2023/12/17

Pluviometre d'Ayre (2260m)

EGUNA: 2023/12/15

ABIAPUNTUA: Plateau de Lienz (1504m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK: 
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Hiru ordu laurden
NOLA AILEGATU: 
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendaterako bidea hartu behar da eta Grand Tourmaleteko eski estaziora ailegatu baino metro batzuk lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Lienzeraino. Elurra egin berritan posible da errepide hau garbitu gabe egotea. Kasu horretan Bareges herritik goitixeago errepide bazterrean dagoen aparkalekutik abiatzen ahal gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ezagun da Ayreko basoa; gehienbat elur-jausi arrisku handia edo eguralid kaskarra dagoelarik arbola arteko ibilbidea eskaintzen duen babesagatik. Egun horietan eskiatzaile aunitz ibiltzen zuhaitz arteko slalomak egiten. Ortziralean ernatu eta eguna lainotsu zegoela ikusita, bertara zuzendu ginen azken elurteak eman zuena dastatzeko asmoz.

9:32 : Plateau de Lienz (1504m)
Egun gris zela eta langar pixka baten azpian eman genituen lehen pausuak. Aparkalekutik eski pista zapatuetatik metro batzuk galdu genituen hasteko.


Lienz utzi eta Famose izeneko pista gorritik goiti abiatu ginen. Biharamunean irekitzekoa zuten estazioa, baina Lienzeko pistak ez zeuden zapatuta eta ez zuen ingurua irekiko zuten itxurarik. Nik uste estazioaren zati hau gehienetan hetsia egoten dela, eta doike hala egotea hobe ibilbide hau egin nahi badugu. Izan ere, zati eder batean pistetatik goiti igaten da.


Leku eder zegoen elur berriak apainduta...


Pinu arteko pistak jostaleku bikaina dira hautsa dagoen egunetarako.


Pisten goitiko alderaino igan eta eskuinetara baso artetik igaten den pista batetik Baregeseko funikular zaharraren goitiko estazioraino eginen genuen.


Z zabal bat egiten du pistak bertara ailegatzeko.


Puntu horretatik goiti zibilizazio arrastoa atzentzen dira eta Ayreko plubiometroaren tontortxoa ikusten da. Bizkarrez bizkar joanen ginen bertaraino.


Azken zatia zuhaitz lerroaren ezkerreko elur-malda politetik egiten da. 


Zuhaitz artetik gailurraren bila...


11:27 : Pluviometre d'Ayre (2260m)
Bi orduan egin genuen igoera, azken zatian eski azpian kolatzen zitzaigun elurragatik uste baino gehiago nekatuta.


Laino, elur eta eguzkia elkar nor nagusituko borrokan ari ziren bitartean egonaldi luzea egin genuen kaskoan. Ez zuen hotzik ari, eta jaitsieran elur onegia espero ez genuenez, ez zegoen presarik.

Azkenean jaitsiera ez zen uste bezain txarra izan. Goitiko partean elurra nahiko goxo zegoen eta beheitiragokoa ere eskiagarria zen. Elur-jausiak saihesteko harresien artetik zuzenean eskiatu genuen goitiko partean eta eski pistetatik gero. Ayreko baso ezaguna deskubritua gelditu da, nahiz eta ez hautsarekin izan.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina