2021/07/26

Baixollada (2546m), Canras (2459m), Roc Blanc (2542m)

EGUNA: 2021/07/10

ABIAPUNTUA: Fanguil (1136m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Fanguil - Refuge d'en Beys : 3 ordu
  • Refuge d'en Beys - Baixollada : 3 ordu
  • Baixollada - Roc Blanc : Ordu eta erdi
  • Roc Blanc - Fanguil : Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norbaidea hartuz ailegatuko gara Ax-les Thermes herrira. Hemendik Orluko bailarara sartzen den errepidetxoa hartu beharko dugu. Herritik Andorra alderako irteeran hartzen da errepide hau. Bertatik segituko dugu amaiera arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Batzuetan Pirinioetan plan jakinik gabe ibiltzeak txoko ezkutuak ezagutzera eramaten gaitu. Normalean denok mendi bertsuetara joaten gara, 3000tik goitiko gailurrak eta hortik beheiti ere ezagunenak egiten zaizkigunak. Pirinioak hori baino gehiago dira ordea. Aise gehiago. Pedraforca ezagunean ibili ondotik Puymorens mendatean barrena Ax-les-Thermes herri politean plantatu ginen, plan jakinik gabe. Intentzio bakarra Orluko bailara ezagutzea. Hala diseinatu genuen ibilbide hau, mapa bat hartu eta bidexka posible batzuk lotuz bailara hori ahalik eta hobekien bisitatzeko. Emaitza zoragarria izan zen.

8:04 : Fanguil (1136m)
Presa handirik gabe gosaldu genuen ibilaldiaren abiapuntua den aparkalekuan gaua pasatu ondotik. Lehen eguzki izpiek Dent d'Orlu ezaguna argiztatzen zutela ekin genion bideari.


Lehen metroak pista zabaletik eginen genituen Beys aterperako norabidean.


Ipar isurialdeko Pirinioetako bailara tipikoa da Orlukoa: ura nonahi eta berdea nagusi.


Erritmo bizian egin genuen lehen zatia, ibilbide luzeari metroak irabazi nahian. Pistaren zatian ez du altuera handirik irabazten bideak.


Puntu honetan utzi genuen pista, GR7aren marka zuri-gorriak segituz. Erreka zeharkatu eta oraingoan bai, goitirakoari ekinen zion bideak.


Baso polit hau zeharkatu genuen lehen metroetan...


Baina laster arbolen babesa utzi eta larre zabaletara atera ginen. Eguzkiak ederki berotzen zuen ordurako...


Pirinioetako ipar-isurialdeko bailara tipikoa dela erran dut lehen, baina mendiaren goitiko aldeko landare eta loreak erdialdeko eta mendebaldeko Pirinioetatik desberdinak dira inguru honetan.


Berez Baixollada mendia igotzeko Tour des Perics deitzen den GRari segitu behar zaio baina gu pixka bat desbideratu ginen nahiko hurbil dauden Beyseko laku eta aterpea ezagutzeko.


10:01 : Refuge d'en Beys (1954m)
Kilometro bat inguru desbideratu behar da, baina paisaia ikusita merezi izan zuen. Aterperaino joan bertan kafe bana hartu genuen ibilbidearekin segitu aitzinetik. Momentuz denboraz ongi gindoazen, eta indarrez ere bai.


Berriz ibilitako kilometroa desegin eta oraingoan bai, Tour des Perics itzulia egiten duen GR markei segitzen hasi ginen.


Bidegurutzetik hasieran mendiaren magalean zeharkaldi luzea egiten du bidexka erosoak. Irudiko muinoaren gibelean utzi genituen lakua eta aterpea.


Handik heldu ginen, Gauduko zelaiak dira horiek.


Zeharkaldia akituta, larre zabalagoetara pasatuko ginen.


Jasse de Delako etxolara ailegatu ginen horrela. Irekita dagoen etxola, aski leku politean...


Urrunean bailarako zaindaria den Dent d'Orlu tentea ikusten hasi ginen puntu horretatik aitzinera. Eskalatzeko hainbat bide luze ditu mendi horrek.


Jasse des Espagnolseko etxola gobelean utzi eta Terrerseko lepora igotzeari ekinen genion.


Hortik aitzin malda tentetzen da eta segidan utzi genituen beheitian etxola inguratzen duten larre berdeak.


Han goitian genuen lepoa zain, 2400 metro ingurura.


12:00 : Col de Terrers (2407m)
Autotik atera eta lau ordura ailegatu ginen lepora. 


Eguneko lehendabiziko gailurra ikusgai genuen bertze aldean, baina horretarako lehendabizi 250 bat metro galdu beharko genituen, gero berriz ere igotzeko. Otordutxoa aitzinerat segitu baino lehen...


Parean genuen segidan ibili beharreko zatia. Azpiko laku horietara jaitsi eta gero parean ikusten den mendirik altuenera igo, bere ezkerraldeko korridoretik.


Hala bada, jaisten hasi ginen, momentu oro gero igo beharko genuen malda parean genuela.


12:38 : Estanys de la Portella d'Orlu (2159m)
Altuen dagoen laku ingururaino jaitsi ginen eta hortik Portella d'Orluko bidea hartu genuen.


Metro gogorrak lakuak gibelean utzita...


12:47 : Portella d'Orlu (2260m)
Orluko bailarako bertze sarrera bat den lepo honetara ailegatuta eskuinera biratuko ginen Baixolladako tontorraren bila.


Helburua gero eta hurbilago...


Altuera apaleko mendiak izan arren, elur dezente gelditzen zen oraindik inguruan, aise altuagoak diren bertze mendi batzuetan baino gehiago. Lauso hau zeharkatu eta irudian ikusten den korridoretik eginen genuen goiti.


Korridorea tentea da, baina ez du inolako zailtasunik. Hortzak estutu eta ibiltzea bertzerik ez...


Eta korridorearen irteeran eskuinetara biratu eta metro gutxi batzuetara genuen gailurra.


13:28 : Baixollada (2546m)
Abiatu eta bortz ordu eta erdira harrapatu genuen eguneko lehen gailurra, ederki kostata. Gibelean genuen hurrengo helburua: Roc Blanc mendia.


Laurenti lakua gailurretik. Itxura ona hartu genion eta kanpin-denda batzuk baziren inguruko belardi politetan.


Sobera luzatu gabe kaskoa utzi eta belardi erosoetatik beheiti abiatu ginen Roc Blanc aldera.


Segidan utzi genuen Baixollada gibelean...


13:46 : Canras (2459m)
Eta kasik nahi gabe bi mendien artean dagoen bertze tontor bat zapaldu genuen.


Mendi hori ere utzi eta Laurentiko lepo aldera segitu genuen.


Parean genuen igo beharko genuen eguneko azken malda. 2100 metrotik goitiko desnibela pilatuko genuen azkenean...


14:01 : Col de Laurenti (2400m)
Lepotik 140 bat metroko malda genuen zain...


Zati honetan ikusi genuen eguneko jende gehiena, bertze ibilbidea guzian ez baikenuen kasik inor gurutzatu. Inguru jendearendako mendi ezaguna omen da Roc Blanc. Lepoa gibelean utzi eta goiti...


Azken bidexka zatia eta goitiko harrizko bloke erraldoien artetik harrapatuko genuen tontorra.


14:17 : Roc Blanc (2542m)
Horra... Horrenbertzez goitirakoak eginak genituen, baina jaitsiera luzea genuen zain eta ez ginen aunitzik luzatu kaskoan.


Jaitsiera Barbouillereko lepotik pasatuta eginen genuen, gero handik Baixolladako lakuetara jaisteko.


14:41 : Porteille de Barbouillere (2276m)
Lepora ailegatuta, GR7 bidea harrapatuko genuen berriz. Horri segitzeari bertzerik ez zitzaigun falta autoraino.


Paraje ederretik...


Baixolladako goitiko lakua begibistan...


Eskuinetik inguratuko genuen...


...eta beheitiko lakuraino segitu. Bertan egin genuen eguneko geldialdirik luzeena, zerbait jan eta atseden hartzeko.


Dent d'Orlu berriz ere presente jaitsieran...


Azpiko zatian berriz ere basoan barneratuko ginen.


Ordu batzuk lehenago ibilitako pistara ailegatu eta bertatik autora itzultzeko...


17:14 : Fanguil (1136m)
Ibilbide luzea burututa, kontent akitu genuen ibilaldia. Orlu inguruak ezagutzeko arras gomendagarria...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina