2010/08/22

Pedraforca (2506m)

EGUNA: 2010/08/22

IRTEERA: Gresolet begiratokia (Saldes)

ZAILTASUNA: Errexa (F+). Ez da mendi zaila baina hainbat trepada egin behar dira gailurrera iristeko, Coll de Verdetetik joanez gero (I).

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK: Igoera 2:30 eta jaitsiera (gailurreko denbora barne) 2:10. Denetara 4:40.

NOLA IRITSI: Bartzelonatik iparralderuntz Berga herrira joan eta errepide horretatik segitu, ezkerretara Pedraforcako mazizora biratzen den bidegurutzea ikusi arte. Hemendik Saldes herrira iritsiko gara eta herria pasa eta gero, Gresolet begiratokiraino doan bidea hartuko dugu eskuinetara. Begiratokiaren ondoan aparkalekua dago.

SARRERA:
Pedraforca Kataluniako mendi mitikoa. Bere forma ikusgarriaz gain, mitologia handiko mendia da. Gainera, bertako paretak eskaldarako aproposak izanik, zailtasun eta edertasun handiko bideak aurki ditzakegu.

DESKRIBAPENA:
Bartzelonan genbiltzan egun batzuk aprobetxatuz, horietako batean Pedraforcara hurbiltzea bururatu zitzaigun. Euskal Herritik oso urruti dagooen mendia da eta aprobetxatu beharra zegoen bertako egonaldia igotzen saiatzeko. Izan ere, entzute handiko mendia da Pedraforca (beharbada Pica d'Estatsekin batera kataluniako ezagunena).
Horrek erakarrita, abuztu beroko 22. egunean Bartzelonatik Saldes herri txikiraino hurbildu ginen. Bidean, azken kilometroetan, Pedraforcaren lehen ikuspegia izan genuenean zeharo harrituta gelditu nintzen bere edertasunarekin. Aparta da benetan. Dudarik gabe, Pirinioetako mendirik ikusgarrienetarikoa.
Gresolet begiratokiko aparkalekura hurbildu, prestatu eta basoan sartu ginen errepide ondoko bidexka batetik Pedraforcarako norabidean. Zortziak eta laurden ziren.

0h 00min (0 km): Gresolet begiratokia (1560m)
Oihanean zehar abiatu ginen, malda leunean eta segidan zabalgune batera ailegatu ginen.

0h 15min (0,8km): Lluis Estasen aterpea (1668m)
Zabalgunean aterpea dago. Bertara sartu ginen eguraldiari buruz galdetzeko, horrelako beroarekin ekaitzen beldurra baikenuen. Hala ere, ez zekitela erran ziguten, baina seguraski arratsaldean ekaitza eginen zuela. Beraz, bizi-bizi gora abiatu ginen.


Aterpearen atzean seinale batzuk, gailurrera joateko bi bide posibleak adierazten dizkigute. Eskuinetara, Coll de Verdet lepotik eta ezkerretara, Enforcaduratik (hau Pedraforcako bi gailurren artean irekitzen den lepo zabala da). Guk ibilbide zirkularra egin genuen, Coll de Verdetetik igo eta Enforcaduratik jaitsi. Irudian, Pedraforcaren pareta iusgarriak bidexkatik.


Poliki-poliki altuera irabazten joan ginen bidexka markatuan zehar. Atzera begirada.


Pareta ikusgarriak azpitik inguratzen ditu bidexkak.



Eta bista zoragarriak uzten dizkigu.


Pareta inguratu ondoren, bidexka ezkerretara biratzen da pixka bat eta Verdeteko kanal tentera eramaten gaitu.


Hemen maldak nabariak dira eta azkar irabazten dira metroak.


Verdeteko kanala.


1h 28min (3,5km): Coll de Verdet
Verdeteko kanaletik izen bereko lepora ailegatu ginen. Bertze aldean Gossol herria.


Pixka bat deskantsatu ondoren, ezkerretara biratu ginen lehenengo trepadaren bila.


Zati honetan marka horiak jarraituz, lehenengo tximiniara ailegatu ginen. Tximinia erreza (I) da, helduleku asko ditu eta ez da sobera aereoa.


Hala ere, bukaeran pixkat tentetzen da, aurreratzea zailduz.


Jendea tximiniako azken metroak igotzen.


2h 04min: Cim Nord (2428m)
Tximiniatik aterata, lehenengo gailurrarekin egin genuen topo. Berez Pedraforca mazizoaren izena da eta hainbat gailur ditu: Cim Nord, Pollego Superior, Pollego Inferior eta Cim Calderer dira ezagunenak.


Lehenengo gailur honetatik, gailur altuenak (Pollego Superior) hurbil dirudi baina...


Bi gailur hauen tartean, izenik gabeko bertze bat dago eta bakoitzaren tartean bretxa bat (beraz denera bi bretxa), horrek suposatzen dituen destrepe eta trepadekin. Irudian lehenengo bretxatik tarteko sasigailurrerako trepada (I).


Tarteko sasigailurretik atzera begiratuta Cim Nord ikusten dugu.


Eta aurrean hurbilago Pollego Superior.


Tarteko sasigailurrak arista pixkat dauka. Aristaren amaieran, bigarren bretxara jaitsi behar da eta berriro igo ikusten den gailurrera.


Azken trepadatik ateratzen (I). Atzean tarteko sasigailurra eta Cim Nord.


2h 30min (4,5km): Pollego Superior edo Pedraforca (2498m)
Zati dibertigarrian gora eta behera ibili ondotik, Pedraforcako gailur mitikoa zapaldu genuen! Poza ikaragarria! Goian nahiko jende zebilen (denak kataluniarrak) eta tenperatura oso atsegina zen. 25 minutu inguru egon ginen bertan.


Paretak gainetik ikusita...


Gailurrean zerbait jan eta edan ondoren, beheraka abiatu ginen. Ibilbide zirkularra egin nahi genuenez, Enforcadurara jaitsi ginen.


2h 46min (4,9km): Enforcadura (2356m)
Enforcadura Pedraforcako bi gailur nagusien artean dagoen zabalgune edo lepoa da, lehen aipatu bezala. Izugarria da bere handitasuna eta benetan txiki sentiarazten zaitu.


Enforkaduratik behera aldapa harritsuan behera jaitsi ginen. Aldapa tentea da eta oso zuzena. Hala ere, harriak xeheak izanda elurretan bezela nahiko azkar jaitsi ginen.


Maldaren behekaldean berriz basora iritsi ginen eta bidea ezkerretara biratzen zen Lluis Estasen aterpe aldera.


Basoko bidea jadanik ez da hain malda eta gustura ibiltzen da bertatik.


4h 30min (7,2km): Lluis Estasen aterpea (1668m)
Aterpera ailegatu eta garagardo fresko bat hartu genuen sari gisa, belardian gustura deskantsatuz.


Aterpetik Coll de Verdetera igotzen den bidearen irudia. Goizean hortik pasatu ginen.


Garagardoa edan ostean, aterpea atzean utzi eta aparkalekura bueltatu ginen, baldar xamar hori bai.


4h 40min (8km): Gresolet bigiratokia (1560m)
Eskailera hauetatik errepidera jaistsi ginen.


Autoa hartu eta Bergara joan ginen bertan bazkaltzeko asmoz. Errepidetik Pedraforcaren ikusmira aparta da!


Mendi bikaina benetan!