EGUNA: 2021/03/31
ABIAPUNTUA: Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)
ZAILTASUNA:
S4. Azken maldak ematen dio eski zailtasuna. malda hori kenduta ibilbide etzana da.
DENBORAK:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu. Bertara ailegatu baino lehen Larra-Belaguako eski pistetako Contienda sektorearen sarreran utziko dugu autoa.
KRONIKA:
1997ko urtarrila. Astelehen goiz bat zen eta bertze egunetan baino lehenago jeiki ginen eskolara joateko. Egun hartan ordea, ilunpetan hartu genuen autobusak ez gintuen klasera eramanen. Elur geruza ederrarekin ailegatu ginen Urzainkira. Han aterpetxean kokatu eta bertze autobus batek Mata de Hayako eski pistetara eramanen gintuen. Hura izan zen eski batzuk oinetan jarri nituen lehendabiziko eguna. Ipar eskiko eskiak ziren, baina eskiak azken finean. Erronkari ibarrean.
2009ko maiatza. Bailara berean ginen Maiatzaren Leheneko zubia aprobetxatuz eta hilaren hirugarren egunean San Martingo Harritik Auñamendi ikusgarria igotzeko baliatu genuen. Eguraldi bikaina lagun eta bide osoan alimaleko elur pilaketa harrapatuz zapaldu genuen gailurra, blog honetako lehena izanen zena.
2021eko martxoa. Aitzineko bi mugarriak garrantzitu bihurtu dira niretako urteak joan ahala. Nire lehen eski eguna eta nire lehendabiziko mendia Pirinioetan. Lehenetik bigarrenera 12 urte eta bigarrenetik orain arte bertze hainbertze. Bi mugarri haien uztarketa baten idurikoa izan da ateraldi hau, igotako lehen mendia eskiz igotzea dena hasi zen bailaran.
8:40 : Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)
Zapaldutako ipar eskiko pistei esker autotik beretik atera ahal izan ginen eskiak paratuta. Udaberri honetako tenperatura altual ikusita ordea, gutxi gelditzen zaio inguruari eskiatu ahal izateko.
Bidearen lehn zatia eski pistetatik egin genuen eta laster batean bistaratu genuen lehen aldiz Auñamendiko piramide dotorea.
Eguraldi ona genuen, tenperatura epela eta haizerik batere ez. Hala ere, Saharatik etorritako hareak zeruak lanbro gisako itxura izatea eragiten zuen. Gauzak horrela eguzkiari gehixeago kostako zitzaion elurra transformatzea.
Hirugarrenez nintzen euskal mendizaleendako hain erranguratsua den tontor honetan.
Billare eta Lescun inguruak ikusgarriak dira gailurretik...
13:10 : Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)
Lau ordu eta erdi eskasean burutu genuen ibilaldia, lanera sartu baino lehen Juan Piton zerbait jan eta hartzeko astia izanik.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina