2021/06/06

Taillon (3144m)

EGUNA: 2021/06/05

ABIAPUNTUA: Col de Tentes (2207m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:

  • Igoera: 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
 Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

KRONIKA:
Eta honekin aurtengoan eskiarenak egin ditu. Nire laugarren aldia Taillonen, bigarrena eskiz, baina ipar aurpegiko, Brechako eta zirkuko ikuspegiek zirrara eragiten didate oraindik. Azpiko partean elurra eskasten hasia bada ere, 2300 metrotik goiti aunitz eta egoera onean harrapatu dugu, gure eskia gosea asetzeko gisan.

6:48 : Col de Tentes (2207m)
Taillon eta Gabietou mendiek osatzen duten ipar ikusgarriak eman zizkigun egun onak Tenteseko lepoan. Pirinioetako paisaiarik ederrenetariko honen aitzinean hasi genuen gure eski ateraldia.



Bujaruelo/Boucharo lepora errepide zaharretik hasi ginen ttipi-ttapa eskiak bizkarrean genituela. Luzea egiten zati hau, gehienbat itzuleran...


7:16 : Port de Boucharo / Bujaruelo (2271m)
Lepora ailegatuta Otal eta tendeñera ikusgarriak agertu zitzaizkigun parez pare. Ea hauetan eskiatzeko aukera dugun noizbait...


Eguneko bigarren lepoa ere gibelean utzi eta Taillonen azpitik egiten den zeharkaldi luzeari ekin genion. Normalean zonalde honetan elurra izaten da garai honetan, baina guk nahiko idor harrapatu genuen.


Elur-lauso batzuk zeharkatzen hasi ginen, baina gogor zegoen oraindik eta oinez segitu genuen.


Ordubete pasatuxez eskiak bizkarrean eraman eta gero, zeharkaldiaren azken zatian zagoetan paratu ahal izan genituen azkenean. Gibeleko belardiek kontrastez betetako paisaiak eskaintzen zizkiguten.


Horrelako momentuengatik gustatzen zaigu hainertze hau. Ezin da hitzez deskribitu, bizi behar da...


Sarradetseko ur-jauzi inguruko malda pikoa gainditu eta Taillongo glaziarra kokatua dagoen txokora ailegatu ginen. Leku harrigarria da, behin baini gehiagotan egonda ere txundituta uzten duena. Glaziarraren gainean Taillonen eskialdeko aurpegia altxatzen da. Berez hortik jaisteko aukera ere buruan genuen, baina azkenean bide normaletik eginen genuen beheitirakoa.


8:46 : Col des Sarradets (2589m)
Bertze maldatxo motz bat gainditu eta Sarradetseko lepo ikusgarrira atera ginen. Oroitzen naiz lehen aldiz hemen egon nintzelarik sentitu nuenaz. Leku berezia da, ikusgarria, zirkuko mendiak, Brecha...


Metroren bat galdu eta zeharkalditxo batek aterpean utziko gintuen. Duela bortz urte Arkaitzekin hemendik pasatu ginelarik jadanik aterpea berritze lanetan ari ziren eta oraindik hetsita segitzen du.


Aterpea gibelean utzi eta malda tenteetatik Brecha aldera segitu genuen.


Zer erran Brechari buruz... Ikusgarria da, bakarra, handia...


9:45 : Breche de Roland (2804m)
Brecha zeharkatzeko eskiak kendu eta hego isurialdera pasatu ginen.


Harresitzarren azpitik doan udako bideari segitu genion, hasmentan eskiak zangoetan genituela, baina geroxeago kranpoiak paratuta. Dedo/Doigt harkaitz ezaguna iparraldetik inguratuko genuen pasabide estu batetik...


Taillongo tontorra hurbil ikusten zen jadanik, baina ederki sufrituko genuen azken metro hauek egiteko. 3000 metroak ongi aski nabaritzen dira, batez ere aspaldi altuera horretan ibili ez bazara.


Metroak irabazi ahal ingurua gero eta ikusgarriagoa da. Momentu batez Pirinioen ordez Alpeetan ginela ematen zuen...


Azken metroak...


Hegoaldetik sartu ziren hodei batzuk puntu mistikoa ematen zioten gailurrari, han ginen bakar-bakarrik, mendia eta gu.


11:00 : Taillon (3144m)
Aparkalekua 1000 metro beheitiago eta Especiereseko lakua kaskotik...


Gozatzen...


Vignemale, hodei guztien artetik...


Ez genuen denbora aunitz pasatu tontorrean. Haize freskoa zebilen eta hegoaldean ikusten genituen hodeien mehatxuaren aitzinean beheitirakoari ekin genion. Igoerako bidetik jaitsi oordez, hegoaldeko maldatik jaitsi ginen. Aise elur gehiago zegoen eta eskiatzeko aproposagoa da.


11:58 : Breche de Roland (2804m)
Berriz Brechara bueltan zerbait jan eta atseden hartzeko tarte bat hartu genuen...


...baina oraindik malda ederrak genituen jaisteko! Elurra goititik beheitiraino arras ona zegoen...


Taillonen ekialdeko aurpegiari begiradatxoa beheiti segitu aitzinetik. Ondokorako?


Taillonen iparraldeko paretaren azpiraino eskiatu ahal izan genuen. Eskiarenak denboraldi honetarako egina zuen. Hortik autora oinez parean neguan igotako Soum Blanc des Especieres grisa genuela.


13:47 : Col de Tentes (2207m)
Hala akitu genuenaurtengo denboraldi arraroa. Martxoan Auñamendin ibili eta gero ez ginela gehiago ibiliko pentsatu nuen, baina azkenean Sabocos eta Taillongo ateraldi bikainek zapore onarekin utzi gaituzte! Laster arte elurra!

 
BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina