2022/06/27

Montgros (1133m), Sant Jeroni (1236m)

EGUNA: 2022/06/20

ABIAPUNTUA: Can Maçana (717m)

ZAILTASUNA: 
K3, ferrata bidez ekipatua dago Agulles eta Frares Encantatseko orratzen zeharkaldia eta K3ko zailtasuna du. Iltzez, sokaz eta katez ekipatutako pasabideak ditu. Hortik aitzinera iniltzea bertzerik ez da.

DENBORAK:
  • Can Maçana - Coll de Port (Agulles - Frares Encantats zeharkaldia) : 2 ordu eta erdi
  • Coll de Port - Montgros : Ordu bat
  • Montgros - Sant Jeroni : Ordu eta erdi
  • Sant Jeroni - Monestir de Montserrat : Ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Manresa eta Igualada arteko lautadetan ezerezetik altxatzen da Montserrateko mendigunea. Ehunka orratz borobilduz osatua, urruneko herrialderen bateko paisaia ematen du. Eskalatzaileendako milaka bide daude irekita koglomeratuzko pareta hauetan eta tarteko labirintoetatik dozenaka bidek zeharkatzen dute. Inguruan ginela baliatuz, mendigune berezi hau ezagutzeko zeharkaldi polita burutu genuen joan den asteburuan.

7:34 : Can Maçana (717m)
Gaua mendigunearen mendebaldean dagoen aparkalekuan pasatu genuen. Goiz jeiki ginen eguneko beroari ihes egin nahian eta etxera itzulera luzea genuelako arratsaldean. Aparkaleku ondoko pistatu eman genituen lehen metroan jadanik orratzak begien bistan genituela.


Agulles deitzen den ingurua, lehenengo orduetan zeharkatuko genuena...


7:45 : Collet de Guirlo (797m)
Abiatu eta minutu gutxira lepotxo honetan pista utzi eta eskuinetara biratuko ginen marka zuri eta horiz seinaleztatutako bidexka erosotik.



Bidexkak laster utziko gintuen orratzen artean.


7:55 : La Portella (882m)
Mendebaldetik orratzen erreinurako sarrera gisakoa den lepotxo batera ailegatu ginen eta hor bide nabarmenena utzi eta ezkerretara biratu ginen. Hemendik aitzin Agulles orratzen zeharkaldia hasiko genuen, puntu gorriak lagun genituela.


Horko orratz horien artetik ibiliko ginen ondoko minutuetan. Ikusten den bezala orratzen azpiko aldea basoz estalia dago ia osorik eta bertatik doa bide gorabeheratsua.


Baso zatiak arras hetsiak dira tokika eta bide egokia segitzeko puntu gorriak ezinbertzekoak dira.


Basoaz gain zeharkaldi honen bertze ezaugarri bat ekipatutako bideak dira.  Mendebaldetik hasita lehena irudiko Pas des Merlets pausua da. Helduleku guti dituen harkaitzean igateko soka bat dago hemen.


Zuhaitzek uzten zigutelarik forma anitzetako orratzek osatutako paisaia kuriosoa ikusteko aukera genuen. Pirinioetan ez dugu gisa honetako lekurik eta beraz, merezi du bertara hurbiltzea.


Orratz bakoitzak bere izena du, normalean itxurarekin nolabaiteko lotura duena...


Tarteka paratutako ekipamentuaz gain, sustraiak eta arbolak gure aliatu izan ziren egun osoan zehar. Orratz artean bideak goiti eta beheiti egiten du atsedenik gabe, aunitzetan malda tenteetatik eta bidxka irristakorretatik. Sustrai eta arbola finak helduleku bikainak dira horrelakoetan.



Bertze balkoitxo bat paradisu ttipi honetaz gozatzeko, Mirador de l'Agulla del Capdemunt izenekoa. Argazkian ikusten den bezala hodei anitz zeuden zeruan, baina ez zuten ikuspegia sobera murrizten. Hodeitsu egonda ere, egun nahiko sapa genuen eta arbola artean haizerik gabe gogotik izerditu genuen.


Agullesen zeharkaldiko bigarren pausua jaisten harrapatu genuen. Saca Gran izeneko kanal estu eta estetikoa soka baten laguntzaz jaitsik genuen.


Pasabide ikusgarriak daude orratz artean...


Atrakzio parke bat iduri du, arras dibertigarria...


Agulleseko zeharkaldia akituta parean genituen segidan inguratuko genituen Frares Encantatseko orratzak. Portell Estreteko lepora jaitsiko ginen haiei ekin baino lehen.


Portell Estretetik Vicenç Barbe aterpe alderako bidea hartu eta segfidan berriz ezkerretara biratuko ginen, kasu honetan marka urdinei segitzeko.


Aitzineko zatian bezala, bigarren zeharkaldi honetan ere pasabide polit aunitz daude...


Orratz berezi gehiago...


Eskuak erabili beharreko pausu politak koglomeratuzko arrokan...


...eta doike, ekipatutako pasabide gehiago. Irudiko honetan kanal batean trabatua dagoen harkaitz handi baten azpitik pasatu behar da. Deserosoa da, baina soka baten laguntzaz nahiko ongi pasatzen da. Bloc Encascat da pasabidearen izena.


Labirintotik bizkar honetara aterata, mendebaldera jadanik gibelean utzi genituen orratzak ikusteko aukera izan genuen. Denbora osoan ekialderako norabideari eutsiko genion nagusiki, mendigunea aldez alde zeharkatuz.


Eskaladatxo panoramikoa orratzetik jaisteko...


...eta honela eguneko azken pasabide ekipatura ailegatu ginen. 


Kasu honetan pareta bertikala jaitsi behar da arrokan iltzatutako burdin eta katearen laguntzaz. Pas dels Barrots deitzen da zati ikusgarri hau, Frares Encantatseko azkena.


9:50 : Coll de Port (975m)
Agulles eta Frares Encantseko zehrkaldia lepo honetan akitu genuen. Hortik aitzin marka zuri-horiak berreskuratu eta bide erosoagoetatik eginen genuen aitzinera. Oraindik bide luzea genuen Montgros eta Sant Jeroni mendietan barrena Montserrateko monastegiraino.


Gibelean utziko genituen Frares Encantatseko orratzak ere...


Bideak Miracleko lepoa ezkerretara utzi eta hegoaldera egiten du bertze orratz multzo bat inguratzeko. Hasmentan pasatutakoa baino erosoagoa izanagatik ere, gorabeheratsua izaten segitzen du bideak eta harkaitz arteko pausutxoak egin behar dira etengabe.


10:19 : Coll de les Comes (1050m)
Geldialditxo bat egin genuen lepo polit honetan aitzinera segitu baino lehen. Gure begiak argazkiko Cilindre izeneko orratz ikusgarrira zuzentzen ziren. Zenbat horrelako bide osoan...


Bertze jaitsiera bat egin genuen lepotik Montgroserako azken igoerari ekin aitzinetik. Motza, baina arras bertikala...


Harkaitz arteko bertze deseskaladatxo bat...


10:42 : Montgros (1133m)
Eguneko lehen tontorra mendigunearen erdialdean kokatua dago eta ikuspegi bikaina eskaintzen du orratz guzietara. Zerbait jan eta edateko geldialdia egin genuen bertan.


Egonaldiaren ondotik, gailurra utzi eta parean ikusten genuen Montserrateko tontorrik handiena den Sant Jeronira zuzendu ginen.


Amildegi bateko terraza ikusgarri batetik egin genituen ondoko metroak iparralderantz Migdiako lepo aldera.


Argazkian ezkerretara ikusten den mendi zapala da Montgros eta jaitsiera diagonalean jaisten den terrazatxo berdeti egin genuen.


Bertara ailegatu baino lehen, Sant Jeroniko mendebaldeko harresitzarra inguratu eta Cami dels Francesos bidera atera ginen gailurrera segitzeko. Hemendik aitzin bide aise erosoagoa izanen zen tontorreraino, baita jaitsierakoa monastegi aldera ere.


Erran bezala, Sant Jeroni mendiguneko altuena da eta beraz bisitatuena ere bai. Bere xarma gailurreko azken metroetako zementuzko bide eta eskailerek kentzen dute.


11:48 : Sant Jeroni (1236m)
Ordura arte ia inor ez genuen ikusi egun osoan, baina Sant Jeronin mendizale eta turista andana ibilki zen. Horri gailurreko hesi neta orientazio mahaia gehitzen badizkiogu, mendi punta batean baino, atrakzio turistiko batean ginela iduri zuen. Hori bai, iparraldera ikuspegi zirraragarria du mendi honek, Manresako lautada guzia eta Pirinioak ere ikusten ahal direlarik.


Gailurra utzi eta monastego aldera bide zabaletik lasterka hasi ginen jaisten. Ongi markatutako bide honek, orduan arte ez bezala, beherantz egiten zuen denbora osoan eta aproposa da lasterka egiteko.


Pla del Ocellsetik beheiti ziztu bizian sartu ginen Magdalenako orratz ikusgarriak eskuinetara utziz.


Azken zatian ehunka eskailera jaitsi behar dira eta horrek mendi sentsazioa kentzen dio, baina inguruak ederra izaten segitzen du, harritsua, bertikala...


12:35 : Monestir de Montserrat (725m)
Montserrateko zeharkaldi hau akitzeko lekurik onena monastegi ezagun hau da. Mendigune hau ezagutzeko bide ikusgarria da egin genuena, erabat gomendagarria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina