Orriak

Neouvielle (3091m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Neouvielle (3091m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/05/29

Neouvielle (3091m)

EGUNA: 2026/05/23

ABIAPUNTUA: Vallee de la Glere (1650m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu eta Bareges herria pasata, Tournaboupeko aprkalekura iritsi baino pixka bat lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Plateau de Lienz aldera. Lienzera ailegatzean, ostatu baten ondotik abiatzen den pista hartuko dugu. Pista honetatik Glereko bailaran barneratuko gara, 1676 metro inguruan autoa utzi arte. Berez bailararen sarreratik aitzin debekatua dago autoak sartzea eta pista ere egoera nahiko kaskarrean dago. Gu halere barneraino sartu ginen.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Neouvielle mendia eski denboraldi akabailako klasiko bat da. Auberteko urtegirako errepidea garbitzen dutelarik, esku-eskura gelditzen da gailur hau. Ez da hain klasikoa, ordea, bertara Glere bailaratik igaten den bidea. Klasikoa ez, baina zinez ederra bai. Maiatzean iganda Glereko bailaratik goiti tarte eder batean eskiak bizkarrean eraman beharra fite atzentzen da Glereko lakutik goiti harrapatuko dugun paisaia ederrean barneratzean.

5:05 : Vallee de la Glere (1650m)
Arras goiz jaiki ginen, gure asmoa iragarrita zegoen egun beroan elur ez hain txarretan eskiatzea baitzen. Bailaratik goiti pistak Glereko aterperaino segitzen du eta hau mozten duten bidexkak ere badaude. Bata eta bertzea tartekatuz iganen genuen lehen zatia, eskiak eta botak bizkarrean genituela.6:


Bidearen goitiko partean antzinako meategien arrastoak harrapatzen dira. Puntu honetatik Neouvielle mendiaren kaskoa ere ikusten hasi ginen.


Gure gibelean Baregeseko sektoreko hego aurpegiak ageri ziren. Oraindik elur pixka bat kontserbatzen zuten goitiko aldean.


6:02 : Lac de la Glere (2101m)
Ordubeteko igoeraren ondotik, Glereko lakura ailegatu ginen. Ezkerretik inguratu eta Mounicot laku aldera segituko genuen elurrak parte horretan gehiago irauten baitu.


Glereko aterpea gibelean utziko genuen bertara ailegatu gabe. Handik pasatuz igateko aukera ere badago, baina bizkarrez bizkar igaten da bidea Mail laku aldera eta eskiak aise beranduago paratzen dira.


Laku harkaitz blokezko zati deserosotik inguratu eta ekialderantz eginez bertze maldatto bat igan beharko genuen eskiak paratu aitzin.


2200 metrora paratu genituen eskiak zangoetan eta bertatik kaskoraino Chausenqueko arrakala zeharkatzeko bakarrik kendu beharko genituen.


Igoera bidea hainbat lakuk osatzen duten bailara gisakotik eginen genuen, Moureleko gandorraren azpitik goizeko eguzkiaren itzaletan.


Mounicot eta Mourele lakuak gure ezkerretara utzita, Mail lakura atera ginen. Hau eskuinetara geldituko zitzaigun eta puntu honetan elkartzen da Glereko aterpetik bizkarrez bizkar igaten den bidearekin.


Mantso-mantso eguzki argitan ikusten den Neouviellek Espadeko ertzarekin osatzen duen zirku gisakoan sartzen hasi ginen. 


Zirku honetan aterabiderik ez dagoela ematen du, baina orduan arteko maldarik tenteena iganda Chausenqueko arrakala irekiko zitzaigun ezkerretara. Hala ere, nahiko goiti igan arte ez da ikuten arrakala hau.


Ezkerretara Espadeko orratzak utzi genituen. Hauek eskalatzeko hainbat bide daude granitozko pareta eder horietan.


Erran bezala, zirkuan malda tente samar bat gaindituko genuen Chausenqueko arrakalara ailegatzeko. Gure kasuan gau epela izanda elurra guri zegoen eta kutxilarik paratu gabe pasatu genuen zati hau. Hala ere, normalean elur gogorra izaten duen ingurua da.


Malda tentea iganda, atsedengune batera atera ginen eta bertan ezkerretara eginda Chausenqueko arrakalara zuzendu ginen.


Azken metroak tentetu egiten dira Chausenquera ateratzeko. 


8:07 : Breche de Chausenque (2790m)
Elurrik gabeko azken 50 metroak gaindituta, arrakala eder honetara atera ginen. Eguzkiak eman zigun ongi etorria Auberteko isurialdera pasatu ginelarik. Hiru ordu pasatuak genituen bertaraino ailegatzeko eta atseden ahtzeko tartetxo bat hartu genuen.


Ondotik, fokak kendu gabe  bertze aldera metro batzuk galdu eta Aubertetik igaten den bide klasikoarekin elkartuta azken zati ezagunari ekinen genion.


Aubert, Aumar, Oredon eta Cap de Long lakuetara igaten den errepidea lanak zirela-eta hetsia zegoen, eta inor ez zen alde hartatik igaten ari. Gure aldetik ere ez, beraz bakar-bakarrik ginen inguru eder hartan.


Aitzineko egunetan egindako arrastotik antzinako glaziarra kokatua zegoen malda tentea igan eta kaskora hurbildu ginen.


Iparraldeko ertzetik hurbil egin genuen azken zatia...


Harkaitz baten azpian eskiak utzi eta azken metro tenteak oinez eginen genituen.


Malda elurtu motza gaindituta, iparraldeko ertzera atera eta granitozko bloke erraldoien artetik gailurrera ailegatuko ginen.


9:15 : Pic de Neouvielle (3091m)
Gailurrean bakar-bakarrik eta tenperatura bikaina lagun egonaldi luzea egin genuen.


Inguru horretatik igan ginen. Argazkian Glereko aterpea ikusten da ttipi-ttipi.


Cap de Long ingurua eta Ramougn mendia...


Gailurreko egonaldiaren ondotik eskietara itzuli eta goitiko malda eskiatzen hasi ginen. Elurraren kalitatea nahiko eskasa zen zati honetan, tenperatura arras beroa baitzen. 300 bat metro jaitsiak genituelarik, argazki kamera goitian utzia nuela ohartu eta berriz kaskorako joan-etorria egin behar izan nuen.


11:03 : Breche de Chausenque (2790m)
Bigarren jaitsiera egin eta Chausenqueren azpiko malda igan genuen Glere aldera itzultzeko.


Arrakalatik beheiti elur baldintzak hobeak ziren eta tarte batzuetan gustura eskiatu genuen.


Paraje ederrean beheiti...


Chausenqueren azpiko maldak dira eskiatzeko aproposenak. Beheitiago maldak lakuen inguruko zati lauagoekin tartekatzen dira eta nahiko zuzen eskiatzen da zati hau.


2200 metroraino eskiatu ahal izan genuen.


12:15 : Lac de la Glere (2101m)
Hortik beheiti eskiak berriz bizkarrera eta igoerako bide beretik autora itzuliko ginen.


13:17 : Vallee de la Glere (1650m)
Niretako Neouviellera egindako seigarren igoera izan zen larunbatekoa, baina lehendabizikoa alde honetatik. Eskiak bizkarrean eraman behar izan arren eta luzeagoa izan arren, bide politagoa da beti ederra den gailur honetara ailegatzeko.

 

2022/05/24

Neouvielle (3091m)

EGUNA: 2022/05/21

ABIAPUNTUA: Lac d'Aubert (2150m)

ZAILTASUNA:

  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Saint Lary Soulan herritik hegoalderantz errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin ondotik, Aragnouet herriko Fabian auzoan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oredon lakura heltzean, eskuinetara biratuko gara Aubert lakuko aparkalekura igateko. Bide zati hau udan pagatu behar izaten da Oredon lakuaren ondoan dagoen

Neouvielle eta Ramougn Aumarreko lakutik


ARRASTOA:

Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Kitto, eskiarenak aurtengoz eman ditu bereak. Neouvielleko lakuetara igaten den bidea "erdi" irekita dagoela probestu dugu, Neouvielleko igoera klasikoarekin denboraldia akitzeko. Elurrez ikaragarria izan ez den arren, arras ongi baliatu dugula erraten ahal da eta inoizko ateraldirik gehien egin ditut, 31 egunez mendian eskiatuz. 

Gaua pasatzeko leku zoragarria


6:04 : Lac d'Aubert (2150m)
Ilargiaren argitan abiatu ginen lakua inguratzen duen bidetik. Tenperatura goxoa genuen, beroegia ordu horretarako...


Urtegiaren pareta gainetik pasatzen da bidea. Parean bigarren jaitsiera eginen genuen ingurua genuen, Ramougn mendiaren ekialdeko malda ederra.


Ez genituen eskiak bizkarrean luze eramanen. 15 minutuan haien gainean ginen, izozterik jasan ez zuen elur guriaren gainetik.


Breche de Barriseko lepotxoraino doan bidea hego eta ekialdeko orientaziodun maldetatik pasatzen da eta bertako elurra lasterrago desagertzen da. Egun horretan bilatuta elur jarraia harrapatu genuen, baina guti iraunen du tenperatura hauekin...


Harkaitzen arteko elur mingainetatik egin genuen goiti...


...eta laster batean Breche de Barriseko itsasargi lana egiten duen arbola bistaratu genuen. Erreferentzia ona da.


7:01 : Breche de Barris (2439m)
Ordubete eskasean Ramougn eta Neouvielle mendien iparraldeko maldetara pasatzeko pasabide natural honetan ginen.


Metro batzuetan eskiak eskutan eraman genituen, puntu honetan ohikoa izaten den bezala. Jadanik ez genituen berriz kenduko gailur ondoraino. Lepotxoa gibelean utzita parean genuen Breche de Chausenque arrakala hartuko genuen erreferntzia gisa.


Zeharkaldi luzea egiten da bertaraino ailegatzeko.


Behin Chausenque arrakalaren azpiko aldera ailegatuta Neouvielle mendiaren iparraldeko magala irekitzen da gure aitzinean. Ezkerretara biratu eta malda tenteagoetan barneratuko ginen.


Goiz ateratzeari esker eta berez lakuraino autoz igatea debekatua zegoelako, bakar-bakarrik egin genuen gailurrerainokoa. Arraroa mendi ezagun honetan larunbat goizean horrela ibiltzea.


Gailurra begien bistan... Argazkiaren eskuineko aldera joan eta gero ezkerretara zeharkaldi bat eginda kokatuko ginen tontorpean.


Malda tenteagoa da azken zatian, baina erraza. Gainera elurra guri harrapatu genuen eta aise igan ginen goiti. Gailurraren azpiko lepotxo hori baino goitixeago utziko genituen eskiak...


Azken metroak eskien gainean...


Eskiak gailurretik 50 bat metrora utziko genituen eta iparraldeko ertzetik segituko genuen. Hasmenatan ongi markatutako arrastotik...


...eta azken zatian harkaitz-bloke erraldoien artetik eskaldatxo errazak eginez. Niretako laugarren aldia bazen ere, pixka bat erratu ginen zati honetan eta tximinia deseroso (III) batetik atera ginen gailurrera.


9:03 : Neouvielle (3091m)
Bide osoan bezala, kaskoan ere bakar-bakarrik ginen, inguru ederraz gozatzen.


Ez sobera urrun aste bat fiteago igandako Trois Conseillers mendia genuen. Irudian ikusten den ertza elurtuta harrapatu genuen guk. Ikaragarria da aste batean zenbat elur kendu duen...
 
 
Hala, eguneko lehen jaitsierari ekin genion. Antzinako glaziarra kokatua zegoela iparraldeko maldatik beheiti egin eta ahal izan genuelarik eskuinetara biratu ginen Crete de Barris d'Aubert ertza zeharkatzeko puntuaren bila.
 
 
9:57 : Crete de Barris d'Aubert (2657m)
Argazian ageri den kanaletik zeharkatuko genuen Barriseko gandor luzea. Ondotik, berriz ere foka-larruak paratu eta goiti abiatuko ginen.


Bigarren igoera Ramougn mendiaren ekialdeko malda ederretatik egin genuen. Joan den urteko abuztuan ibili ginen inguru honetan, mendi horretara igateko bidean.


10:40 : Crete des Laquettes (2850m)
Ramougn eskuinean utzi eta Laquetteseko ertzeko bizkar honetaraino igan ginen. 


Cap de Long inguruko mendietara ikuspegi bikaina genuen bertatik, Campbieil eta Pic Long buru zirela.
 
 
Ramougnen ekialdeko maldatik jaitsi ginen beheitiraino eta erraten ahal dut kristoren altxorra harrapatu genuela. Neouvielleren bide arruntak baino aise jaitsiera hobea du. Kasik 700 metroko malda zabalak uste baino elur hobearekin...

 
Azpiko zatian elur mingainetatik luzatu genuen jaitsiera.


11:22 : Lac d'Aubert (2150m)
Urtegitik metro gutitara kendu genituen eskiak, nostalgia pixka batekin. Orain urte (gutienez) erdi esperoan egon behar hain gustuko dugun elurraren gainean irristatu ahal izateko.

 

BIDEOA: