EGUNA: 2015/11/11
IRTEERA: Sumutsuko Borda (150m)
ZAILTASUNA:
- Erraza (F). Ibilbide luze xamarra baina zailtasunik gabea. Alkaxurirako igoeran trepada erraz batzuk egin behar dira.
DENBORA:
- Sumutsuko Borda - Alkaxuri : 2 ordu
- Alkaxuri - Gorramakil : Ordu bat
- Gorramakil - Mehaka : Ordu bat
- Mehaka - Sumutsuko Borda : 3 ordu
NOLA IRITSI:
Baztango bailaran dagoen Otsondoko lepo ezagunera joan behar da. Hemen Gorramendira igotzen den errepidea hasten da. Errepide horretatik goiti Itzulegiko Leporaino joan behar da. lepo honetatik ateratzen da Aritzakungo errekara jaisten den pista. Pista honetatik jaitsiko gara (egoera onean) beheitiraino Aritzakun guzia zeharkatuz. Bailararen akabailan zubi bat ikusiko dugu etxe baten ondoan. Zubi horren ondoan utziko dugu autoa. Puntu honetara Behe Nafarroako Bidarrai herritik ere ailega daiteke, Errolanen Pausu ezagunean barrena.
Alkurruntz mendia eta Baztan lainopean, Otsondotik Gorramendi aldera doan errepidetik |
DESKRIBAPENA:
San Martingo uda egun ederrak uzten ari zaigu eta ahalik eta hoberen aprobetxatzen saiatu behar. Aspalditik buruan nuen ibilbidea egiteko aukera izan dugu. Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia igo ipar-ekialdeko ertzean goiti, gero Gorramakilen barrena Mehakaraino joan eta hemendik Urritzateko erreka osoa zeharkatuz berriz autora itzultzeko. Bortz izarreko ibilbidea, dudarik gabe!
8:44 : Sumutsuko Borda (150m).
Autoa lehen benta izandakoaren ondoan utzi eta goiti abiatu ginen.
Igoera latza genuen esperoan, 800 metroko desnibela egiten baita ia atsedenik gabeko bidean.
Aritzakungo bazterrak ilun zeuden. Bagenekien ordea behe-lainoa bertzerik ez zela.
Metro batzuk igota laino akitzen zen lekura ailegatu ginen eta hemendik aitzin hasi zen ikuskizuna.
Itsusiko Harriak lainoaren gainetik.
Lehen malda gogorrak igota, Ezkieta mendia inguratzen du bidexkak eta momentu horretan agertzen zaigu lehen aldiz Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia.
9:25 : Ezkietako lepoa (585m).
Metro batzuk galdu eta Ezkietako lepora ailegatu ginen. Ziztu bizian pasa genuen lehen zatia, oraindik erdia gelditzen zen ordea.
Ezkietako lepotik goiti oihan eder batean sartzen da bidexka.
Zoragarria zegoen oihan zati hau.
Oihanaren goitiko partean borda zahar honetara ailegatu ginen. Hemendik aitzin oihana akitzen da.
Bidea ipar-ekialdeko aristara ateratzen da eta hortik egiten dira gailurrerainoko azken metroak.
Aristak ez dauka inongo zailtasunik. Gainera, pausu txarrenak ezker edo eskuinetik inguratzen dira.
Azken metroak, igotako bide guzia gibelean dugula.
10:02 : Alkaxuri edo Irubelakaskoa (967m).
Horrela lehen izerdiak botata gailur eder honetan plantatu ginen. Ez hartu denborak kontuan, erritmo bizian igo baikinen.
Bertze aldera segitu beharreko bidea genuen. Lehenik metro batzuk galduko genituen Gorostiko lepora. Gero, Gorramakilera igoko ginen eta handik errepide zaharra hartuta lehendabizi eta pista bat gero Mehakako leporaino. Mehaka Gorramakilen ezkerretara dagoen mendi lerrotxoan ikusten den bigarren lepoa da. Hortik beheiti Urritzateko bailaratxo luzea zeharkatuko genuen.
Urritzateko erreka.
Beraz luze gabe martxan ginen berriz ere Alkaxuri gibelean utzita, bide luzea baikenuen aitzinetik.
10:25 : Gorostiko lepoa (810m).
Belarrezkoa alfonbratik segidan ailegatu ginen Gorostiko lepora. Hemendik, argazkian ezkerretan ikusten den Gorramakilgo malda igotzea tokatzen zitzaigun.
Gorramakilgo azken maldara bidean.
Gibelean Alkaxuri eta hurbilago Akomendi., igotzen ahal den bertze mendi bat.
Azken metroak Gorramakilgo gailur zabalera ailegatzeko.
10:55 : Gorramakil (1087m).
Bi ordu eta hamar minutuz Gorramakilen ginen, uste baino lehenago, hiru bat ordu beharko genituela kalkulatzen baikenuen. Bertatik ikuspegi ederra dago Lapurdi aldera, kasu honetan laino estalita ikuskizun ederra genuen. Larrun mendia laino-itsasoko irla bat izanen balitz bezala, baita ezkerrerago Aiako Harriak ere.
Gorramakilgo gailurretik errepidea hartuko genuen zati batean, soldadu amerikarrek bere garaian bertara igotzeko egindakoa.
Bigarren kaskoa sakelera...
Pirinioak urrunean...
Gorramakilgo tontorrean bi iruindarrekin elkartu ginen eta solasaldi luzea egin genuen. Denboraz uste baino hobe gindoazen egia erran. Haiekin eginen genuen Mehaka arteko zatia ere. Agur bat irakurtzen badute.
Egun ederra soroetan etzanda egoteko.
Iparla ingurua Mehakara jaisteko pistatik.
Auza handia eta bere magalean Larreta auzoa, nire sorlekua...
12:08 : Mehaka (700m).
Lehenik errepide zaharretik eta gero Aizpitzako antenen ondotik ateratzen den pistatik Mehakako leporaino ailegatu ginen. Hemen iruindarrak agurtu eta zerbait jateko geldialditxoa egin genuen. Oraindik bide luzea genuen Urritzateko errekan beheiti. Bide hori, irudian ikusten den ehiza-postuaren ondotik ezkerretara abiatzen da.
Hala sartu ginen Urritzateren erraietara. Garai bateko bide zaharrean beheiti. Leku magikoa dudarik gabe. Harri hauek solastatuko balira...
Zubi polita bide zaharrean.
Lehen borda batera ailegatu ginen.
Konpontzen ari diren borda ederra.
Garai batean, duela urte batzuk arte hogei baserri ingurutan jendea bizi zen. Nafarroako bailararik galduenetarikoa izanen da, galduena ez bada. Argirik gabe, zibilizaziotik urrun, baina gaur egun guk ez dugun lasaitasunaz. Zalantzarik gabe, garai horretan bide hau erabiliagoa izanen zen.
Urritzate %100...
Bide zati batzuetan garai bateko kaltzada kontserbatzen da. Garai batean Bidarrai eta Erratzu lotzen zituen kaltzada da. Kontrabandoa, merkantziak, aziendaren joan-etorriak, bide honetatik joaten ziren baserri hauetako haurrak Erratzuko eskolara ere. Gaur egun ordea, zuhaitzak erortzen ari dira, errekak bertze bide zati batzuk eraman ditu eta sasiek ere beren lana egin dute. Naturak bere legea betetzen du, garai bateko nekazarien eskulanetik libre.
Bide zaharra luzea da arras eta azkenean pista honetara ateratzen da. Interesa galtzen du hemendik Sumutsuko bordarainoko bideak. Irudian, ikusten da Bidegorrietako borda ere. Garai bateko urritzateren azken lekukoak. Duela urte gutti arte, argirik gabe bizi ziren, baina hor segitu dute naturarekin eskuz esku bizitzen. Azken mohikanoak!
14:17 : Sumutsuko Borda (150m).
Urritzateren erraietara egindako bidaiak ordea bere bukaera zuen, normala den bezala. Sentsazioz betetako bidaia. Bikaina!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina