EGUNA: 2021/07/04-05
ABIAPUNTUA: Espitau de Vielha (1620m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
DENBORAK:
- Igoera (Moliereseko bailaratik): 4 ordu
- Jaitsiera (Riu Neretik): 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Ibilbide honen hasiera puntua Vielhako tunelaren hegoaldean dago. Euskal Herriaren hego isurialdetik abiatuz gero, lehendabizi Jakara joan behar da, gero hortik Sabiñanigora eta Fiscalera. Fiscaletik Ainsara eta bertatik Campo herrirako errepidea segitu behar da. Campotik bi aukera daude abiapuntura ailegatzeko, baina motzena Bonansako portuan barrena doan errepidetxotik joaten dena da. Bonansatik Vielhako norabidea segituta ailegatuko gara tunelera sartu baino lehen eskuinetara topatuko dugun aterpera. Ipar isurialdetik joateko, A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segitu 17. irteeraraino. Lleidarako norbaidea segituko dugu autopista utzi eta gero, Saint Beaten barrena Val d'Aranen sartu eta Vielhatik goiti tunela zeharkatzeko.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Uztaila. Oporrak. Pirinioak. Konbinazio ezin hobea dudarik gabe. Ikasturteko lanaldia akitu eta bigarren egunean Aranen plantatu ginen mendi gosez. Iragarritako haize gogorragatik A plana baztertu eta Aneto-Maladeta mendigunearen ekialdean gelditzen den 3000ko polit eta erraz hau jo genuen begiz. Gailurra egiteaz gain hegoaldetik iparrerako zeharkalditxoa eginen genuen; Molieres eta Riu Nere bailarak ezagutuz, berez mendi-eskiko klasiko bat den ibilbidea eginez.
2021/07/04
16:24 : Espitau de Vielha (1620m)
Bazkalondo sargorian abiatu ginen Vielhako tunelaren hegoaldeko ahoaren ondoan dagoen aparkalekutik. Abiatu orduko parean genuen biharamunean igoko genuen gailurra.
Garai honetan elurraren urtzea dela eta ur aunitz jaisten da bailaran beheiti eta ur-jauzi politak erortzen dira bailara mozten duten harresitxoetatik.
Erritmo politean uste baino lehen ailegatu ginen txapazko aterpetxera.
Ohatzeetan gauzak utzi eta arratsaldea aterpetxe inguruan eman genuen lasai ederrean. Iaz ezagutu nuen Besiberriko aterpetxearen berdina da Mulleresekoa, Kataluniako Mendi Federazioak paratua. 18 bat lagun sartzen ahal dira lo egiten eta literaz, mantaz, burukoz, mahaiz eta aulkiz hornitua dago. Paraje ederra da, Besiberri mendien parean, bailararen goitiko partean eta Mulleres mendiak hesten duen zirku ikusgarrian kokatua.
Afalondoan ilunabar ederraz gozatu eta goiz lotara...
2021/07/05
7:54 : Refugi de Mulleres / Molieres (2360m)
Egunak eder argitu zuen, zeruan lainorik gabe eta tenperatura goxoarekin. Gosaldu eta martxan paratu ginen...
Mullereseko zirku glaziarrean barneratu ginen, bezperan bezala amildegiaren eskuin aldetik altuera irabaziz erritmo onean. Gure helburua parean genuen...
Hainbat laku eskuinetik inguratu eta pareko harresiaren zirrikituetatik goiti egiten du bideak.
Altuera irabazi ahala negu honetan hain ohikoa izan den Saharako hondarrak marroitutako elur lauso batzuk zeharkatu behar izan genituen. Deus guti uztail hasmenta izateko...
Gailurraren eskuineko aldean dagoen lepora atera beharko ginen, gero handik ezker biratu eta ertz errazetik goiti egiteko.
Lepoaren azpiko aldeko elur-lausoa zeharkatu...
...eta eskaladatxo erraz batek (I) lepoan utziko gintuen.
9:16 : Coret de Mulleres / Molieres (2937m)
Arestian erran bezala, azken metroak mendiaren iparraldeko ertz zabaletik egiten dira, harrizko bloke erraldoiak gaindituz.
9:37 : Mulleres / Molieres (3010m)
Aneto-Maladeta mendigunearen ikuspegi ederraz gozatu ahal izan genuen gailurretik. Dena dela, haizea bortitz zebilen eta laster joanen ginen handik.
Jaitsiera Riu Nereko bailaratik eginen genuen eta horretarako igoerako lepoa eskuinetara utzi eta parean ikusten den lepo zabalera jo genuen.
Igoerako bailara gure eskuineko aldean gelditu zen...
Leporako bidean elur-lauso bat zeharkatu behar izan genuen pioletaren laguntzaz...
10:17 : Coth d'Alfred (2869m)
Lepora ailegatuta, haize babesean, bezperan aterpean ezagututako mendizale kataluinarrarekin elkarrizketaxoa izan genuen beheiti segitu aitzinetik. Gibelean utzi genituen Cap deth Horo (ezkerrean), Mulleres (erdian) eta Aneto (eskuinean) mendiak...
Aneto inguruak lepotik, arras elur gutirekin sasoi honetarako. Glaziarrek etorkizun beltza dute...
Eta Mulleres...
Riu Nereko amildegian barneratu ginen horrela. Bailara bakartia da eta bi mendizale bertzerik ez genituen ikusiko beheiti ailegatu arte. Goitiko aldean segitu beharreko bide jakinik gabe egin genuen aitzinera harkaitzezko plaka, elur-lauso eta belarditxo bakanen artetik...
Gibelera begirada bailararen zati handi bat jaitsita. Goitiko lepotik heldu ginen...
Metroak galdu ahala belardi eta loreek hartu zieten lekua harkaitz eta elurrari. Ikusgarri zegoen mendian, uda jantzi ederrenez apainduta...
Behetiko partean bidexka argiagoa harrapatu genuen eta errazago egin ahal izan genuen aitzinera.
12:08 : Lac deth Horo (2067m)
Forcanada mendi dotorearen azpiko laku honetan geldialdia egin genuen jaitsiera luzearekin segitu aitzinetik.
Otordutxo eta bainuaren ondotik bailararen azken zatia jaisteari ekin genion.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina