EGUNA: 2015/12/12
IRTEERA: Piau Engaly (1850m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
- Igoera: Bi ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA IRITSI:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Bidean goazela, eskuinetara Piau Engaly eski estaziora igotzen den bidea hartu beharko dugu. Estazioaren goiko partean dauden aparkalekuetako batean utziko dugu autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (6 km) eta Piau Engalyko bidea hartuko dugu.
Le Plan auzoa eta Piau Engalyko eski estaziora igotzen den bidea |
DESKRIBAPENA:
Eski denboraldia Bareges inguruan estrenatu ondotik eta eski zaharrak hautsi ondotik, Aureko bailarara inguratu gara. Pirinio guztian bezala, hemen ere elur soberakinik ez, baina eskiatzeko nahikoa.
9:22 : Piau Engaly (1850m).
Presa handiegirik gabe abiatu ginen Piau Engalyko aparkalekutik, eguzkiak lan pixka bat eginen zuelakoan. Oker geunden baina. Laino geruza fin batek estali zuen zerua egun osoan zehar eta elurra gogor mantendu zen.
Eski pista batetik metro batzuk galdu, errekatxo erdi-izoztua gurutzatu eta poliki.poliki metroak irabazten hasi ginen.
Denbora guztian bistan izanen genuen gure eguneko helburua, Soum des Salettes handiaren eskuinaldean dagoen Lenquo de Capo mendia. Soum des Saletteseko igoera duela pare bat urte egina nuen eta kasu honetan eskuinerago igoko ginen bide berri bat probatuz.
9:56 : Cabane de Moune (1850m).
Hasierako zatian etxolako bat utziko genuen gure eskuinetara. Prekario xamarra egia erran, atea hautsita eta barruan tximinia bat bertzerik ez.
Igoera guztian zehar elur gogorra, beraz kutxilarik ezean kranpoiak jarri behar.
Pic de la Gela mendiaren itzaletan malda goiti...
Gailurra gero eta hurbilago...
13:57 : Col IGN 2678 (2678m).
Igoera normala baino denbora gehiago pasata, izenik gabeko lepotxora ailegatu ginen. Bertze aldean Gedre aldera jaisten den bailara eta urrunean Vignemale handia.
Lepoan eskiak utzi eta azken metroak oinez eginen genituen, gibelean Campbieil eta Maou mendiak utziz.
Azken metroak gailurrera ailegatzeko...
Gurea da...
14:12 : Lenquo de Capo (2716m).
Behin gailurrean Soum des Saletteseko ipar magala pare-parean genuen.
Gure iparraldean berriz, Campbieil eta Maou. Ttiki sentitzen ginen horien ondoan...
Gailurreko argazkia atera eta segidan beheiti abiatu ginen, jadanik berandu xamar baitzen.
Jaisteko prest lepoan...
15:48 : Piau Engaly (1850m).
Jaitsiera elur gogorra harrapatu genuen gehienean, goi-laino fin batzuk ez baitzioten eguzkiari berotzen utzi. Ipar aurpegiek hauts piska bat gordetzen dute oraindik baina bertzea gero eta gogorrago dago. Ea elurra egiten duen...
BIDEOA: