2021/10/08

Aiako Harriak - Behetik Goraino (5a, 215m)

EGUNA: 2021/10/07

ABIAPUNTUA: Arritxulo aterpea (420m)

ZAILTASUNA: 5a
Ibilbidearen krokisa, Xabier Larretxearen orrialdetik aterata


DENBORAK:
  • Hurbiltzea : 5 minutu
  • Bidea: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu erdi

 

NOLA AILEGATU:

Gure kasuan, Baztan aldetik joanda, Lesakatik goiti Oiartzungo bidea hartu behar da (NA-4000) Aritxulegiko leporaino. Tunela zeharkatu eta bertan aurkituko dugu aterpetxea. Oiartzun aldetik ere igo daiteke leku honetara, kontrako norabidean.

 

KRONIKA:

Aiako Harrietan, Aritxulegiko hainbat sektore lotuta beheititik goitiraino igotzeko Xabier Larretxeak Eskalatzen web orrialdean proposatzen duen bidea da honakoa. Sektore bakoitzean hainbat bide daude eta beraz, bide hau hainbat eratara diseinatu daiteke, zailtasun gutxiago edo gehiago sartuz. Guk kasu honetan berak proposatzen duen bide bera egin genuen.

Hurbiltzea:

Misterio guti, edo bat ere ez. Aterpetxea autoa utzi, errepidera atera, hau zeharkatu eta metro eskas batzuetara aurkituko dugu lehen luzea egiteko paretatxoa.

Bidea:

  • 1. luzea (4a, 30m): Arritxulo sektoreko Marly bidea da, eskuinetik hasita bigarrena. Plaka etzana, zailtasun handirik gabea. Bilerarako rapela pasatu eta paretaren goitiko aldean aurkituko dugu bilkura.
Hasmenta

  • 2. luzea (4b, 20m): Oinez sasi arteko bidexendatik metro batzuk egin eta bigarren paretara ailegatuko gara. Aske sektorean gaude eta guk ezkerren dagoen bidea egin genuen, Laritz izenekoa. Bidearen hasieran du gradua ematen dion pausua, gero errazagoa da.
2. luzean

  • 3. luzea (4b, 45m): Agorreko sektoreko "Tercero y Punto" eta "Pizkor" bideak lotu genituen luze honetan. Tercero y Punto bi paretatxo errazek osatutako bidea da eta Pizkor plaka motz bat, helduleku handiz osatua.

3. luzea eskaileraka

  • 4. luzea (4c, 35m): Kasu honetan ere bi bide lotu genituen luze bakarrean. Fuxina sektoreko Mitxi eta Rumbo a Casa. Beno, egia erranda, bigarren hau nahi gabe kasik osorik ezkerretik saihestu genuen, ote arteko bide deserosotik. Mitxi plaka polita da, nahiko bertikala. Bukaeran duen bilgunea hirurak egoteko estu samarra iruditu eta goiti segitu nuen. Akatsa hemen egin nuen, hurrengo luzea berez eskuinetara joaten baita bilkuratik. Goitixeago iltze zahar batean txapatu eta ote, belar, harkaitz eta sasi arteko zati itsusi batetik Rumbo a Casa bidearen bilgunera ailegatu nintzen.
4. luze polita

  • 5. luzea (4a, 30m): Enarri sektoreko Atxurras al Poder bidea da. Lehen metro bertikal batzuk eta gero etzan egiten da. Bilgunea erlaitzean egin genuen, hurrengo luzea hasiko genuenetik metro gutira.
5. luzean Xubanen txanda

  • 6. luzea (5a, 20m): Enarri sektoreko Talbet bidea igo genuen luze honetan. Plaka bertikal eta zimurtua da, erdialdetik goiti ezkerretara gehiago tentetzen dena bideari gradua emanez. Bilkura bidea akabailan egin ordez ezkerrerago egin genuen leku gehiago izateko.
6. luzea hasten

Xuban egurrean...

Aterpetxetik aunitz igo gara, eh?

  • 7. luzea (4b, 20m): Enarri sektoreko "Formando al Niño" bidea egin genuen azken aitzineko luzean. Eskuinetara igotzen den plaka bat da.

  • 8. luzea (5a, 20m): Metro batzuk oinez egin eta gero Basurdeen Atsedenlekua bidea igo genuen. Diedroaren ezkerretik hasi eta eskuineko aldera pasatuta plakan sartu behar da, bertan pausu finen bat edo bertze harrapatzen delarik.
Azken luzea eginen genuen paretarantz

Prest?

Eguzkia sartzearekin  batera azken luzeari ekiten

Akitzen...

Donostia eskalada bidearen goitiko puntutik


Jaitsiera:
Ilunpetan akitu genuen bidea, egunak onenak emanak zituelarik. Trasteak bildu eta kopetako argien laguntzaz jaitsi ginen bilkuratik ezkerretara doan bidexenda tentetik, beheitiago Aiako Harrietako tontorretara doan bide erosoagoa harrapatu eta bertatik segitzeko.


Arritxulora orduko gaua ilun. Arratsaldea ezin hobe aprobetxatu izanaren zapore gozoarekin etxerako bidea hartuko genuen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina