (4a, 15m): Bileraren gaineko zati desplomatua ekialdeko pareta ikusgarrira atera eta handik gainditzen da erraz. Hortik erlaitz batera atera eta ezkerretara pixka bat jaitsi behar da, segidan gora aterako gaituen tximinia erraz bat hartzeko. Erlaitzean behera jaitseko zatia hau ere bigarrenarendako zailagoa da.
Irudiko orratzera igotzen da 4. luzean, eskuinetik hasi eta ezkerrean akituz |
Ezkerretara egiten den zeharkaldia akituta tximinian sartzen |
Krokiseko bortzagarren eta seigarren luzeak elkarri lotuta, baina bilkurarik muntatu gabe egin genituen, han-hemenka ikusten genituen txapetan zinta batzuk sartuz. II. gradua du zati honek eta oinez aise egiten ahal da arroka idorra badago behintzat.
- 5. luzea (4b, 45m): Azken hau da bideari gradua ematen dio luzea. Metro erraz batzuk igota desplome txiki baten azpian dagoen erlaitzera aterako gara. Pausu hau gainditu eta diedro batek utziko gaitu bidearen bukaeran.
Azken luzeari ekiten |
Bidean haurrak bezala gozatuta ailegatu ginen ertzaren bukaerara. Labur samar gelditu zitzaigun bidea egia erran.
13:58 : Gourette (1359m)
Trasteak bildu eta eguzkitan egonaldi luzea egin genuen ekialdeko pareta klasikoari begira. Noizbait eskalatuko dugu bertan?
Beheitirakoa mendiaren ipar magaletik egiten da eta aitzineko aldian bezala irristakor harrapatu genuen bidea. Lohia, horma... ipurdiko bat baino gehiago hartu genuen.
Magala udazken koloreko basotxo honetatik utziko genuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina