EGUNA: 2021/05/08
ABIAPUNTUA: Erratzu (280m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK (oinez):
- Erratzu - Soralar : Ordu eta erdi
- Soralar - Basagar : Ordu bat
- Basagar - Auza : Bi ordu eta erdi
- Auza - Erratzu : Ordu bat eta laurden
NOLA AILEGATU:
Ateraldi honen abiapuntua Erratzu herrian berean dago. Herri sarrerako pisuetan ibilgailua uzteko lekua egoten da.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
2020ko urriaren 3an euskal preso politikoen eskubideen alde egitekoa zen mendi kaskoetako argazkia gibelatu behar izan zen eguraldi txarraren ondorioz. Azkenean maiatzaren 8an egin ahal izan dira 650 gailurretako argazkiak. Gure kasuan herriko bi tontorretan genuen hitzordua, Auzan eta Buztanzelain. Ekimena aitzakia gisa hartuta Auzara bide luze baina polit honetatik igotzeko aprobetxatu nuen.
8:30 : Erratzu (280m)
Zortzi eta erdietarako zegoen paratua gailurretara Izpegitik joateko taldeen hitzordua eta ordu berean ekin nion nik ere nire bideari. Herriko karrikak Urdatxipiatik goiti zeharkatu eta hilerri aldera egin nuen lehen maldetan goiti hasteko. Egun zoragarri eta beroa nuen aitzinetik...
Herritik atera eta lasterrera eguneko lehendabiziko igoera akitzen den Soralarko gaina ikusten da. Kasik goitiraino pista zabalari segituko nion.
9:11 : Soralar (827m)
Pista Otxaskoko lepo inguruan utzi eta bi belagiren artetik doan bidexka berezitik egiten da Soralarrerainokoa.
Soralarretik Burga parez pare nuen. Bertara igo ordez eskuinetara inguratuko nuen Basagarrera doan pista batetik. Pistan egoera eskasean dago, eroritako zuhaitz aunitzekin, baina kaskotik pasatzea baino motzagoa da.
9:27 : Basagar (684m)
Herritik abiatu eta ordu eskasean Basagarren nintzen. Hemendik ekialdeko norabidea hartuko nuen marka zuri-berdeei segituz. Marka horiek segitu behar dira Urruska mendiaren oinean kokatu eta Pagozelaiko lepora doan bidexka hartu arte.
Zati honetatik oraindik urrun ikusten da Auza...
Erran bezala, Urruskaren oinean ezkerretara pagadi zoragarri batetik doan bidea hartu behar da...
...eta Argañeta mendiaren magalean GRaren marka zuri-gorriak harrapatzen dira. Hortik aitzin horiei segituko nien Auzako kaskoaren azken maldaraino.
Helburua, gero eta hurbilago, baina urrun...
Argañeta mendia gainetik pasatu gabe inguratzen du GRak. Zati hau azkarra da, lasterka ibiltzeko aproposa...
Ixtauzeko lepo inguruan uzten dira azken pagoak gibelean. Parez pare nuen Antxola mendia, baina oraingoan bertara igo ordez GRari segituz inguratu eginen nuen. Hau da Erratzuko mendietako nire leku kuttunenetariko bat.
Ikusgarria da Sakana deitzen zaion bizkarrean barrena Auzara igotzen den bidea. Ikusgarria eta bertze aldeetatik baino zerbait etzanagoa. Eta hori gutxi balitz, lasaitasuna ziurtatua dago. Bi lagun bertzerik ez nituen gurutzatu...
10:35 : Auza (1306m)
Argazkirako Izpegitik igo zen taldea baino pixka bat lehenago ailegatu nintzen kaskora. Goitian egonaldi luzea belarretan tertulian, argazkia egin eta beheiti... Espero dezagun gisa honetako argazki aunitz gehiagorik ez atera behar izatea...
Jaitsiera hego-mendebaldeko bizkarretik eginen nuen, herrira ailegatzeko bide zuzenenetik. Hortik Iñarbilera eta handik etxera...
12:06 : Erratzu (280m)
Hankak ederki kargatuta nituela ailegatu nintzen etxera, ibilbide ederra egiteak uzten duen sentsazio goxoarekin.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina