EGUNA: 2021/10/12
ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Erratzu - Alkaxuri : 3 ordu
- Alkaxuri - Iparla : 2 ordu eta erdi
- Iparla - Auza : 3 ordu eta erdi
- Auza - Erratzu : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik beretik abiatuko gara. Herri sarrerako pisuen inguruko aparkalekuetan uzten ahal da ibilgailua.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Azken aldian buruen ibilki zitzaidan erronkatxoa zen nire herria inguratzen duten mendi puntarik erranguratsuenak egun berean lotzearena. 2020ko udaberrian Erratzuko kasko guziak lau ateralditan igo ondotik, haietako ezagunenak zapalduz ibilbide zirkularra prestatu nuen eta zenbateko distantzia eta desnibela izanen ote zen argi jakin gabe murgildu nintzen abenturan.
7:10 : Erratzu (285m)
Goiz freskoan hasi nuen ibilaldia, oraindik herria lotan zegoelarik. Ez nekien zenbat denbora beharko nuen eta nahiago nuen astia behinik behin alde izatea.
Ilunpean egin nuen ibilbidearen lehendabiziko zatia. Ilunpean eta behe-lainopean. Kopetako argiaren izpiak lanbro artean galtzen ziren eta ez nuen aunitzik ikusten. Bidea ezaguna nuen ordea eta Azkaraten goiti lehenik pistaz eta gero bidexkaz igo nintzen Aizpitzara igotzen den pista zabala hartu arte. Bertatik ikuspegi ederra nuen, bailara lainopean, mendien itzalak eta Izpegiko lepoko argiak...
Pista metro batzuk egin eta ezkerretara lurberrien artetik doan bidexka bat hartu nuen. Azken zatian bidexka iratze artean pixka bat galtzen da eta hortaz pago artetik eskapatu behar izan nuen. Aizpitzako antenak begibistan nituen jadanik...
Antenen azpian atera nintzen Gorramakilera igotzen den errepide zabalera. Alkurruntz eta inguruko mendiek nekez egiten zioten ihes nahiko altu zegoen behe-lainoari. Errepide honetatik eginen nuen Gorramakil mendirainoko bidea...
Errepidearen monotonia eguzkiaren iratzartzeak hautsi zuen. Buztanzelai eta Astate mendien gibeletik hasi zen agertzen.
Ordu gutiren buruan inguru horretan ibiliko nintzen onbidean.
Eta geroago Auzan, nahiz eta momentu horretan urrun ikusten nuen harat ailegatzea...
Momentu hauek mendian bakarrik bizitzeagatik merezi izan zuen goizean ilunpetan abiatzea. Larrun mendia laino arteko irla baten moduan ageri zen...
Gorramakil eta Otanarteren arteko lepoan errepide aspergarria utzi eta zuzen abiatu nintzen eguneko lehen kaskorantz.
8:28 : Gorramakil (1087m)
Gorramendiko mendigunearen punturik altuenean nengoen, baina xarma gutiko mendia da Gorramakil bertaraino ailegatzen den errepideagatik.
Hau bai dela #Vanlife... Gorramakil utzi eta eguneko lehendabiziko lasterkaldia egin nuen Gorostiko leporaino.
8:42 : Gorostiko lepoa (821m)
Lepotik beretik hasiko nuen bigarren tontorrerainoko igoeratxoa.
Hortik heldu nintzen...
...eta horrat nindoan. Lepoa utzi eta Alkaxuriko ertzera eramanen ninduten bi maldak igotzeari ekin nion.
Bidexka erosotik ailegatuko nintzen bertara.
Azken metroak ertz polit honetatik eginen nituen. Argi hasteak oparitu zizkidan kolore epelek margotuta inoiz ez bezala zegoen ertza.
9:01 : Alkaxuri / Irubelakaskoa (967m)
Goizeko bederatziak ziren eta normala zen bezala inor ez zegoen gailur polit honetan. Mendi ibilaldia hasteko aproposagoa zen ordu horretarako Erratzutik Alkaxurirainokoa egina nuen.
Gailurrean tartetxo batean gozatuta, ertzetik nire pausuak desegiteari ekin nion. Ertzaren zatirik estuena akitzen den bizkarrean biratuko nintzen ezkerretara Urritzateren iluntasunean barneratzeko.
Bizkar honetatik sartuko nintzen erreka zuloan. Hasmentan iratze arteko bidexendari segituz...
Unalarko borda politaren ondotik pasatuta, GPSan duela urte eta erdi egin genuen bideari segitzen hasi eta bidexka galduta sasi artean murgildu nintzen. Orduko hartan apirilean pasatu ginen inguru honetatik eta aise sasi gutiago zegoen. Teknologiaren keriak, laguntzen diguten gisa zozotu ere egiten gaituzte...
Iratze, ote eta lar artean borroka pixka bat egin ondotik kontent hartu nuen bailararen sakoneko oihana. Berriz ere lasterka pixka bat egiteko aprobetxatu nuen zati hau...
9:53 : Urritzateko erreka (335m)
Zubi honetatik gurutzatuko nuen Urritzate hainbat mendetan zehar zizelkatu duen errekatxoa.
Hortik bailara galdu hau osorik zeharkatzen duen bidera atera eta ezkerretara biratu nintzen, errekaren norantzari segituz. Denbora gelditu dela ematen du paraje misteriotsu hauetan, bide hauek zonalde hauetako oparoagoak ziren bertze sasoi batzuen lekuko isilak dira.
Bide zaharretik hiru bat kilometro eginda pista zabal batera atera orduko eskuin biratu nintzen, Iparlako magalen tenteetan goiti abiatzeko. Pistak laster bidexka markatu bati utziko zion lekua eta inolako galtzerik gabe eginen nuen bertatik tontorrerainokoa.
Atsedenik gabe egiten du goiti bideak. Niretako eguneko bigarren igoera luzea zen, baina sentsazio onak nituen eta erritmo bizian igo nitzen. Nire gibelean Itsusiko Harriak eta Artzamendi inguruak nituen.
Mendebaldeko orientaziodun magal honen gaineko aldean berriz ere eguzkitara atera nintzen. Ezin zen aunitzik gelditu gailurrera ailegatzeko...
11:07 : Iparla (1044m)
Iparla inguruan ikusi nuen jendea lehendabiziko aldiz, ordura arte arimarik ere ez bainuen gurutzatu ibilbide osoan zehar. Zerbait jateko eta inguruaz gozatzeko tartetxoa hartu nuen eguzkitan gustura.
Han nintzenaren seinale...
Eguraldi zoragarriarekin, Behe Nafarroako lautadak eta Pirinioak argi ikusten dira Iparlatik.
Kontrako aldean Alkaxuri, gezurra iduri zuen bi ordu lehenago han goitian nintzela.
Luze gabe berriz martxan paratu nintzen. Auza han urrunean ikusteak ez ninduen sobera animatzen eta helburu hurbilagoak ezarri nizkion nire buruari. Ondokoa Izpegiko lepoa, ogitarteko eta kafetxoa zain nituen.
11:39 : Arietako lepoa (813m)GR10aren markak segituz egin nuen Arietako leporainokoa, baina Tutulia gainetik pasatu ordez eskuineko aldetik inguratu nuen. Bertze gisa ere banuen non josta! Ttipitako oroitzapen goxoak ekartzen dizkit leku honek...
Lepoan Astate eta Buztanzelai inguruetatik pasatzen den GRa utzi eta eskuin biratu nintzen bidexenda markatuari segituz. Asmoa pilatutako desnibela ttipiagoa izatea zen. Bide hau gainera arras egokia da lasterka egiteko eta paisaia ere aunitz gustatzen zait.
11:56 : Ubedoko lepoa (845m)Laster batean plantatu nintzen Ubedoko larre zabaletan. Bertatik Izpegiko mendatera igotzen den errepidera jaisten den pista hartuko nuen...
...baina sobera jaitsi gabe pista utzi eta pago arteko bidexka batetik segitu nuen Buztainzelaiko lepo aldera. Berez beheitiago zuzenean Aintziagako lepora eramanen ninduen bidexka bat dago, baina pazientzia guti izateagatik lasterregi biratu nintzen ezkerretara. Horren ordainetan bertze iratze eta sasi dosi bat opari!
Berriki erretako larreetatik aiseago egin nuen Buztanzelaiko leporainoko azken bide zatia.
12:18 : Buztanzelaiko lepoa (845m)Hemendik aitzin berriz ere GRa pasatzen den bidexkarekin elkartuko nintzen.
Izpegiko lepoa bistaratu nuen lehen aldiz. Horrek gehiago animatu ninduen. Zalantzan egon nintzen zuzenean mendiaren ekialdeko aurpegitik bertara doan bidexka segitu edo ez, baina azkenean betikoari segitzea erabaki nuen.
12:23 : Aintziagako lepoa (777m)Aintziagako lepoa zeharkatu eta eskuinean ikusten den maldak mendilerroaren mendebaldeko aurpegitik eginen nuen zeharkaldi luzean utziko ninduen.
Auza gero eta hurbilago...
...baina lainoak gero eta goitiago. Utziko al zidaten bazkalondoan Auzara ailegatzen?
12:45 : Izpegiko lepoa (672m)Hala ailegatu nintzen Izpegira eta Irigoieneko Bentan ogitarteko eta kafetxoa hartu nituen indarberritzeko. Indarrez ongi nindoan, baina geldialdiaren ondotik Auzara igotzen hasteak nagia sortu zidan. Hala ere, nire itzulia osorik egiteko aukera ona nuela pentsatu eta Olaten goiti abiatu nintzen determinazioz beteta.
Iratzeleku arteko bidexkatik igo eta pagadi ederra erritmo bizian zeharkatu nuen. Ongi nindoan 2000 metrotik goitiko desnibela pilatua izan arren.
Olateko Ataka zeharkatu eta jaitsieratxoari ekin nion lasterka...
Auza hurbil ikusten nuen, azken malda bat bertzerik ez bertara ailegatzeko. Hori bai, gogorra!
Elortako larreak udazken kolorez jantziak...
13:50 : Elhorrietako lepoa (831m)Elhorrietako lepoan ur tragoxka bat eta azken 500 metroak igotzen hasi nintzen.
Arras motibatuta egin nuen azken igoera, joan den urtarrilean inguru hauetan eskiz egin genituen ateraldi ederrak errepasatuz...
Hala, nire munduan azken malda bistaratu nuen.
Harrigorriko lepoa utzi eta azken 200 metroko maldari ekin nion. Animatuta, indartsu sentitzen nintzen, kontent!
Gailur ingurutik Antxola inguruetara begiradatxoa...
14:20 : Auza (1306m)Eta azkenean Auza! Jaitsiera falta zitzaidan, baina helburua behatz puntekin ukitzen nuen. Poz handia sentitu nuen...
Gailurrean egonalditxoa egin eta gero Erratzura jaisten hasi nintzen...
Jaisteko biderik motzena hartu nuen, ipar mendebaldeko bizkarra Iñarbil aldera. Bide erosoa da, belarra eta larre zabalak nagusi dituena...
Erratzu begibistan, ez zitzaidan aunitzik gelditzen jadanik. Puntu honetatik beheiti Gangoten bordara eramanen ninduen pista hartu nuen.
Iñarbil auzoan beheiti errepidera atera eta herrira ailegatuko nintzen.
15:29 : Erratzu (285m)
Egindako itzuliaz harro akitu nuen eguna, etorkizuneko gisa honetako erronkekin amestuz. Ondokoan kasko guziak egunean?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina