EGUNA: 2021/12/18
ABIAPUNTUA: Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)
ZAILTASUNA: S4
DENBORAK:
- Igoera : 2 ordu
- Jaitsiera (zirkularra eginez): 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzetik goiti Zaraitzuko bailaran barneratuko gara eta osorik zeharkatuko dugu Larraineko mendateko bidea hartu arte. Bertatik ailegatuko gara Irati-Abodira.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Orhiko hego-mendebaldeko malda eskiatzeko Euskal Herrian dugun maldarik ikusgarrienetarikoa da, ikusgarriena ez bada. Leku aunitzetatik ageri den mendi bakarti honek aldapa luze, zabal eta tenteak eskaintzen ditu, eguzkitan ongi transformatzen direnak eta luzaroan eskiatzen ahal direnak. Ezin aunitz gehiago eskatu. Aspalditik botata genion begia, baina gauza bateko edo bertzeko, beti gibelatzen zen plana zen. Azkenean larunbat honetan izan dugu bertara hurbiltzeko aukera; eta igoera eta jaitsiera leku beretik egin ordez, hegoaldeko maldak ahalik eta modurik zuzenenean jaisteko ibilbide zirkular ederra burutu dugu.
10:43 : Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)
Berandu abiatu ginen eski estazioko beheitiko aparkalekutik. Arestian erran bezala, hego-mendebaldeko malda bertikalak eguzkitan ongi transformatzen dira, baina denbora eman behar zaie eta kontuan izan behar da abenduan eguzkiak indar handirik ere ez duela. Lehendabiziko metroetatik gailurrarera ailegatzeko malda ikusten genuen eta puntu horretatik inpresio pixka bat eragiten du.
Orhiren ahizpa ttipiaren tontorretik ez da aunitz gelditzen gailur nagusiraino. Metro horizontal batzuk eta azken malda bertzerik ez. Zati hori ere ertzetik eginen genuen...
Azken ertz zatia pixka bat estutzen da eta arras ikusgarria da. Zoragarria iruditu zitzaigun igoerarako hautatu genuen bidea eta gure ustez behintzat seguruagoa. Hori bai, kranpoiak eta pioleta erabiliz...
Sasigailurrera atera eta azken metroak horizontalak dira...
12:55 : Orhi (2017m)
Azkenean eskiatu ahal izanen genuen Euskal Herriko mendi ezagun hau...
Hurbilean Otsogorrigainaren mendebaldeko malda bikain ikusten zen. Horra joateko ere gogoa dut...
Gailurreko egonalditxoa eta gero sasigailurrera itzuli ginen. Handik hasiko genuen eski saioa, udaberriko elur paregabea lagun...
Puntutxo gorriekin markatu dut jaitsi genuen malda, ahalik eta zuzenen sartu ginen beheiti, harkaitz mozketak gure eskuinetara utzita...
1550 metro ingururaino jaitsi ginen eta eskiak bizkarrean jarrita argazkian ikusten den Muxumurruko kaskotxora igo ginen jaitsieraren bigarren zatiari ekiteko. Puntu honetatik berriz goiti ere itzultzen ahal da, gero Abodira igoerako bidetik jaisteko. Guk zirkularra eginen genuen, Muxumurrutik hegoaldeko malda ederra eskiatu eta basoan pista batetik ipar-eski pistak harrapatu arte.
Alderik aldeko irribarrea utzi zigun jaitsiera bikaina eta gero 4 kilometroko itzulera genuen eski pistetan goiti, berriz ere fokak paratuta doike. Luze samarra egin zitzaigun zati hau, baina tira, jaitsierak merezi izan zuen...
15:01 : Irati-Abodi Mendi Gunea (1335m)
Eski estazioko egoitzan egindako jaitsiera begiratuz garagardo banarekin eman genion akabaila egunari. Azkenean Orhi eskiz!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina