2021/12/15

Paquiza de Linzola (2104m)

EGUNA: 2021/12/13

ABIAPUNTUA: Refugio de Linza (1340m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobide berria hartuko dugu Irunberriraino. Irunberriko irteera hartu ondotik, herrian berean, Nabaskoitze aldera joanen gara. Nabaskoitzen Izabara jarraituko dugu eta herri hau zeharkatu ondotik, eskuinetara aurkituko dugu Zurizaraino eramanen gaituen errepidea. Zurizatik Linzako aterpera doan bidea hartuko dugu.
Linzako aterpea ilunabarrean, gibelean Paquizako maldak dituela


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ansoko bailararen muturreko mendien artean eskiatzeko hautatuenak Petrechema, Acherito eta Chinebralen hego maldak izaten dira. Eguzkitan goxatutako magalak bilatu behar direlarik aukera bikaina eskaintzen dute eta hirurak izendun mendiak dira. Paquizaren hegoak, ordea, inbidia guti die aipatutakoei. Mendebaldeko sasigailurretik beheitiraino 700 metro inguruko aldapa zuzena du, lautadarik gabea, udaberriko elurra dagoen egunetarako aproposa.

10:01 : Refugio de Linza (1340m)
Aterpean gosaldu eta presrik gabe abiatu ginen, goizeko hotzetik eskapatu nahian edo. Elurrez lepo, zoragarri zegoen Linza ingurua...


Hasmentatik parez pare genuen jaitsiko genuen malda. Ordu horretarako jadanik tarte bat zeraman eguzkitan eta bere puntuan harrapatuko genuen.


Linzako lepo aldera iganen ginen aski bide ezagunetik. Ezaguna orokorrean, niretako bigarren aldia bertzerik ez baitzen hortik nenbilena.


Erdi tapatutako posteen marka zuri-gorriei segitu genien hasieran eta bezperan pasatutako eski eta erraketen arrastoek ere galbide gutiko bidea dela adierazten dute.


Bailarako bertze bi mendi ezagun gibelean genituen: Ezkaurre eta Txamantxoia.


11:31 : Collado de Linza (1903m)

Paquizaren hegoaldeko malda alderik alde zeharkatuta Linzatik amildegitik atera eta Linzako lepo panoramikoan plantatu ginen. 


Lepotik metro batzuk galdu genituen Hiru Erregeen Mahaia aldera segituz eta Hoya de la Solanan barneratuz.


Puntu honetan Paquizaren ekialdeko ertzeko elur pareta gainditu eta ezkerretara biratuko ginen ekialdeko malda eztietatik gailurra harrapatzeko.


Zati honetan elur gogorra eta izotza harrapatu genuen, baina kutxilekin zailtasun handiirik gabe egin genuen goiti.


Ertzetik...


Gure gibelean Euskal Herriko gailurrik altuenen ikuspegi ederra genuen: Hiru Erregeen Mahaia, Budogia, Ukerdi, Añelarra eta Arlas, bertzeak bertze.


Elurra lodi inguru guzian, eskirako baldintzak bikainak ditugu Pirinioetan.


Paquizaren ekialdeko sasigailurraren bizkarrera atera ginen kristal itxurako elurraren gainetik. Benetako kaskoa begien bistan genuen jadanik.


Azken metroak...


12:28 : Paquiza de Linzola (2104m)

Tontorretik Belaguako mendien ikuspegia bikaina da. Kartxela eta Lakora inguruak ere zuri-zuri ageri ziren.


Petrechema, Sobarcal eta Acherito, ezkerretik eskuinera...


Ezkaurre. Ekainean ibili ginen bertako ertzean.


Eta Euskal Herriko bi mendirik altuenak: Hiru Erregeen Mahaia eta Budogia.


 
 
Gailurrean zerbait jan ondotik beheitirakoari ekin genion. Horretarako, igoerako bidea hartu ordez mendebaldeko ertzetik beheiti abiatu ginen, elur gogorrean birak kasu emanez eginez.


Ertzetik metro batzuk eginda puntu honetan hartuko genuen hegoaldeko malda zoragarria. 700 metro behetiago genuen Linzako aterpea eta udaberri elur goxozko aldapa zabalak guretako bakarrik.

 
13:44 : Refugio de Linza (1340m)
Alderik aldeko irribarrearekin ailegatu ginen aterpera, jaitsieran ikaragarri gozatuta. Motz gelditu zitzaigun egia erran. %100 gomendagarria!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina