EGUNA: 2022/07/13
ABIAPUNTUA: Mazeri (1650m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Mazeri - Guli Pass : 4 ordu
- Guli Pass - Guli Peak : 45 minutu
- Guli Peak - Mestia : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Svaneti eskualdea Georgiaren ipar-mendebaldean kokatua dago. Bertara ailegatzeko guk Bartzelonatik Kutaisira hegaldi zuzena hartu genuen eta herrialdeko bigarren hiririk handiena den honetatik Mestiara marshrutkaz (bertako autobus ttipiak) hurbilduko ginen. Mestiatik Mazerira joateko taxi bat hartzen ahal da, edo guk egin genuen bezala Mestiara ailegatu baino lehen Becho herrian mashrutka gidariari gelditzeko eskatu eta bertatik oinez edo autostop eginez.
Mazeri |
Kaukaso mendikateko Svaneti eskualdeko mendien azpiko paraje ederrak ezagutzeko asmoz jo genuen Georgia aldera eta hegazkinetik jaitsi ginenetik harritu eta liluratu gintuen herrialdeak. Mestia eta Ushguli lotzen dituen trekking ezaguna egitea zen gure asmoa, berez lau egunez egiten dena; baina pixka bat gehiago luzatuz eta zatiren batean bertze bideak hartuz. Mestiatik hasi ordez, mendebalderago dagoen bailarako Mazeri herritik hasiko ginen, baina posible da oraindik mendebalderago ere hastea: Etseri edo Nakra herrietan adibidez. Transcaucasian bideak lotzen ditu herri guzi hauek, 4000 eta 5000 arteko meditzar zuriek azpiko aldeko magal berdeetatik.
7:57 : Mazeri (1650m)
Bezperan ailegatu ginen Mazerira eta irudiko Mila izeneko hotelean hartu genuen ostatu. Bertako adineko familioa batek eramaten du eta afaria eta gosaria ematen dute eskatuz gero, dena haiek egindako produktuekin. Herriak hasmentatik utzi gintuen zur eta lur arratsaldean eman genuen buektaxkan...
Inguruko ibilgailuak...
Herriko eski zentro txikia, kuriosoa...
Mendiz inguratuta dago, inguruko bertzeak bezala. Herriaren izen bera duen Mazeri mendia da ezkerrekoa eta lainopean erdi altxatuta dagoena Ushba handia, Kaukasoko mendirik eder eta zailena omen dena.
Goizeko gosari oparia hartuta etxekoak agurtu eta herrira ailegatzen den errepidetik eman genituen ehen pausuak.
Mazeri polita agurtu genuen...
...eta segidan ezkerretara ateratzen den pista zabala hartu genuen. Irudian ikusten diren seinaleek Mestiarako bidea adierazten ziguten eta bide osoan zehar marka zuri-gorriak izanen genituen lagun.
Herriaren mendebaldeko mendiak... Begiratzen den aldera begiratzen dela, menditzarrek inguratzen dute Mazeriko bailara.
Bagvdanari herrixkako baserriak zeharkatu eta larre berdeetan barneratzen da pista tentea.
Lehen etapa honetan (eta bertzeetan ere bai) Usba handira joaten zitzaigun begirada behin eta berriz. Beheitiago jadanik abandonatuta dagoen Guli herrixkako etxeak ikusten dira.
Pista akitu eta bidexka erosotik segituko genuen, momentu guzian malda tenteari aurre eginez.
Hortxe elizatxoa behin pasatuta...
Bidexka erosoak laster hartzen du altuera eta segidan gelditu zen beheitian Mazeriko bailara.
Goi-larreetatik Ushbaren hegoaldeko glaziarrera ikuspegi ederra ireki zitzaigun bat-batean. Eguneko momenturik politenetarikoa izan zen, bidaia bat justifikatzen duten horietakoa. Metro gutxi batzuetara genituen Guliko etxolak.
Bata bertzearen ondoan kokatutako hiru egurrezko etxola dira. Erdikoa gaua pasatzeko modukoa da. Lekua liluragarria!
Etxoletan geldialdia egin genuen eta argazki batzuk aterata, igoerari berrekin genion.
Mazeriren mendebaldean kokatutako mendiak parean ikusten genituen bertatik...
Hauei ez zien grazia handiegirik egin beren larreetatik gu pasatzen ikusteak... Gutaz gain, jende guti ikusiko genuen etapa honetan, berez ez baita Mestia eta Ushguli arteko zeharkaldiaren parte.
Egunak aitzinera egin ahala hodeiak Ushba inguratzen hasiak ziren...
11:14 : Guli Pass (2952m)
Herrixka eroriaren lehen zatia gaindituta bigarrena biegien bistan genuen. Honetan elizatxo bat dago eta ondoan ur freskodun iturria du. Geldialdia egiteko leku aproposa da, baita denda bat izanez gero gaua pasatzekoa ere. Denbora gelditu dela ematen du...
Hiru ordu pasatxoko igoera jarraia egin ondotik, Guliko mendizerra zeharkatuko genuen puntuan ginen. Berez lepoa puntu hau baino behitiago gelditzen da, baina ez da bertatik pasatzen bidea lur-jauziek eramandako magalak baitaude inguruan.
Herri ingurua 1300 metro beheitiago...
Guliko pasabidea utzi eta bizkarrez bizkar egiten du beheiti bideak lepo aldera. Erran bezala, orografiak ezinezkoa egiten du bertara zuzenean ailegatzea. Gu astiz ongi genbiltzan eta parean ikusten den Guli mendira iganen ginen.
Mestiara jaisten den bidea ezkerretara utzi eta zuzen segitu genuen bidexka politetik gailur aldera.
11:58 : Guli (2926m)
Ez da sobera desbideratu behar gailurtxo honetara ailegatzeko, eta ikuspegiagatik merezi du. Lastima ordurako Ushba pixka bat estalia genuela.
Irudiko bizkarretik egin genuen gailurrerainokoa. Berriz ere punturik baxuenera itzuliko ginen handik Mestiara jaisten den bidea hartzeko.
Jadanik Mestiarako bidean, pareko magalean zeharkaldi luzea egin beharko genuen Koruldiko laku ezagunetara igaten den pistara ailegatu arte. Magalaren eskuineko aldeko bizkarrean dago pista.
Zati honetan belar luzea eta lore aunitz harrapatuko genituen. Eskualde hau arras hezea da eta belar eta landareak luze hazten dira.
Eskuinetara igan berria genuen Guli mendia.
Lore gehiago...
Magalaren zeharkaldiaren azken metroetan...
Koruldiko pistara aterata, geldialdi luzea egin genuen zerbait jateko eta atseden hartzeko. Ondotik pistatik segituko genuen jaitsiera zatitxo batean. Mestiatik igaten da pista hau Koruldiko lakuetara eta 4x4 ibilgailuek jendea lakuen ondoraino eramaten dute. Edertasuna kentzen dio horrek inguru eder honi...
Baina ingurua zinez zoragarria da...
Pista ezkerretara biratzen delarik, guk zuzen jaisten den bidexkatik segitu genuen gurutze handi bat kokatua dagoen bizkar bateraino.
Gurutzearen bizkarretik gure oinetan bistaratu genuen Mestia, inguruko herririk handiena dena. Gurutzearen ondotik beretik abiatzen den bidexka batetik segitu genuen, GPSko bideak itzuli handiagoa egiten zuelako; eta oihan arteko bide ezin maldagotik beheiti egin genuen jaitsiera. Dudarik gabe, inoiz pasatu dugun bidexkarik maldena! Hori guti balitz, hezetasun dela eta, arras irristakorra da bidexka eta zuhaitzen adarrak hartzea ezinbertzekoa da jaitsi ahal izateko.
Jaitsiera eroa eta gero, azpiko zatian bidea pixka bat etzaten da eta arnas pixka bat hartu zuten gure izterrek...
Herrira bide handiago batetik sartu ginen...
15:46 : Mestia (1442m)
Hala akitu genuen lehen etapa, Svanetiko hiribura den Mestian. Handiena izanik, bertze herrietan baino zerbitzu eta turista gehiago aurkituko genituen bertan: jatetxeak, hotelak, banketxeak, dendak... Ondoko herrietara joateko taxi edo marshrutkak ere bertatik abiatzen dira. Horrez gain, aireportu ttipi bat ere badu.
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina