2023/12/11

Pene Blanque (2550m)

EGUNA: 2023/12/06

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: S4

DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Denboraldi hasmenta estazioetatik sobera hurbil daramagu, elur-baldintzek ez dute eta aise gehiagorako ematen. Hala ere, poliki-poliki helburuak eta ateraldien kalitatea handitzen ari gara. Oraingoan berriz ere Gourette aldean ibili gara, estazioa hetsia dagoelarik sektorean egiten ahal den eski jaitsierarik onenetarikoan.

9:56 : Gourette (1359m)
Goizean goiz egin genuen herritik estaziorainokoa, eta behin bertan gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen.


Bezperan 15-20 zentimetroko elurtetxo batek ingurua apaindua zuen, baina hasi eta berehala ikusi genuen jaisteko adina elurrik ez zegoela estazioaren beheitiko partean.


Inguruaren edertasunaz gozatuz metroak irabazten hasi ginen. Argazkian Pene Sarriere ageri da, duela pare bat hilabete bertan izan ginen eskalatzen.


Ger eta Pene Medaa mendien artean dauden pistetatik eginen genuen goiti, estazioaren punturik altuena zati honetan baitago.


1600 metrotik goiti zatika elur berriaren azpian zaharraz osatutako basea ere bazen.


Pixka bat goitiago, ordea, Pene Medaa izeneko pista igaten ari ginela, goitiko partean haizeak lan handia egin zuela konturatu ginen eta zati eder batean baserik ez genuela. Baldintza horietan zati hori ezinen genuen eskiatu eta bertaz goiti segitzea merezi ote zuen duda egiten hasi ginen.


Azkenean segitzea erabaki genuen eta asmatu egin genuela erraten ahal da.


2000 metrotik goiti berriz ere elur geruza aise lodiagoa zen, eta gainera bezperan botatakoa arras egoera onean zegoen. Hori guti balitz, Gouretteko paisaia zoragarrian kasik bakarrik ibilki ginen.


Rognon de Ger ikusgarria...


Azken zatia Pene Blanque izeneko pistatik egin genuen, baina Cinda Blanque lakuaren inguruan hau utzi eta parean ikusten den korridorea igatea ekin genion. Kanalaren eskuinetara dagoena da Pene Blanque mendia, iganen genuena.


Kanalean sartu baino lehen malda tentetzen hasten da.


Eta kanalean 40 gradu ingururaino ere igaten da. Hala ere, elur hauts gozoak igoera eta jaitsiera erraztuko zizkigun.


Kanalaren irteeran eguzki epelak eman zigun ongi etorria...


Eskiak bertan utzi eta 20 bat metroko igoera eginda Pene Blanqueko kaskoan ginen.


13:07 : Pene Blanque (2550m)
Eski estaziotik hurbil egon arren, iparraldeko korridoreak eta gailurreko ikuspegiak pistak atzenduarazi zizkiguten.


Gourette 1200 metro beheitiago genuen. Sarreran aipatu bezala, estazioa hetsia dagoenean jaitsiera hau inguruko onena izanen da segur aski.


Ger mendigunea...


Hegoaldean Palas, Balaitus, Arriel, Lurien...


Midi d'Ossau...


Eskietara bueltan zerbait jan eta jaisteari ekin genion. Goitiko partean elur bikaina harrapatu genuen eta erraz eskiatu genuen kanala.


2300 metro inguruan berriz ere pistetara sartu eta handik segituko genuen.


Elurraren kalitatea arras ona zen zati honetan ere.


15:19 : Gourette (1359m)
Goitirakoan ikusi bezala, 2000 metrotik beheiti zati batean ez zegoen eskiatzeko adinako elurrik eta hortaz 1700 metro arte eskiak bizkarrean eraman genituen. Gero bertze 200 bat metro eskiatzen jaitsi eta azken zatia berriz ere oinez egin genuen. Jaitsiera guzia eskiz egin izan ez bagenuen ere, aho zapore arras ona utzi zigun ateraldiak.

 
BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina