EGUNA: 2024/08/26
ABIAPUNTUA: Campu di Neve d'Ascu (1432m)
ZAILTASUNA:
Nahikoa erraza (PD). Zailtasun handiena Punta Minuta mendiaren hegoaldeko ertzean dago, III. graduko eskaladatxoren bat egin behar baita.
IRAUPENA:
- Igoera (Solitude zirkutik) : 5 ordu
- Jaitsiera (Trimbulacciu zirkutik) : 3 ordu
KRONIKA:
Korsika ez da dena hondartza eta turismoa. Irla izan arren, barnealdeko mendiak 2700 metrotik goitiraino altxatzen dira tente eta oldarkor. Mendilerroaren iparraldeko aldean daude mendirik altu eta alpinoenak, orratz, ertz eta pareta bertikalez osatuak. Horien artean altuena Monte Cintu ezaguna da, Ascuko estaziotik abiatuta egiten den ibilbiderik jendetsuena. Inguruan badaude altxor ezezagun eta lasaiagoak, dena den; guk egin genuen ibilbide ederra, erraterako. Punta Minuta mendiaren inguruan zirkular ikusgarria burutu genuen, Solitude zirku ezagunetik goiti pasatu eta hegoaldeko ertzetik iganez.
6:39 : Campu di Neve d'Ascu (1432m)
Kilometro batzuk beheitiago dagoen kanpinean gaua pasatu eta lehen orduan igan ginen eski estazio ttipi honetara. Beroa iragarria zegoen egunerako eta goiz ibiltzea komeni zen. Gainera, Punta Minuta mendia igan eta gero Cintu aldera joatea aurreikusia genuen eta bide luzea zen hori. Eski pista bakarra du estazioak eta hortik goiti hasi ginen ibiltzen.
Lepora ailegatzean Cascettoni edo Solitude izenez ezagutzen den zirkuaren ikuspegia aho zabalik utzi gintuen. 2015ean bertan izandako ezbehar larri bat arte GR20ak bide hau egiten zuen. Ordutik bidea lekuz aldatzea erabaki zuten eta marka ezabatu zituzten. Zirkuak kutso mistikoa hartu du geroztik eta mendizale dezentek zeharkatzen dute oraindik. Tartean gidaz lagundutako ibilaldiak ere saltzen dira.
Guk ere garai bateko GRaren bidetik zeharkatuko genuen zirkua. Tumasginesca eta Minutako lepoen artean zirkura pixka bat jaitsi eta berriz igan beharko ginen. Garai batean katez eta sokaz ekipatuta zeuden hainbat pasabide gainditu beharko genituen II. gradu ingurukoak eta gu, behintzat, harrituta egon ginen GRa hain leku teknikotik pasatzen zela ikusita. Ez da zaila, baina erne ibili beharrekoa bai.
Jaitsieran tximinia behartu batetik pasatu eta iparralderantz egin genuen 2000 metro inguru arte jaisteko. Hortik berriz altuera irabazten hasiko ginen Minuta lepora ateratzeko.
Eskaladatxo errazen bat edo bertze egin beharko genuen igoeran ere... Eskuinetara Altare izeneko orratz ikusgarria utziko genuen.
Eta azken zatia oinez...
9:11 : Bocca Minuta (2218m)
Ordubete inguru eman genuen zirku misteriotsua zeharkatzen.
Behin lepoan, GR zaharra hegoaldera jaisten utzi eta gu ezkerretara biratu ginen Minuta mendiaren hego-mendebaldeko ertzaren bila.
Hortik goiti gehienez intuizioz jokatu behar izan genuen, marka handirik ez baitu bideak. Hasmentan komeni da argazkian ikusten den orratz berezia erreferentzia gisa hartzea, haren ondotik pasatuko baikinen.
Orratza gure eskuinetara utzi eta zertxobait ezkerretara eginen hego-mendebaldeko magala utzi eta ertzera aterako ginen.
Mendiaren hego-mendebaldeko ertza ez da sobera definitua, ezta estua ere. Oinez egiteko zatiak eskalada errazekin tartekatuko genituen.
Gure gibelean Paglia Orba ikusgarria ikusten zen aldi oro. Biharamunean bisitatuko genuen Korsikako Cervino deitzen dioten mendi eder hau.
Argazkiko plaketatik eskalatuz ezkerretara jo eta hegoaldeko ertz definituagora aterako ginen.
Punta Minutaren hegoaldeko ertzera ateratzen...
Hortik aitzin ertz pixka bat estuagoa da, baina esposizio handiegirik ez du.
Metro batzuk bertatik iganda, zati honetatik azken partea ikusten genuen. Zailtasun handiagoa zuela ikusita, puntu honetan arnesak paratzea erabaki genuen, baina azkenean ez genuen sokarik erabiliko.
Argazkiko orratza ekialdeko isurialdetik inguratu eta arrakala honetatik mendebaldeko isurialdera pasatuko ginen. Hortik tximinia bat igan eta eguneko zailtasun handiena zen bertze tximinia batera ailegatu ginen.
Tximinia hau gainditzen laguntzeko ekipatutako bilkura hau topatu genuen, baina guk sokarik atera gabe eskalatu genuen (III+). Hala ere, esposizio pixka bat badu gibelean eta komeni da soka eramatea.
Pausurik zailena gaindituta ertzaren mendebaldeko isurialdetik egin genuen azken zatia. Eskuak erabaili beharreko tarteak oinezkoekin tartekatzen dira berriz ere.
10:20 : Punta Minuta (2556m)
Behin lepoan, GR zaharra hegoaldera jaisten utzi eta gu ezkerretara biratu ginen Minuta mendiaren hego-mendebaldeko ertzaren bila.
Lau ordu baino gutiago behar izan genituen gailurrera ailegatzeko.
Hegoaldeko kaskotik iparraldekoa metro batzuetara dago. Tartean esposizio pixka bat duen plaka inklinatu behar da, paraboltez ekipatua dagoena. Benetako kaskoa hori izanen zela pentsatuta, momentu batez bertaratzea erabaki nuen.
Gurutze handiagoa du iparraldeko kaskoak, baina hegoaldekoak altuagoa ematen du.
Berriz hegoaldekora itzuli eta ibilaldiarekin segitu genuen. Gure asmoa Monte Cinturaino joatea zen, gero bertatik bide arruntean barrena autora itzultzeko. Denboraz arras ongi gindoazen ordura arte, baina pixka bat konplikatzen hasi zitzaigun eguna. Hasteko, Punta Minutako jaitsiera ez genuen lehendabizikoan harrapatu. Camptocamp web orrialdean ekialdera jaitsi behar dela dio eta guk iparrera pixka bat eginda mendebaldera jaisten den kanala hartu genuen. Bertatik metro dezente jaitsita irteerarik ez zuela ikusi eta berriz goiti itzuli behar izan ginen.
Bigarrenean bai, jaitsierako bidea harrapatu genuen. Hegoaldeko kaskotik ekialdera egin behar da eta mugarriz markatutako bide nabarmena hartu.
Minutu gutitan Bocca Rossa izeneko lepora ailegatu ginen eta bertan eguneko bigarren akatsa egin genuen. Berez gibelean ikusten den Cintu aldera joateko parean genuen Capu Rossu mendia iparraldetik edo hegoaldetik inguratu behar zela bagenekien. Iparraldetik inguratuta alltuera gutiago galtzen zela bagenekien eta beraz lepoan Trimbulacciuko zirku aldera sartzen hasi ginen. Handik Capu Rossu inguratzeko metro dezente galdu behar dira eta gainera terrenoa konplexua da. Nire ustez, inguratze errazena Capu Rossu aldera igan eta azken zatitxo bertikala igan gabe bertze aldera jaistea da, handik Bocca Pampanosa lepora ateratzeko.
Erran bezala, Bocca Rossatik iparraldera hasi ginen jaisten, zati konplexuak jaitsiz, erortzea debekatua dauden zatiak. Jaitsi ahala, Capu Rossu mendiaren iparraldeko ezproi inguratzeko aunitz jaitsi beharko ginela ikusi genuen.
Eta bidean zalantza dezente eginda, azkenean Monte Cintura joateko ideia baztertu eta Trimbulacciuko zirkutik autora itzultzea erabaki genuen. Arratsalderako ekaitzak iragarrita zeuden eta ez genuen han goitian harrapatzea nahi.
Trimbulacciuko zirkuan beheiti eginez mugarriz ongi markatutako bidea harrapatu genuen. Garrantzitsua da mugarriak ikustea eta segitzea, bidea bera ez baita batere erraza segitzeko. Jende guti ibiltzen da paraje bakarti honetan.
Mugarriek landareria trinkodun zatiak inguratzen lagunduko ziguten.
Eta matso-mantso gailurtzarrak gero eta goitiago uzten hasi ginen.
Zirku ikusgarria da Trimbulacciukoa. Ordu batzuk lehenago zeharkatu genuen Cascettonikoarekin batera paisaia ederrak ezagutzen ari ginen.
Ordu batzuz harkaitz blokeekin borrokan ibili ondotik, zirkuaren sakoneko errekatxo batean bazkaltzeko geldialdia egin genuen. GR20 bidea metro guti batzuetara genuen jadanik eta bertatik galbiderik gabe itzuliko ginen Ascuko aparkalekura.
Paraje misteriotsu hau hodeiek estaltzen zuten ordurako, are misteriotsuago bilakatuz.
14:25 : Campu di Neve d'Ascu (1432m)
Ekaitzak lehertu baino fiteago autoaren babesean izanen ginen. Berez igoera egiten denbora guti pasatu bagenuen, jaitsiera normala baino aise gehiago luzatu zitzaigun, ez baita hain luzea. Hortaz, nahasi gabe ibilita, uste dut ibilaldi hau Cintuko igoerarekin konbinatzea posible dela. Baina guri Korsikan telefonoko GPSak huts egiten zigun eta horrez gain, gu ere terreno bakartian pare bat aldiz nahastu ginen. Hala ere, egindako ibiladia zoragarria iruditu zitzaigun, Cintu gabe ere merezi duena eta edozein aho zabalik uzteko modukoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina