2021/07/25

Pedraforca (2506m), Calderer (2493m)

EGUNA: 2021/07/09

ABIAPUNTUA: Mirador de Gresolet (1570m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Calderer tontorrera ailegatzeko azken zatian gainditu behar diren bi tximiniek ematen diote zailtasun maila ibilbideari. Bietan kateak daude, baina bereziki azkena estua eta helduleku gutxiduna da. Pedraforcaren gailur nagusiraini bakarrik joanez gero zailtasuna ez da F+ mailatik pasatzen.

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi Pedraforcaraino eta ordu gehiago Calderer mendira
  • Jaitsiera: Ordu eta hiru laurden
NOLA AILEGATU:
Bartzelonatik iparraldera jo behar da Berga herrira eta errepide beretik segitu ezkerretara Pedraforcako mendigunea iragartzen diguten trafiko seinaleak ikusi arte. Errepide horretatik Saldes herrira ailegatuko gara eta bertan Gresoleteko begiratokira igotzen den errepidetxoa hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Uztaileko bigarren mendi ateraldia, kasu honetan Kataluniako mendizaleendako ikur den Pedraforca ederrera. Pirinioetako mendirik altuenek osatzen duten lerrotik hegoalderago dago Pedrafoca, Cadi mendigunearen inguruan, eta bere itxura bereziak mendizale guzien  arreta pizten du. Kasu honetan mendigunearen puntarik altuena eta bertatik hurbil dagoen Calderer punta bisitatu ditugu.




8:13 : Mirador de Gresolet (1570m)
Gaua Saldes inguruan pasatuta, goizeko lehen orduan abiatu ginen jadanik mugitua zegoen aparkalekutik. Goizik ibili ezean, inguru honetan zaila da lasaitasuna eta bakardadea harrapatzea.


8:23 : Refugi Lluis Estasen (1668m)
Bide markatu batetik minutu gutxian ailegatuko ginen pinu basoaren soilgune batean dagoen Estasen aterpera. Puntu honetatik hasiko genuen Pedraforcari itzulia emanen zion ibilbide zirkularra, Verdet lepotik igo eta Enforcaduratik jaitsiz.


Hala bada Verdet leporako bidea erakusten ziguten seinaleei kasu eginez mendiaren iparraldeko pareta erraldoien azpitik zeharkaldia hasi genuen.


Estasen aterpea segidan utzi genuen gibelean altuera gutxu irabazten duen bidetik.


Pinuak, belarditxoak eta harkaitz grisa dira inguru honetako protagonistak. Antzekotasun gutxi du Pirinioetako bertze zonaldeetako mendiekin.


Bidexka politetik goiti, goizik hasteak oparitu zigun bakardadean...


Esloveniako Alpeen iduria hartzen diot inguruari.


Paretak azpitik inguratuta, bidexka tentetu eta Verdeteko leporantz igotzen da.


9:23 : Coll del Verdet (2248m)
Verdeteko lepoan ipar haize finak eman zigun ongi etorria. Arropa jantzi eta ezkerretara biratzen den bideari segitu genion, harkaitzetan murgiltzeko gogoz.


Pixka bat gehiago ibili ondotik iparraldeko sasigailurrera eramanen gintuen tximinia eskalatu genuen. Erraza da (I) eta inolako arazorik gabe igoko genuen.


Azken zatian pixka bat gehiago tentetzen da eta soka bat dago paratua igotzen laguntzeko. 


9:43 : Cim Nord (2428m)
Hala ailegatu ginen mendiguneko iparraldeko tontorrera. Gosol herrixka bistan genuen bertze aldean, mendi honetara igotzeko bertze abiapuntu posible bat.


Gailur nagusira ailegatzeko oraindik tarteko bertze kota pare bat gainditu behar da. 


Jaitsieratxo bat eta berriz eskaladatxo errazak eginez bigarren kotan ginen...


Eta bertze horrenbertze eginez hirugarrenean... Gailur nagusia gero eta hurbilago genuen.


Bertara ailegatzeko azken jaitsieratxo bat eta tximinia tenteago bat gainditu behar izan genituen.


10:03 : Pedraforca / Pollego Superior (2506m)
Autotik atera eta bi ordu baino lehenago zapaldu genuen Pedraforcako punturik altuena. Hantxe ginen, Kataluniako mendi ezagun hartan bakar-bakarrik arraroa bazirudien ere. Aitzinean genituen mendiguneko bertze bi gailur famatu: Calderer, ezkerrean, eta Pollego Inferior, eskuinean. Gu lehenengoraino joanen ginen.


Horretarako gailur nagusitik metro batzuk galdu eta gandor erraza segitu genuen azken zatira arte. Irudi honetan gibelean ikusten den punta da Calderer eta bertara ailegatzeko tarteko bertze kota bat ere gainditu behar da. Bi kotak ikusten diren tximinietatik igotzen dira eta haietan kateak eta sokak daude laguntzeko.


Horrela ekin genion lehen tximiniari. Bertikal samarra da, baina helduleku onak ditu eta gainera kate bat du igoeran laguntzeko.


Kate zatia gaindituta ezkerretara zeharkalditxo bat egin behar da oraindik puntatxoa harrapatzeko.


Lehen puntatik Caldererreko gailurra bistan genuen. Bertara ailegatzeko erran bezala bertze tximinia bat gainditu behar da, irudian ikusten dena.


Aitzinekoa baino zailagoa da bigarrena. Bertikalagoa, estuagoa eta helduleku gutxirekin. Kateak daude laguntzeko, baina hauek gabe IV mailako eskalada pausuren bat izanen du gutxienez.


Zatirik estu eta bertikalenean...


10:43 : Cim Calderer (2493m)
Horrenbertzez mendiguneko bigarren punturik altuena zapaldu genuen. Saldes ingurura ikuspegi bikaina dago gailur honetatik... Egonalditxo bat egin genuen haize babesean zerbait jateko eta jaitsierari ekin genion.


Igotako bi tximiniak jaitsi genituen kateetatik zintzilikatuz. Tximiniarik tenteena den honetan rapel bat egiteko aukera dago, baina ez da beharrezkoa.


Tximiniak gaindituta Enforcadura deitzen den mendiaren erdiko lepo zabalera jo genuen bide jakinik gabeko terrenotik.


11:26 : Enforcadura (2356m)
Behin Enforcaduran, ezkerretara biratu eta Tartera famatuaren ondotik egin berri duten bidexkatik jaitsiko ginen atsedenik gabeko malda gaindituz.


Tarteraren azpiko aldean erne egon behar da gehiegi jaitsi gabe ezker biratu eta basoko bidea hartzeko berriz ere Estasen aterpe aldera.


12:12 : Refugi Lluis Estasen (1668m)
Behin aterpean, lanak kasik eginda, atsedenaldi luzea hartu genuen garagardo baten bueltan azken zatitxoa jaitsi aitzinetik.


13:00 : Mirador de Gresolet (1570m)
Hala akitu genuen mendi polit honetara egiten dudan bigarren bisita. Urrun gelditzen zaigun ingurua da, baina dudarik gabe merezi duena...
 

BIDEOA:

1 iruzkin: