2022/01/19

Souperet (2033m), Acue (2258m)

EGUNA: 2022/01/15-16

ABIAPUNTUA: Espelunguereko errepidea (1165m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Central Electrique d'Estaens - Cabane Grosse : Ordu eta erdi
  • Cabane Grosse - Souperet : 2 ordu
  • Souperet - Cabane Grosse : Ordu eta erdi
  • Cabane Grosse - Acue : 2 ordu
  • Acue - Central Electrique d'Estaens : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Somporteko tuneleko iparraldeko sarrera baino metro batzuk lehenago, eskuinetara Forges d'Abelera doan errepidetxoa hartu behar da. Forges d'Abel gibelean utzi eta asfaltatutako pista batetik igoko gara Estaenseko zentral hidroelektrikoraino. Bertan utziko dugu autoa neguan. Udan, pixkat gorago igo daiteke, Espelungereko aparkalekuraino. Negu gorrian, aldiz, gure kasuan bezala, errepide zatiren bat elurtua egoten ahal da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azken aldian ohikoa bilakatu da mendian korrika eta presaka ibiltzea. Ahalik eta kilometro gehien eta desnibel gehien egin, ahalik eta denbora gutienean. Bizitzan bezala, aisialdian ere gelditzeko eta ingurura begiratzeko astirik ez dugula ematen du. Ateraldi honen helburua justu kontrakoa izan da: Ahalik eta denbora gehien pasatzea mendian, hausnartzea, begiratzea, sentitzea... Horri guziari Pirinioetan egun konplikatuak diren hauetan udaberriko elur goxoa gehitzen badiogu, asteburu pasa borobila gelditzen da.

2022/01/15
10:09 : Espelunguereko errepidea (1165m)
Urdos herrian kafe bana lasai ederrean hartu eta presarik gabe hasi ginen Forges d'Abeletik goiti igaten den errepidean goiti. Elurrak uste baino beheitiago moztu zigun bidea eta autoa baztertuta goiti abiatu ginen gauza guziak bizkarrean genituela.


Elurra autoaren ondoan berean hasten zen eta badaezpada hasmentan eskiak bizkarrean paraty bagenituen ere, segidan eraman genituen zangoetara. Elur buletinek ziotena baino aise beheitiago zegoen elurra sektore honetan.


10:27 : Central Electrique d'Estaens (1268m)
Inguru honetan ibili ginen aitzineko aldian puntu honetan utzi genuen autoan. Aldi honetan 20 minutuko bidea egina genuen ordurako. Hemendik goiti errepide elurtuak pistari utziko zion lekua, etxolaraino utziko ez genuen pista.


Metro eskas batzuetan izan ezik, pista zati guzia elurtuta harrapatu genuen eta horrek arras eroso igatea ahalbidetu zigun.


Goiti egin ahala Espelunguereko basotik ateratzen hasi ginen eta biharamuneko helburua zen Acue mendia agertu zitzaigun parez pare.


Hegoaldera ere ikuspegia irekitzen ari zen. Liouviella, Cupula de Secus eta enparauak Espelunguereko zelaiaren gainean tente altxatzen dira. Zelai horretatik jaitsiko ginen biharamunean.


Basoa akitzean pista bizkar batera ateratzen da.


Puntu honetatik gaua pasatuko genuen Grosse etxola bistan genuen, baita biharamunean gurutzatuko genuen Couecq edo Contendeko lepoa ere Arri eta Acue mendien artean.


11:46 : Cabane Grosse (1623m)
Etxolara ailegatu ginen honela. Gibeleko partea du irekia eta bertan pasatuko genuen gaua.


Atea...


Barnetik egoera bikainean dagoen etxola da Grosse. Sua egiteko estufa, alde banatan lo egiteko lekua eta erdian mahai eta aulkiak. Teilatua ere egoera onean du eta horrek beroa mantentzea errazten du.


Gauza gehienak etxolan utzi eta goiti segitu genuen, hegoaldeko malda eguzkitsuak iganez Arrouyko lepo aldera. Lehen egun honetan Souperet mendira joateko intentzioa genuen.


Acue eta Arri ginelean utziko genuen lehen egun honetan...


Malda zabal eta eztietatik egiten da Arrouyko lepo alderako igoera. Egun hotza izan arren, ordu horretarako transformatzen ari zen elurra.


Poliki-poliki goiti...


Lepora ailegatzeko azken metroetan maldak inklinazioa galtzen du eta eguzkiak parz jotzen ez duenez elurra hormatua zegoen.


12:59 : Col d'Arrouy (1961m)
Lepora ailegatuta Arlet aldeko lautada zabalak bistaratu genituen bertze aldean. Souperetera joateko alde horretara 70 bat metro jaitsi beharko genituen Lapachouaouko lepora ailegatzeko.


Ipar isurialdean elurra hormatua zegoen eta eskiak bizkarrera eraman genituen. Baldintzak arriskutsuak izanagatik ere, eremua ez da malda eta nahiko segurua da baldintza hauetarako. Erorketa bat izanda ere, ez ginateke urrun irristatuko.


13:31 : Col de Lapachouaou (1891m)
Hala egunean iganen genuen mendiaren azpiko aldean kokatu ginen. Irudian ikusten den malda eguzkitsutik eginen genuen gailurrerainokoa eta hortik jaitsiko ginen gero lepoaren izen bereko etxoletara.


Soupereten hego aurpegian elurra transformatzen hasia zen, baina eskiak bizkarrean eroso gindoazen eta goitiago aurkituko genuenaz mesfidati, modu berean segitu genuen.


Zailtasunik gabeko malda da ikusten den bezala.


13:59 : Souperet (2033m)
Tontorrerako azken zatian elurra gogorrago aurkitu genuen eta horregatik eskiak metro batzuk beheitiago utzi genituen. Ez genuen arriskurik hartu nahi zati hormatuak jaistean. Gailurrean haize pixka bat, baina egote ederra Lescungo mendiei begira egoteko.


Sescqueseko hego aurpegi bikaina parean genuen, aspaldiko helburu bat. Ea noiz joaten garen inguru hartara...


Hurbilago Arlet eta Aillary ezagun zaharrak... 2014ko udan izan nintzen horietan.


Gailurreko argazkia, zerbait jan eta beheiti abiatu ginen eskiak utziak genituen lekura.


Hortik 200 metro inguruko jaitsiera polita egin genuen Lapachouaouko etxoletara. Hego isurialdeko malda elur onarekin harrapatu genituen eta motza gelditu zitzaigun.


14:52 : Cabane de Lapachouaou (1800m)
Jaitsiera motza akituta, berriz ere fokak jarri genituen Arrouyko lepora itzultzeko malda igateko.


Itzuli aitzinetik ordea etxola bisitatzera hurbildu ginen. Harrituts gelditu ginen zein ongi dagoen ikustean. Merezi du bertan gau bat pasatzea! Ondoko baterako...


Etxokak gibelean utzi eta Lapachouaouko lepo aldera igaten hasi ginen.


Ordu horretarako eguzkiak ez zuen jotzen zati honetan eta elurra berriz ere gogortzen hasia zen.


15:11 : Col de Lapachouaou (1891m)
Hala ere, arazo handirik gabe plantatu ginen berriz ere lepoan.


Hortik aitzin segitzeko eskiak berriz bizkarrera eta kranpoiak paratu genituen, hormatutako zatian ez genuen sustorik nahi.


Argazki honetan ikusten da nola zegoen elurra. Gogor eta leun, erabat hormatua. Broma gutirako...


15:43 : Col d'Arrouy (1961m)
Arrouyko lepora bueltan, eguneko bigarren eta azken jaitsierarako prestatu ginen. Berriz ere hego isurialdeko maldetatik eginen genuen eskiz jaitsiera, horiek baitziren egun horietan eskiatzeko moduko bakarrak. Udaberriko elur bikaina harrapatuko genuen zati horretan!


15:57 : Cabane Grosse (1623m)
Eguneko eski saioa akituta, etxoletan izaten diren lanei ekin genien: egurra egin eta ur lortu.


Lanak akituta ilunabar ederraz gozatzeko aukera izan genuen. Argazkian Collarada, Pala de Ip eta Moleta eguneko azken eguzki izpiz argituta.


Su bazterreko afari goxoa eta egonaldi epelaren ondotik, hamarretarako zakuetan sartuak ginen.


2022/01/16
10:16 : Cabane Grosse (1623m)
10 ordu pasatu genituen zakuetan eta ongi deskantsatu genuen. Goizean gosaldu, gauzak guziak bildu eta etxola garbituta martxan paratu ginen.


Bigarreb egun honetako helburua Acue mendia...


Bertara ailegatzeko malda eztietatik Couecq edo Contendeko lepora iganen ginen lehendabizi. Bidean Caillabereko etxoletatik pasatu ginen.


Zati honetan fokeatzeko elur aproposa genuen, gogor samarra baina ongi heltzen ziguna.


Goitiko zatian ordea, berriz ere horma harrapatu genuen eta kranpoiak paratu genituen goiti segitzeko. Eguzkitan zegoen zati hau, baina haize finak eta tenperatura hotzak ez zion elurrari guritzen uzten.


11:53 : Col de Couecq / Contende (2019m)
Lepora ailegatuta ezkerretara biratuko ginen, mendiaren mendebaldeko ertzaren bila. Zati hau iparra izanik hormatua harrapatuko genuen.


Doi-doi sartzen ziren kranpoien puntak, baina maldak arras eztiak dira eta ez dute batere esposiziorik. Horrelako egunetarako arriskurik gabeko lekuak bilatu behar dira, eta hala izan ezean hobe da buelta erdia ematea.


Argazkiko lepotxora zuzendu ginen ttipi-ttapa. Azken metroak pixka bat tentetzen dira, baina ez dute esposiziorik eta erraz egin genituen.


Ertzera atera ginen hala eta bertatik eginen genuen kaskorainokoa. Ertz zabala da Acuekoa, esposizio handirik gabea, eta nahiz eta zati batzuk hormatuak zituen, ez zegoen sobera arriskutsu.


Eskiak gailurretik metro batzuetara utzi genituen, jaitsierarako hautatu genuen maldaren gainean. Hortik segidan ailegatuko ginen tontorrera.


12:58 : Acue / Gabedaille (2258m)
Asteburuko bigarren gailurra iganda helburuak beteta, mendi honek duen hegoaldeko malda zoragarria eskiatzeko prest ginen.


Berriz eskietara bueltam hego malda tenteari ekiteko. Ikusten den bezala lehen metroak bertikalak dira, eguzkitan dauden malda horiek. Hala ere, elurra gurituta zegoen ordu horretarako eta arazorik gabe sartuko ginen beheiti.



Beheiti egin ahala malda pixka bat etzaten da. Zuzen segitu ordez, poliki-poliki eskuinetara biratuz joan ginen Aguas Tuertas inguruko zelaietara ailegatzeko.
 


600 metroko jaitsiera ederrak Aguas Tuertas inguruan utzi gintuen, paraje zoragarri honetan. Metro lau batzuk egin beharko genituen ezkerretara biratuta, Escaleko pasabidearen bila.


14:17 : Col d'Escale d'Aygue Torte (1635m)
Escaleko pasabideak esposizio pixka bat du eta elurrarekin ezin da akatsik egin bertatik pasatzean. Guk goitiagotik inguratu genuen arazorik gabe.


Lepoa zeharkatuta Espelunguereko basoan beheiti jaitsi ginen, jadanik elur gogorrean eskiatuz.


Espelunguereko etxola dagoen zelai honetan hartuko genuen autoa utzia genuen lekuraino eramanen gintuen pista.


15:31 : Espelunguereko errepidea (1165m)
Bi egun eder pasatuta, nekatuta baina kontent akitu genuen ateraldia. Mendiaz ederki gozatu genuen, aspaldiko partez etxola batean gau goxoa pasatu eta elur baldintza zailetan udaberriko elur goxoa aurkitu...


BIDEOA:





3 iruzkin:

  1. Aupa Estebe!!

    Asteburu bikaina izan zenuten!
    Aber berriro elkar topatzen dugun Pirineotatik!
    Ondo segi
    Isa

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Isa!

      Plazer bat zu ezagutzea, hainbertze urtez zure erreportajeak ikusi eta gero... Jaitsiera bikaina benetan Acue mendiarena.

      Ongi Segi!

      Ezabatu
  2. Kaixo Hodeiguztiengainetik blogespot!
    Erratzutik erratzure iteko ordu bat edo biko ibilbiderik? Errexak eta esfortzu handirik gabekoa faborez...
    Eskermile STB!
    Firmatua: hodei guztien tartetik

    ErantzunEzabatu