EGUNA: 2021/07/20
ABIAPUNTUA: San Nicolas de Bujaruelo (1320m)
ZAILTASUNA:
Erraza (F). Ibilbideak ez du inolako zailtasun teknikorik, baina arras luzea da eta desnibel handia du.
DENBORAK:
- Bujaruelo - Puerto de Bernatuara : 2 ordu
- Puerto de Bernatura - Barrage d'Ossoue : Ordu bat
- Barrage d' Ossoue - Hourquette d'Ossoue : 2 ordu
- Hourquette d'Ossoue - Refuge des Oulettes de gaube : Ordu bat
- Refuge des Oulettes de Gaube - Col des Mulets : Ordu bat
- Col des Mulets - Bujaruelo - 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Pirinioetako autobidetik Jakara joanen gara eta hemendik Sabiñanigo aldera hartu. Azken herri honetara ailegatu baino lehen ezkerretara Tena bailaran sartzen den bidea hartuko dugu Biescas aldera. Biescasetik Torlara doan errepidetxoa ateratzen da, Cotefabloko mendatean barrena bertaraino ailegatuz. Torlatik iparraldera segituko dugu eta eskuinetara Ordesara igotzen den bidea utzita Bujaruelora ailegatzen den pista hartu behar da.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Gailurzalea naiz, hori ezin da ukatu. Gailurrak baino garrantzi handiagoa bideak duela pentsatu arren, gailurra pastelarik jartzen zaion gerezia bezalakoa dela iruditzen zait. Hala, normalean gailurretara ailegatzeko bide politak bilatzen ditut, baina normalean kaskoari uko egin gabe. Kasu honetan egindako bideak ez du gailur batera ere eramaten, baina tontor ezagun bat inguratzen dun paisaia zoragarriak zeharkatuz. Bidea bera da pastela eta gerezia.
Vignemaleri itzulia egun bakarrean ematea ez da luzaroan buruan nuen proiektu bat. Azken momentuan inprobisatua izan zen, horrelako distantzia eta desnibela egiteko gai izanen ote ginen edo ez ziur jakin gabe. Erronkatxo pertsonal baten gisa hartu genuen...
6:24 : San Nicolas de Bujaruelo (1320m)
Goiz paratua genuen iratzargailua, baina jo baino lehen erne ginen eguna nola joanen ote zen kezkarekin edo. Laster gosaldu eta argi hastearekin batera zubia gurutzatu eta malda goiti abiatu ginen.
Eguneko hiru igoeretatik lehena eta luzeena gainditua genuen eta oraindik zortziak pasatuxe bertzerik ez ziren. Arras animatuak ginen ongi bakintoazen... Segidan argazkian ikusten den Canauko bailara berde eta leunean beheiti eginen genuen...
Goitirakoak erritmo onean eta beheitirakoak trostan egitea pentsatua genuen. Lehendabiziko jaitsiera hau arras aproposa da lasterka egiteko, belardi eta bidexenda leunak eta malda gutikoak baititu.
Bernatuaara mendia eta lepoa gibelean gelditu ziren segidan...
8:39 : Cabane de Lourdes (1955m)
Duela urte batzuk, neguan gaua pasatutako etxola honen inguruan akitzen da Canauko bailara. Hemendik GR10aren bidea segituko genuen Ossoueko urtegi aldera.
Inguru honetan jadanik Vignemaleko tontorrak bistaratzen hasi ginen...
8:56 : Barrage d'Ossoue (1839m)
Goizeko bederatziak ere ez ziren Vignemalera igotzeko bide arruntenaren abiapuntu den urtegitxo honetara ailegatu ginen. Han-hemenka mendizaleak ikusten genituen eguneko lehendabiziko pausuak ematen eta guk ordurako 1000 metroko igoera eta 500 metroko jaitsiera genituen pilatuak.
Laku bazterrean atsedenalditxo bat hartu genuen zerbait jateko berriz goiti hasi aitzin.
Eta hala ekin genion eguneko bigarren igoerari, 900 bat metrokoa kasu honetan.
Ossoueko urtegia ziztu bizian utzi genuen gibelean...
Niretako ezaguna zen igoera hau, Vignemalen pare bat aldiz ibilia bainintzen hemendik goiti. Hala ere inguruko erreka, elur-lauso eta paretak ikusteak beti liluratzen zaitu.
Goiti egin ahala Ossoueko glaziarraren azpiko zatia bistaratu genuen. Puntu honetatik laster Vignemalera igotzen den bidea utziko genuen GR10ari segituz.
10:50 : Refuge de Baysellance (2651m)
Aterpe ezagunaren ondotik pasatu ginen...
Bigarren lepoa hurbil zegoen jadanik...
Aterpea kokatu dagoen bizkarrak ikuspegi bikaina eskaintzen du Gavarnieko mendietara.
11:02 : Hourquette d'Ossoue (2734m)
Lepo honetara ailegatzean Vignemaleren ipar aurpegiaren handitasuna ageria gelditzen da eta benetan ttipi sentiarazten zaitu. Bigarren igoera luzea puntu honetan akitu genuen.
Pique Longuera igotzen den iparraldeko aurpegiko eskalada klasikoa parez pare ikusren da lepotik... Bere oinean Ouletteseko glaziar zigortua...
Sobera gelditu gabe ekin genion bigarren jaitsiera honi. Lasterka egiteko ez da Bernatuarako bezain egokia eta lasaiago hartu genun.
Momentu guzian ipar aurpegiaren angelua aldatuz joaten da jaitsi ahala, baina ikusgarritasuna galdu gabe.
Gailurrean bi aldiz egonda ere, oraindik Pirinioetako aurpegirik ezagunenetarikoa (ezagunena ez bada) den honen azpian inoiz egon gabea nintzen eta aunitz gozatu nuen zati honetan...
Aterpea gero eta hurbilago genuen eta parean Muletseko lepoa eta arratsaldean eginen genuen bertarainoko igoera guzia.
Ardia ere harritua ipar-aurpegiari so...
11:49 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
Aterpe polit honetan eguneko atsedenaldirik luzeena eginen genuen bazkaltzeko. Bidea motxila arinekin egiteko programatu genuen eta beraz tortilla eta pasta plater banarekin indarberritu ginen.
Aterpeko terrazako ikuspegia...
Bazkalondoan galbana sartu baino lehen martxan paratu ginen berriz. Errekatxoak zeharkatu eta aterpe ondoko seinaleek Muletseko lepora segitu beharreko bidea seinaleztatu ziguten.
Eguneko azken igoera zen, aitzinekoak baino motzagoa, eta sentsazio onekin ekin genion.
Ahal genuen fiteen egin genuen igoeraren azken zatia eta segidan hasi ginen jaisten, gainera heldu zitzaiguna ahalik eta beheitien harrapatzeko intentzioarekin.
Baina Arako bailara luzean sartu bezain laster lehen ortoskak aditzen hasi ginen eta ekaitzak bete-betean harrapatu gintuen. Tentsio momentuak bizi izan genituen tximista eta kazkabar artean eta lasterkaldi luzea eta gero harkaitz baten azpian babestu beharrean izan ginen tarte batean.
Lehen ekaitzaren ondotik barealdi ttipi bat etorri zen eta ahalik eta gehien jaisten segitzeko baliatu genuen.
Lasterka bizian zeharkatu genituen Arako larre politak...
Argiune bat berriz ekaitza sartu baino lehen... Erreparatzeko tarte handirik izan ez bagenuen ere, polita iruditu zitzaidan ingurua.
14:36 : Cabaña de Labaza (1800m)
Ekaitzak harrapatu gintuelarik etxola honetaraino ailegatzea paratu genuen helburu, baina justu heltzean ateri zegoenez beheiti segitzea erabaki genuen.
Luzea da Arako bailara, Vignemale handiaren oinetan...
Bujaruelora hurbiltzean bertze zaparrada trumoitsu batek harrapatu gintuen eta busti-bustita ailegatuko ginen bukaerara...
15:50 : San Nicolas de Bujaruelo (1320m)
Aupa! Buena calcetinada!! Lástima las tormentas!!
ErantzunEzabatu