2022/07/31

Mestia - Adishi

EGUNA: 2022/07/14

ABIAPUNTUA: Mestia (1442m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Mestia - Chvabiani : 4 ordu 
  • Chvabiani - Adishi : 3 ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gure zeharkaldiaren bigarren egunean Mestia eta Ushguli arteko trekking ezagunaren bidean sartuko ginen. Aitzineko erreportajean erran bezala, hau lau egunez egiten da normalean, baina gure intentzioa biz egitea zen. Gainera, Mestia eta Adishi artekoa izanen zen bide ofizialetik eginen genuen bakarra, biharamunean saihesbide bat hartzeko asmoa baikenuen.

8:53 : Mestia (1442m)
Guest Housea utzi, kafetegi batean gosaldu eta Svanetiko hiriburutik abiatu ginen. Inguru honetako ezaugarri diren defentsa dorre aunitz ditu Mestiak, nahiz eta ez herri ttipiagoen xarmarik izan.


Lehen metroak errepide batetik egiten dira eta geroago pista zabal batetik. Bizi-bizi egin genuen zati hau, etapa gehiena bezala, egia erran...


Mestia gibelean jadanik...


Pistak eskuinetara biratzen den bidexka bati uzten dio eta lekua; eta malda tente bat gainditu eta gero, bidexka etzan egiten da belardi politen artean barneratuz.


Egun honetan Ushbaren ikuspegirik ezagunena genuen parez pare. Bi puntak osatzen dute mendi hau eta nolabait Kataluniako Pedraforca mendiaren antza hartzen genion. Hori bai, bi mila metro gehiagorekin...


Arbolapeko bertze malda batek zelai eder honetan utzi gintuen. Eguneko lehen igoera zatia akitua genuen.


1906 metroko lepo zabal honetan akitzen da lehen igoera, Zabeshirako etapa arrunta egiten dutenendako igoera bakarra.


Hortik aitzin hainbat herrixka dituen bailara politean barneratu ginen poliki-poliki.


Murshkeli herritik pasatzen da bide arrunta, baina guk bailararen ezkerreko magaletik doan bidexka bat hartu genuen pista gutiago izateko.


Belardi arteko bidexka lasaia da.


Zhamushi herriraino eramanen gintuena...


Zhamushiko karrikak zeharkatu eta bide arruntarekin elkartu ginen berriz.


Eta baita Mestiarako bidean ezagutu eta bezperan afaria konpartitu genuen bikote bretoiarekin ere. Haiekin eginen genuen zati bat.


Majvdieri herritik pasatu ginen pistaz pista...


...eta pistak Mulkhra erreka zeharkatzen duelarik, hau utzi eta errekaren bazteretik doan bidexkari segitu genion. 


Zati batean igaten da bidea errekaren bazterretik hau zeharkatuko duen zubiaren bila.


Erreka utzi eta Chvabiani herria hurbil genuen. Bertan bereiziko ziren gure bideak. Haiek etapa arrunta eginen zuten eta beraz ondoko Zabeshi herrian geldituko ziren. Guk, aldiz, bi etapa elkartu eta Adishi herriaraino segituko genuen.


12:13 : Chvabiani (1626m)
Herrian geldialdia egin genuen zerbait jan eta bertako batzuk hurbildu zitzaizkigun. Svan hizkuntza eta georgiera dira haien hinkuntzak eta beraz ez da erraza komunikazioa...


Geldialdi luzearen ondotik goiti segitu genuen. Tetnuldiko eski estaziora 800 metroko igoera genuen.


Herriraren gaineko belardi politetatik lehenik...


...eta baso batetik gero. Betiere malda tentea gainditzen du bidexka eta atsedenerako tarte guti uzten du.


14:06 : Tetnuldi Ski Resort (2464m)
Bidexkatik eski estazioko pistetara atera ginen eta hauetatik segitu genuen igaten tarte batean. Hemen bi aukera daude: 2400 metro ingurura igatea edo 2700 metrora. Guk lehena hartu genuen, jadanik nahikoa igan baikenuen ordurako eta eski pistetatik ibiltzeak ez baitzigun plazer berezirik sortzen. 2464 metrora eskuinetara bidexka bat ateratzen da eta hari segituko genion. Seinalea badu, baina erne egoon behar da ikusteko.


Ordu horretarako hodei ilunak zerua estaltzen hasiak ziren ikuspegia pixka bat murriztuz.


Eski estaziotik Adishirako bidexka arras erosoa da, beheranzko joerarekin eta inguruan landareria oparoa duela.


15:24 : Adishi (2128m)
Eta bat-batean bihurgune bat hartu eta Adishi herria agertu zitzaigun parez pare. Bailara polit batean kokatua dago herri ttipi hau eta bertara pistaz bakarrik ailegatzen ahal da.


Herriko hilerria...


Urte osoan zehar bederatzi familia bizi omen dira bertan. Ez da erraza izanen negua inguru honetan eta ikusten da garai batean aise jende gehiago biziko zela, herriko etxe aunitz eroriak baitaude.

 

BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina