EGUNA: 2022/01/22
ABIAPUNTUA: Caillou de Socques (1392m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2, azken maldan S3
- Alpinismo zailtasuna: PD. Lepotik goiti ertz motz, baina tentea gainditu behar da, esposizio pixka bat duena
DENBORAK:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Fabregeseko urtegia gibelean utzi eta pare bat kilometrora ailegatuko gara aparkaleku honetara.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Batzuetan pentsatutako lehen plana ez da ateratzen, eta bigarren eta hirugarrenak ere kale egiten dute. Horrelako eguna izan zen joan den larunbatekoa eta helburu jakinik gabe plantatu ginen Ossau bailaran, ezker-eskuin elur baldintza egokiak non zeuden begiratuz. Portalet inguruko jende oldeetatik urrun, Caillou de Socquesetik Midi d'Ossau oinera barneratzen den bailara honek dituen malda politak deskubritu genituen honela.
11:04 : Caillou de Socques (1392m)
Mantso hasi ginen ibiltzen, arras mantso. Duela denbora bat ordu horretan ez nintzateke abiatu ere eginen, baina helburu jakinik gabe eguna probestu eta goiti abiatzea erabaki genuen. Autoa bide bazterreko aparkalekuan utzi, zubiraino jaitsi eta malda goiti abiatu ginen.
Lepotik goiti eskuin biratu eta bakarrik egin nuen azken zatia. Irudian ikusten den ertz polita igan behar da gailurrera ailegatzeko. Ez da zailegia, baina hasmenta tentea du eta malda galtzen duen zatian ertza estutu egiten da.
13:50 : Pic de Pombie (2207m)
Hamar minutu inguruan gailurrean nintzen, bakar-bakarrik, Saoubiste mendia parean nuela.
Gailurreko argazkia...
Ekialdean Lurien, Socques, Palas, Balaitus, Arriel... Zein baino zein dotoreago...
Eta mendebaldean Midi...
Berriz lepora itzuli eta jaitsierari ekin genion. Elur ona izan genuen. Tarteka hauts pixka bat, tarteka udaberriko elur goxoa...
15:22 : Caillou de Socques (1392m)
Lau orduren buruan berriz ere abiapuntuan ginen, inprobisazio ongi atera izanaren pozarekin.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina