2021/05/28

Peña Sabocos (2757m)

EGUNA: 2021/05/25

ABIAPUNTUA: Ibon de los Asnos (2055m)

ZAILTASUNA: S4 (goitiko kanalea eskiatu gabe S3)

DENBORAK:
  • Igoera: Bi  ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik JaKara joan eta hemendik Sabiñanigorako bidea segituko dugu. Sabiñanigotik Biescasera eta Tenako bailaran barneratuko gara. Portaleteko mendatean goiti igotzen den errepideari segituko diogu eskuinetara Hoz de Jaca herrira doan errepidetxoa hartu arte. Herri honetatik goiti Panticosako eski pistetara igotzen den pista hartuko dugu. Luzea da eta zati batzuetan ez da arras egoera onean, baina ibilgailu normalarekin igotzen ahal da. Elurrak mugatuko digu abiapuntua, gure kasuan pistaren hondarreraino ailegatu ahal izan ginen, Asnos lakuraino.

KRONIKA:
Elur eta eskiaren friki xamarrak garenok bi arazo izaten ditugu aunitzetan: lehena, Pirinioetan elur pizar bat gelditzen bada beti bertze eski ateraldi bat gehiago egiteko aukerak bilatzen aritzen garela; eta bigarrena, ateraldi hori gauzatzeko bertze friki bat bilatu behar izaten dugula. Herriko mendiak udako kolorez janzten eta kostaldeko hondartzak jendez betetzen hasten direlarik aurpegi arraroarekin begiratzen digu jendeak eskiatzera goazela erraten diegularik. "Bada elurra oraindik'" izaten da ohiko galdera. Bada bi oztopoak gainditu eta denboraldi akabailako santutegi horietako bat ezagutzeko aukera izan dugu oraingoan: Tendeñerako mendigunea. Bi mendik deitzen dituzte eskiatzaileak bailarak lorez estaltzen direlarik: Tendeñerak eta Sabocosek. Gu bigarren honetan ibili gara eta arras aho zapore onarekin utzi gaitu, mendi ikusgarria iruditu baitzaigu.


9:24 : Ibon de los Asnos (2055m)
Pista zakarra goitiraino igo eta eguzki goxotan igoerarako prestatu ginen. Inguruak marmota eta sarrioez gain, arimarik ere ez...


Autotik pistako metro batzuk eskiak bizkarrean genituela eginen genituen, baina elurra hurbil zegoen.


100 bat metroko altuera irabazi eta eskiak oinetara. Elurretan barneratzen ginen bitartean gibelean udako paisaiak ikusten genituen, laku urdin eta larre berdez apainduak.


Malda bat igo eta Escalar izenez ezagutzen den zuloan sartu ginen. Sabocos inguruko mendi eta gandor harritsuek hesten duten leku hau ikusgarria da eta txiki sentitzen ginen bertan barneratu ahala.


Laku elurturaino metro batzuk galdu eta hodi itxurako pasabide batean goiti abiatu ginen. Eguzkitan goxo zegoen, baina itzaletan tenperaturak beheiti egiten zuen eta elurra gogor zegoen. Kutxilak paratu eta kasu emanez igo ginen.


Berriz ere eguzkitara aterata elur goxo eta errazagoa harrapatu genuen igotzeko.


Metroak irabazi ahala paisaia gero eta ikusgarriagoa da. Lehendabiziko aldia genuen bertan eta aunitz gustatu zitzagun.


Hoditik atera eta Sabocoseko ertzaren mendebaldeko maldan goiti segitu genuen. Eskiekin zati batean, baina laster kenduko genituen irudian ikusten diren kanaletako batetik igotzeko.


Erran bezala, malda tentetzen delarik eskiak motxilara eta kranpoi eta pioletaren laguntzaz igoko genuen kanalea. 40-45 gradu inguruko malda hartuko du tarte batzuetan eta normalean oinez egiten da tarte hau.


Sabocos mendiaren ipar-mendebaldeko sorbaldara atera ginen horrela. Bertan eskiak utzi eta ertzetik segitu genuen gailur aldera.


I. graduko pausu misto erraz bat gainditu behar da, baina ertza aski erraza da.


Azken metroak...


Vignemale handia gailur ingurutik...


12:00 : Peña Sabocos (2757m)

Bi ordu pasatuxean mendi eder honen puntan ginen. Igoera zinez polita iruditu zitzaigun. Polita eta askotarikoa. Lehenik elur malda zabalak lakutik goiti, gero Escalarreko zirkuan barneratzen den hodia, segidan mendebaldeko kanale tentea eta akitzeko ertz panoramikoa. 


Hegoaldean hodei nagi batek ikusoegia murrizten zigun, baina iparraldera urdin eta garbi ageri ziren zeru ertzak. Garmo Negro eta Infierno inguruak parez pare genituen..


Gure oinetan Asnos eta Sabocos lakuak eta Panticosa herria...


Kaskoko egonaldiaren ondotik ertza jaitsi eta eskiak paratuta egin genuen mendebaldeko kanalean beheiti. Goitiko zatia ahal bezala jaitsi genuen, badaezpada pioleta eskuetan hartuko. Hortik beheiti udaberri erako elur goxoarekin bihurgune politak marraztu ahal izan genituen elur marroixkan.


Nahi baino lasterrago akitu zen elur tartea, gehienetan gertatzen den bezala...


13:31 : Ibon de los Asnos (2055m)

Eskiak bizkarrera eta paseotxo motzarekin akitu genuen ateraldi ederra. Azkena eskiekin? Segur aski bai.

 

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina