EGUNA: 2024/07/09-11
ABIAPUNTUA: Tavascan (1101m)
ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Ibilbide guziko zailtasun puntu bakarra Sotllo lepotik Verdaguer mendira arteko ertza da. II. graduko pausuren bat gainditu behar da zati honetan eta, oro har, harkaitz nahiko eskasa du.
DENBORAK:
- Tavascan - Roca Cigalera : 5 ordu
- Roca Cigalera - Refugi de Vallferrera : 3 ordu
- Refugi de Vallferrera - Pic de Sotllo : 4 ordu
- Pic de Sotllo - Pica d'Estats : 2 ordu
- Pica d'Estats - Montcalm : 45 minutu
- Montcalm - Refuge de Pinet : 2 ordu
- Refuge de Pinet : Refugi de Certascan : 5 ordu
- Refugi de Certascan - Tavascan : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
A64 autopista hartu eta 17. irteeraraino segituko dugu; Luchon eta Arango irteeraraino, hain zuzen ere. Vielhako bidea hartuko dugu eta herri hau zeharkatuta Bonaiguako lepoan barrena Llavorsi herriraino ailegatuko gara. Hemen errepide nagusia utzi eta ezkerretara Tavascan herrira eramanen gaituzten seinaleei segituko diegu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Azken urteetan aunitz ugaritu dira Pirinioetan 4-5 eguneko zeharkaldiak. Ezagunenen artean bertzeak bertze Carros de Foc, Alta Ruta de los Perdidos, Senda de Camille edo 3000 Ibones ditugu; baina badira bertze hainbertze ere. Horietako bat da Kataluniako mendi altuenen inguruan egiten den Porta del Cel ibilaldia. Ez da bertze batzuk bezain ezaguna, baina paisaia aldetik ez die inbidiarik. Guk zeharkaldi hau normalean egiten den kontrako norantzan egin dugu eta bortz egunetik hirura murriztu. Hona hemen kronikatxoa.
2024/07/09
8:22 : Tavascan (1101m)
Ireki berria zen taberna batean kafetxo goxoa hartu eta turismo bulegoaren ondoko zubia zeharkatuta hasiko zen gure ibilaldia. Argazkiaren kontrako norantzan abiatuko ginen.
Lepoan haize zakar samarrak eman zigun ongi etorria. Gelditu gabe ezkerretara biratu eta bizkar zabaletik doan bidexkatik segituko genuen.
Metro batzuk igan eta bizkar zabal eta lau honen gainera atera ginen. Eguneko gailurra, Roca Cigalera izenekoa, begien bistan genuen, bizkarraren akabailan.
Bertara zuzendu ginen...
11:41 : Roca Cigalera (2667m)
Kaskora ailegatzearekin batera haizea pixka bat lasaitu eta eguzkia atera zen. Horrenbertzez, eguneko igoerarik luzeena akitua genuen.
Gailurretik Pica d'Estats inguruak ikusi ahal izan genituen lehen aldiz. Tontor horietan ibiliko ginen biharamunean.
Kaskoko egonalditxoa eta gero, hego-ekialdera jaisten den bizkarretik segitu genuen Llagunako lepo aldera.
11:55 : Coll de Llaguna (2595m)
Minutu gutian lepoan ginen.
Bertatik ezkerretara biratu eta malda handiagotik Sellenteko bailarara jaitsiko ginen. Jaitsiera motzaren ondotik, bailararen sakonean dagoen zati harritsua zeharkatu eta eskuinetara biratuko ginen izen bereko lepora.
Zati harritsuan bidexka galdu egiten da eta mugarriei segitu behar zaie. Harkaitz blokeak gibelean utzi orduko lepora igateko egin beharreko igoera motza ikusten da.
12:39 : Coll de Sellente (2487m)
Hala ailegatu ginen eguneko hirugarren eta azken lepora. Parean Andorrarekin muga egiten duten mendiak ireki zitzaizkigun.
Lepoa zeharkatu eta Baborteko bailarara pasatu ginen. Argazkian eskuinetara ikusten den Baborteko lakura zuzentzen da bidea, fiteago izen bereko aterpe libretik pasatuz. Ezkerrean ikusten den lepotik, berriz, Pica d'Estats aldera zuzenean joateko aukera dago bidea aunitz laburtuz, ez baita Vallferreraraino jaitsi behar.
Baborteko zirkuan barneratu eta aterpe libre joan ginen. Bertan geldialdia eginen genuen bazkaltzeko.
12:55 : Refugi de Baborte (2388m)
Kataluniako Pirinioetan kokatu dauden bertze aterpe libreen irudikoa da Babortekoa. Molieres, Gerber Mataro, Besiberri eta Baiaukoa bezala burdinazko etxola gisakoa da, eta barnean literak, mahaia eta aulkiak ditu. Egia erran zeharkaldi hau berriz egin beharko banu, Vallferrerara jaitsi ordez hemen pasatuko nuke gaua; eta horrela, biharamuneko etapa aunitz laburtuko litzateke, sos batzuk aurreztearekin batera.
Bazkalduta, aterpea utzi eta Baborteko lakua inguratzen duen bidexkatik segitu genuen.
Laku ederra da Babortekoa, ingurua bezain ederra. Lakuaren gibelean Vall Ferrera bailara hegotik hesten duten Noris eta Monteixo mendiak ageri dira.
Baborte inguruaren bertze argazki bat beheiti segitu aitzinetik. Argazkiaren ezkerreko aldean ageri den lepotik (Coll de Sellente) heldu ginen.
Zirku polita gibelean utzi eta Vall Ferreran barneratu ginen.
Baselloko etxolaren ondotik pasatu...
...eta bailaran sartu ginen. Inguru hau ezaguna nuen duela 15 urte bertatik abiatu bainintzen Pica aldera egindako ibilaldian.
14:45 : Pont de la Molinassa (1733m)
600 metro galdu genituen Baborteko lakutik bailararen sakonera. Zubia zeharkatu eta igoeratxo bat eginda Vallferrerako aterpera ailegatuko ginen.
Molinassako aparkalekutik pasatu...
...GR11ren bidetik berriz metro batzuk egin...
15:01 : Refugi de Vallferrera (1905m)
...eta aterpe ezagun honetan akitu genuen lehen etapa. Arratsaldea genuen aitzinetik eguneko nekeak errekuperatzeko eta biharamunekorako indarrak hartzeko.
2024/07/10
7:13 : Refugi de Vallferrera (1905m)
Lehen txandan hartu genuen gosaria eta goiz abiatu ginen aterpetik bigarren egunean. Pica d'Estats sektoreko lau 3000ko nagusiak igatea zen eguneko plana, Pinet aterpean lo egitera jaitsi aitzinetik.
Aterpetik beretik zuri-gorriz markatuta bide nabarmena hartuko genuen eta ez genuen utziko Sotlloko lakura ailegatu arte. Lehen zatian igoera tentea egin behar da eta gero Pales d'Areste deitutako magala zeharkatu behar da.
Aresteko hego magalak zeharkatuta bide iparralderantz biratzen da eta Sotlloko amildegian barneratzen da. Sotllo, iganen genuen lehen mendia, aitzinean genuen jadanik.
Amildegian sartzeko jaitsiera ttipi bat egin behar da, tartean ekipatutako zatitxo hau pasatuz.
Behin bailaran sartuta, errekaren ezkerreko aldetik igaten da bidexka.
Plans de Sotllo zelai polita zeharkatuz...
Altuera poliki irabazten hasi ginen berriz ere.
Igan ahala, Sotllo mendiaz gain, Pica eta Verdaguer mendiak ere ikusten hasi ginen. Ordu guti mantsoago han gainean izanen ginen.
8:42 : Estany de Sotllo (2342m)
Ordu eta erdi inguru eman genuen lehen lakura ailegatzeko. Lakua bide nagusitik inguratzen hasiko ginen...
...baina hondar aldera GRa utzi eta ezkerretara (mendebalderantz) bide argirik gabeko zatian goiti eginen genuen Coma de Sotlloko zirku aldera.
Tarteka mugarriak dituen arren, bide hau ez da sobera nabarmena eta beraz erne ibili behar da.
Egunero hamarnaka mendizale biltzen dituen bidetik metro gutira, paradisu bakartia topatu genuen Sotllo mendira igateko saihesbide honetan.
Baborte mendia parean...
Coma de Sotlloko lakuak agertzen hasi ziren igan ahala. Lakuetara ailegatzean eskuinetara biratzen hasiko ginen iparraldeko norantza hartuz.
Bake sentsazioa inguruan...
Zirkuaren sakoneraino iganen ginen, eta gero argazkian eskuinean ikusten diren Sotllo eta izenik gabeko mendiaren tarteko lepora atera.
3000 metrotik goitiko mendi batera igaten ari ginenik ez zuen ematen, inguruan ez baitzen inor ere ibilki eta bidexkarik ez baitago.
Hala ere, mugarriei segituz arazorik gabe harrapatzen da bide zuzena.
Azken metroetan malda harritsu hau gainditu eta lepoan izanen ginen.
10:06 : Coll Sud de Sotllo (2766m)
Berez mapetan izenik ere ez duen lepo bakarti honetan Coma de Sotlloko zirkua agurtu genuen.
...eta Pica d'Estats inguruak bistaratu genituen berriz. Goiti segitu aitzin zerbait jateko geldialdia eginen genuen eguzkitan.
Lepotik Sotllo mendiaren hegoaldeko ertza edo bizkarra igan behar da kaskora ailegatzeko. Zailtasunik ez duen ertza da, oinez egiten dena.
Gure gibelean alde batera Coma de Sotllo bakartia uzten ari ginen...
...eta bertze aldera Estany d'Estatseko inguru jendetsua, Picara igaten den biderik ezagunena.
Gailurra begien bistan...
Azken metroak...
10:44 : Pic de Sotllo (3072m)
Aunitz gustatu zitzaigun igoera bakartia eta gero, eguneko lehen kaskoan ginen.
Ekialdera jarraian iganen genituen Verdaguer, Pica d'Estats eta Montcalm mendiak genituen, baita haietara ailegatzeko zeharkatuko genuen ertza ere.
Luze gabe kaskoa utzi eta izen bereko lepo aldera jaisten hasiko ginen zati maldatsutik. Berez bide hau da Sotllo mendira igateko ohiko bidea, jende gehiena biltzen duena.
Harkaitz hauskordun zatia jaitsi, elur-lauso bat zeharkatu eta Sotlloko lepora ailegatu ginen.
11:20 : Port de Sotllo (2884m)
Lepoan haizea bizi zebilen eta gelditu gabe Verdaguerreko mendebaldeko ertza igateari ekin genion. Horretarako, lepotik lehen orratza hegoaldetik inguratu behar da oinez.
Segidan iparraldeko isurialdera ematen duen tximinia (II) motz bat eskalatuz ekinen genion ertzari.
Metro erraz batzuk, eta iparraldera ematen duen bigarren tximinia luzeago bat (II) eskalatuko genuen. Zati honetan guzian harkaitza nahiko hauskorra dela erran behar da.
Ipar isurialdetik igaten diren bi tximiniak gaindituta, ertzetik beretik segituko genuen zati batean zati errazak (I) iganez.
Laster ertzak bertikaltasuna galtzen du. Puntu honetan ertzetik beretik zatirik estu eta ikusgarriena zeharkatu behar da.
Azken zatian ertza utzi eta iparraldeko isurialdean gelditzen den lepotxo batera oinez iganen ginen. Bertatik korridore bat gainetik zeharkatu eta azken metroak oinez eginen genituen.
12:15 : Pic de Verdaguer (3131m)
Ertzeko zailtasunak gaindituta, eguneko bigarren gailurrera ailegatu ginen. Hortik aitzin oinez ibiltzea bertzerik ez zen gelditzen hurbil dagoen Picara lehendabizi, eta Montcalm mendira geroago.
Gailurreko argazkia...
12:25 : Pica d'Estats (3143m)
...eta minutu gutian Kataluniako punturik altuenean ginen. Gezurra zirudien arren, Pirinioetako mendirik bisitatuenetarikoa den honetan kasik bakarrik egon ginen tarte ederrean.
Kaskotik biharamunean bisitatuko genuen Certascan ingurua ikusten zen.
Kaskoko egonaldi luzearen ondotik, Pica utzi eta iparraldera jaisten den ohiko bidetik egin genuen Montcalm aldera.
13:17 : Coll de Riufred (2882m)
Riufredeko lepotik pasatu eta Montclamera gelditzen zitzaizkigun metroak igaten hasi ginen.
Zailtasun teknikorik gabeko igoera da.
Sasigailurrean...
Iparraldean Val de Sos bailara...
13:28 : Montcalm (3077m)
Eguneko azken menditik pixka bat lehenago igandakoetara ikuspegi ederra genuen.
Horrenbertzez, kaskoak utzi eta Pineteko aterpe aldera jaitstea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Galbiderik gabeko bidea da, Riufredeko lepora itzuli eta mendebaldera zati bat jaitsita Cometako lepotik iparraldera biratuta marka horiei segituko genien aterperaino.
Montcalmeko laku politetik pasatuz...
...Sotllo mendia eta lepoa gibelean utzi...
...eta iparralderantz egin genuen.
15:09 : Refuge de l'Etang de Pinet (2246m)
Zortzi orduko ibilaldiaren ondotik ailegatu ginen bigarren etaparen akabailara. Pineteko aterpe politean pasatuko genuen gaua, aitzinetik lakuan bainu bat eta terrazan garagardo bana hartuta.
2024/07/11
6:52 : Refuge de l'Etang de Pinet (2246m)
Goiz ekin genion azken egunari. Berriz ere lehen txandan gosaldu eta ziztu bizian atera ginen aterpetik. Egun luzea genuen Tavascaneraino.
Bezperan jaitsitako bidetik metro batzuk egin eta erne egon behar izan ginen eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartzeko.
Kablez eta iltzez ekipatutako zati bat jaitsi, Sotlloko lepotik jaisten den Valleta de Barz bailaratxoa zeharkatu eta mendebalderantz joko genuen.
Bailaratxoa zeharkatuta metro batzuk igan eta aterpea ikusten genuen bertze aldean.
Segidan Montestaure mendiaren iparraldeko magal berdeak zeharkatu behar dira. Tarte honetan ez dago bidexka argirik eta han-hemenka kokatutako mugarriei segituko genien. Montestauretik jaisten den ezproi itxurako bat inguratu behar denez, metro batzuk jaitsi behar dira...
...eta gero berriz igan.
Artzain etxola honen ondotik pasatuko ginen...
...eta argazkiko gandor aldera joko genuen hura gainditzeko asmoz.
Iparraldean Pic Rouge de Bassies inguruak...
Eguneko lehen lepoa orratz horren eskuinetara genuen. Azken malda tentea du arras, baina behintzat bidexka dago.
8:12 : Pointe de Recos (2447m)
Puntatxo honen ondoko lepotik zeharkatu genuen gandorra. Lepotxotik ezkerretara segitzen du bideak harresi baten gainean zeharkaldi ttipi bat eginez.
Puntu horretatik bigarren lepoa ikusten genuen, baina hara igan baino lehen beheitiko lautadatxoraino jaitsi beharko ginen lehendabizi.
zati harritsu eta tente bat jaitsita, Montestaureko lakua gure ezkerretara utzi genuen...
...eta bizkat honetatik lautadaraino jaitsi ginen.
2100 metro ingururaino jaitsi eta bigarren lepora igateari ekin genion.
Harkaitz blokezko labirinto hau zeharkatu beharko genuen, gero eskuinetara biratu lepoaren bila.
9:29 : Port de l'Artiga (2481m)
Ordubete pasatxoan egin genuen bi lepoen arteko zati deserosoa. Pinetetik lepo honetara artekoa izanen zen zatirik konplexuena oinez ibiltzeko deserosoa baita.
Artigako lepotik oraindik urrun ikusten genuen Certascango lepoa (zeharkatu beharreko azkena) eta horrek pixka bat desanimatu egin gintuen. Hala ere, egun guzia genuen aitzinetik eta hortik aitzinerakoa erosoagoa izanen zen.
Romedoko lakuetaraino jaitsi beharko genuen lehendabizi.
Ederra iruditu zitzaigun zati hau eta harritu gintuen inor ez ikusteak. Harrigarria da jendeak leku bereberetan pilatzeko duen gaitasuna, bertze leku batzuetan kasik inor ez dabilen bitartean.
Elkarri lotutako Romedoko lakuak inguratuko genituen...
10:26 : Estany de Romedo de Baix (2003m)
...eta azpiko lakuaren urtegiaren pareta gainetik zeharkatu.
Romedoko lakura ailegatzen den pistatik metro batzuk egin eta eskuinetara pista utzita lakua hegoaldetik inguratzen segituko genuen. Ingurtaze honetan sokarekin ekipatutako zati bat gainditu behar izna genuen.
Malda etzanetatik Romedoko goitiko lakura ailegatuko ginen eta tenteagoetatik Llurriko lepora.
11:04 : Coll de Llurri (2217m)
Eguneko hirugarren lepotik Certascango aterpea ikusten zen, baina metro dezente galdu beharko genituen bertara igateko bidea hartzeko. Lepotik ezkerretara biratu behar da eta handik kanal bat hartu.
100 metro baino gehiago galduta, Certascango aterpera igaten den bidea hartu genuen. Minutu gutian han izanen ginen.
Gibelera begiratuta zeharkatu berri genuen Llurriko lepoa ikusten zen, eta bere eskuinetara jaitsi berri genuen belarrezko kanala.
11:40 : Refugi de Certascan (2233m)
Lau ordu baino gehiago generamatzan eta kontent hartu genuen aterpera ailegatzea. Bertan geldialdia egin genuen lasaña bikain bat bazkaltzeko.
Indarberrituta aterpea utzi eta eguneko azken igoerari ekin genion.
Certascango laku erraldoia inguratu...
...eta izen bereko leporantz 350 bat metroko igoerari ekin genion. Elur-lausoaren gainean ikusten den lepoa da.
Malda erosoak igan, elur-lausoa zeharkatu eta lepoan izanen ginen.
13:07 : Coll de Certascan (2589m)
Hala ailegatu ginen gure hiru eguneko zeharkaldiko azken lepora. Berez Porta del Cel zeharkaldian Certascan mendia ere igaten da, baina guk nahikoa genuela erabaki genuen.
Kataluniako mendirik altuenak agurtu...
...mokadutxo bat jan...
...eta beheiti abiatu ginen. Jaitsiera luzea genuen aitzinetik Tavascan herriraino.
Certascan mendia gibelean utzi...
...eta Guerossos izeneko parajean beheiti abiatu ginen.
Pleta Vellako aintzira politetik pasatuko ginen.
Guerossoseko lautadatxotik metro batzuk irabazi behar dira izen bereko etxolara arte.
Berritu berria den etxola bisitatu genuen, hau ere arras egoera onean. Fitxatuta gelditu zen noizbait bertan lo egiteko.
Tavascango eski estazioa etxola ingurutik... Bertan izan ginen duela bi urte.
Etxolatik beheiti basoan barneratuta jaisten segitu genuen. Tartean ur-jauzi polit honetatik pasatu ginen.
...eta bidexka erosoan beheiti Noarrerantz zuzendu ginen.
Beheiti egin ahala, Noarre inguruko lehen belaiak agertzen hasi ziren, zibilizazioaren lehen arrastoak.
Eta halako batean Noarre herrixka bistaratu genuen.
14:50 : Noarre (1589m)
Baita Pleta de Guerossos izeneko zelaitxotik ere... Jaitsiera hau guzia arras polita iruditu zitzaigun eta harritu ginen inor ez zebilela ikustean. Berriz ere ordu batzuk lehenago izandako sentsazio bera genuen, denok leku berberetara joaten garela.
Zeharkaldiko bertze zenbait lekurekin bezala, Noarre herrixkarekin ere liluratuta gelditu ginen.
Baso trinkoen artean oasi baten gisa irekitzen diren belai koloretsuen artean kokatutako bordak dira, garai batean artzain eta abeltzainek erabiltzen zituztenak.
Denboran iltzatuta gelditu direla ematen du...
Zoragarria!
Noarre agurtu eta Grauseko etxoletara jaisten den bide erosotik segitu genuen. Oraindik kilometro batzuk genituen Tavascaneraino...
Azken zatia nahiko laua, GR markei segituz Tavascango bailaratik...
Herria begien bistan azkenean...
16:25 : Tavascan (1101m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina