EGUNA: 2023/07/17-20
ABIAPUNTUA: Pont de Prat (1261m)
ZAILTASUNA: Nahiko erraza (F+). Zailtasun teknikorik handienak puntu hauetan daude:
- Gias: Gailurrera ailegatzeko tximinia erraz bat (I) eskalatu behar da.
- Veteranos: Azken zatian ertz erraz batetik eskaladatxo batzuk egin behar dira (I).
- Pez: Gailurraren hegoaldeko ertzean zati estu batzuk gainditu behar dira eskuak erabiliz (I).
DENBORAK:
- Pont de Prat - Refuge de la Soula : Ordu eta erdi
- Refuge de la Soula - Clarabide Oriental : 4 ordu
- Clarabide Oriental - Gias : Ordu bat
- Gias - Refugio de Estos : Bi ordu eta erdi
- Refugio de Estos - Pico Veteranos : Lau ordu
- Pico Veteranos - Refugio de Biados : Bi ordu eta erdi
- Refugio de Biados - Picos de la Pez : Bortz ordu
- Picos de la Pez - Pont de Prat : Hiru ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. BagnEuskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoagure eskuinetara utziz. Hemendik bailararen akabailara segitu behar da, Loudenvielle herrira hain zuzen ere. Herritik Pont de Prateko norabidea erakusten diguten seinalei segituko diegu.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
Bada errana udan 3000 metrotik goitiko mendietan lasaitasuna harrapatzea zaila dela. Pirinioetan erranguratsua den altuera horretatik goitiko mendiek jende anitz erakartzen dute normalean. Beti ez da hala izaten ordea. Uztailean egin dudan lau eguneko zeharkaldi honetan oraindik ezagutzen ez nituen gailur batzuk zapaldu ditut, nahiko bakartiak guziak ere. Egia erran, zeharkaldia bera gailur horiek zapaltzeko aitzakia gisa diseinatu dut. Bakarrik mendian hainbat egunez ibiliko nintzen lehen aldia izan da, eta baita bakarrik igandako lehen 3000 metrotik goitiko mendiak ere. Berezia...
2023/07/17
15:50 : Pont de Prat (1261m)
Loudenviellen bazkaldu, azken erosketak egin eta Pont de Pratera zuzendu nintzen. Gauzak prestatu eta arratsalde ederra lagun egin nituen lehen pausuak. Zirrara berezi bat nuen gorputzean, lehen aldia baitzen bakarrik egun batzuk pasatu nituena mendian.
Azken lau urteetan hirugarren aldiz abiatzen nintzen leku beretik eta beraz lehen metroak aski ezagunak nituen. Bidexka seinale horiz aski ongi markatua dago.
Abiatu eta hamar minutu inguruan bidegurutze honetara ailegatu nintzen. Ni Soula aterpera nindoan, eta dena gongi joanda Pez bailaratik beheiti itzuliko nintzen hiru egun mantsoago.
Hala baso arteko bidexka politetik segitu nuen Soula aldera.
Basoaren trinkotasuna Prateko zentral elektrikora jaisten diren hodiek bakarrik hausten dute. Beheiti...
...eta goiti...
Zati bat eginda, bi aukera daude goiti segitzeko. Bide eroso eta etzana, edo zeta amaiezinak mozten dituen laburbidea. Nik bigarrena hartuko nuen.
Gaineko zatian baso bakantzen hasten da eta bide paretan zizelkatutakoa izatera pasatzen da.
Ama birjinaren irudi honek markatzen du Clarabideko arroilean zizelkatutako bidearen hasmenta.
Argazkian ikusten dena da Clarabideko arroila. Puntu honetatik aitzin malda handienak gaindituak nituen eta magalaren eskuineko aldetik zeharka doan bidexka segituko nuen.
Bide erosoa, itzaletan arratsaldeko ordu horretan...
Zati batzuk harkaitzean zizelkatuak dira eta erorketa pixka bat dute, baina inolako zailtasunik gabekoa da.
Gorges de Clarabide arroila gaindituta zubi honetatik erreka gurutzatuko nuen.
Aterpea hurbil zegoen honezkero...
17:02 : Refuge de la Soula (1695m)
Zentral elektrikoaren eraikin handien ondoan kokatuta dago Soulako aterpea. Berez zentrala kudeatzen duen enpresarena da, eta langileek erabiltzeaz gain, mendizaleei ere ostatu hartzeko aukera ematen diete. Ez da aterperik politena, baina badu bere xarma.
Sei lagune bertzerik ez ginen afaltzen eta giro ederrean joan zen ilunabarra. Gainera, afalondoan Pirinioetako hartz eta otsoei buruzko hitzaldia eskaini zuten bi zientzilarik. Hitzaldia akituta, lotara...
2023/07/18
7:32 : Refuge de la Soula (1695m)
Gau ederra pasatu nuen inorekin konpartitu gabeko gelan. Gela ttipiak ditu aterpeak eta eskertzen da. Gosaldu eta aterpearen gibeletik abiatu nintzen.
Seinale batek Pouchergueseko laku aldera segitu beharreko bidea adierazten du. Pinu artetik igaten den bide batetik segidan uzten da aterpe ingurua beheitian.
Lehen maldak gaindituta, Clarabideko bailaran barneratu eta bidea etzan egiten da zelai honetan.
Bailara polit eta bakartian goiti egin ahala, eguneko helburu ziren Clarabide mendiak ikusgai nituen. Oraindik aunitz falta zen bertara ailegatzeko.
Erreka politaren ezkerreko aldetik egiten da bidea...
Argazkian ezkerretara ageri direnak dira Clarabide mendiak, eta haien azpian Pouchergues lakua kokatua dagoen sakonunea antzematen da. Bidea ez zuzenean bertara joaten ordea. Bailara akitzea eskuin egiten du Prat Cazeneuveko etxola aldera.
Etxolatik lakura doan bidea kasik horizonatala da. Ezkerretara begiratuta zeharkatu berri nuen Clarabideko bailara osoa nuen ikusgai.
8:39 : Lac de Pouchergues (2102m)
Argazkiko ur-jauzia eskuinetara utziko nuen...
...eta Prat Cazeneuveko etxola kokatua dagoen zelaitxora ailegatzean ezkerretara bertze bidexka bat hartu behar da, Poucherguesera doana, hain zuzen ere. Inguru honek oroitzapen onak ekarri zizkidan burura, 2019an bertan lo eginda Bachimalako gandorra zeharkatu baikenuen.
Abiatu eta ordubete baino gehixeagoan lakuan nintzen. Goitian ikusten nituen Clarabideren hiru tontorrak eta ezkerretara Saint Saud mendia. Bien arteko lepoa ere ageri zen. Bertara atera beharko nuen.
Lakua ezkerreko aldetik inguratu nuen...
...eta harri mukuru eta bidexka ttipiari segituz metroak fite irabazten hasi nintzen. Zati honetan aitzineratu nituen egun osoan ikusiko nituen mendizale bakarrak, zazpi guzira. Gero erranen dute udan 3000ko mendiak jendez lepo egoten direla...
9:53 : Lac de Clarabide (2648m)
Malda tenteek Clarabideko lakuaren bazterrean hartzen dute atseden pixka bat. Hortik goiti harri tartean bidea bilatu beharko nuen leporaino.
Mugarriz ongi markatua dago zati hau ere eta tarteka bidexka erosoa ere bada. Azpitik iduri duena baino aiseago egiten da.
10:26 : Port de Gias / Pouchergues (2921m)
Lepoan eguzkiak eta haizeak eman zidaten ongi etorria. Arimarik ere ez inguruan... Eskuinetara biratuta Clarabideko lehen gailurrera igan beharreko azken malda begien bistan nuen. Argazkiaren ezkerretara Gias ere ikusten da, iganen nuen laugarren mendia.
10:37 : Pic de Clarabide Oriental (3012m)
Inolako zailtasunik ez duen 100 metroko malda gaindituta ailegatu nintzen lehen kaskora. Bakarrik igaten nuen lehen 3000 metrotik goitiko mendia zen. Parean nituen Clarabideren bertze bi punta marroiak ere. Urrunean, berriz, Posets.
Lehen gailurra gibelean utzi eta bigarrenera zuzendu nintzen. Egia erra, ez du ematen bigarrena lehena baino altuagoa denik. Dudarik gabe altuagoak direnak Gourgs Blacseko gandorra osatzen duten mendiak dira. Iaz ibili ginen horietan...
10:49 : Pic de Clarabide (3020m)
Minutu gutian ailegatu nintzen Clarabideko bigarren tontorrera. Hau da gailur nagusia. Sobera gelditu gabe hirugarrenera segitu nuen. Kasu honetan arrakala sakonago batera jaitsi beharko nuen, baina zailtasun handirik ez du.
11:04 : Clarabide Occidental (3008m)
...eta hirugarrenean. Zoriontsu nintzen kasko haientan bakarrik! Ordu onean nindoan eta zerbait jateko baliatu nuen haize babesean.
Gias mendia gelditzen zitzaidan eguneko helburuak betetzeko. Beno, eta Estosera jaistea, doike!
Posets ederra! Ikusgai nituen biharamuneko helburu nituen Gemelos eta Veteranos mendiak ere, nahiz eta azkenean bakarra bertzerik ez nuen zapalduko.
Giasera joateko berriz Clarabideren tontor nagusira itzuli nintzen eta bertan goitirakoan aitzineratu nituen bi mendizalerekin solasaldi luzea izan nuen. Haiekl agurtu eta bi saltotan Giasen azpian plantatuko nintzen. Kaskoa tximinia erraz batetik harrapatzen da.
11:44 : Pico de Gias (3013m)
Eta horra eguneko azken tontorra. Gailurrean bi lekutan dago harri mukurua eta bietara joan nintzen badaezpada. Bigarrenetik, Giaseko laku aldera ematen duen lepotxo batera jaistea erraza zela ikusi nuen eta handik segitu nuen.
Gailurraren ekialdeko lepora (2989m) jaitsi eta handik zuzenean Giaseko laku aldera egin nuen harri xehezko malda tentetik. Beheitiago harri mukuruz seinaleztatutako arrasto bati segituta ailegatuko nintzen lakura.
12:15 : Ibon de Gias (2647m)
Lakutik Gourgs Blancs aldera azken begiratua eta Estosera jaisten den bidexka erosoa hartuko nuen.
Gibelean utzi nituen Giaseko gailurra eta lepoa ere... Itxura polita du puntu horretatik Gias tontorrak.
Estos aldera jaisten...
Loreak beheitiko partean...
Eta aterpea ere begien bistan...
Leku zoragarrian kokatua dago Estos. Udako prezipitazioei esker berde-berde harrapatu nuen ingurua...
13:16 : Refugio de Estos (1890m)
Goiz ailegatu nintzen Aragoiko Pirinioetako aterpe ezagun honetara. Lasai bazkaldu eta gainerako mendizaleak ailegatu aitzin dutxatzeko tartea ere izan nuen. Hortik aitzin arratsaldea aterpeko terrazan pasatu nuen garagardo batzuk edan eta poliki-poliki hurbiltzen hasi zen jendearekin solasean... Afalondoan ilunabarraz gozatu eta lotara...
2023/07/19
7:12 : Refugio de Estos (1890m)
Gau mugitua izan zen aterpeko gelan: zurrunga besta, beroa, ekaitz gogorra kanpoan... Gauza bat eta bertze ez nuen lo handirik egin. Plastikozko gosari eskasa hartu eta gero martxan paratu nintzen aterpearen gibeleko aldetik.
Belar bustiaren artean apenas nabarmentzen zen bidexka erosotik egin nuen lehen zatia. Etapa erraza nuen hirugarrena. GR11aren bideari segitu Chistauko leporaino, handik ezkerretara biratu Veteranos eta Gemelos mendiak igateko, eta berriz Chistaura itzulita GRa hartu Biadoseraino.
Estoseko bailara bezperan bezala ederra iruditu zitzaidan.
Lehen zati lauaren ondotik, bidea poliki-poliki altuera irabazten hasten da lepo aldera.
Parean ikusgai nuen ailegatu beharko nintzen lepoa. Marka zuri-gorriek lagunduko ninduten bertaraino...
Arroila polita bide bazterrean...
Gaueko ekaitzaren azken hodei hondarrak goizean desagertu baziren ere, goiti egin ahala berriz iluntzen hasi zen eta tantaren bat edo bertze bota zuen. Berez hobetzera emana zegoenez konfidantzaz beteta segitu nion bideari. Txartzen bazuen ere, gailurrak utzi eta Biadosera segitzeko aukera izanen nuen.
Marka zuri-gorriez gain, ondoko asteburuan ospatzekoa zen Anetoko trailaren bidea erakusten zuten banderatxoak ere baziren bidean. Erritmo onean ailegatuko nintzen argazkian ikusten den lepora. Berez hori ez da Chistauko lepoa, hura aitzinerago baitago. Baina lepo horretatik GRa utzi eta ezkerretara biratu nintzen mugarriei segituz Veteranos mendi aldera.
2700 metro inguruan nintzela eguraldiak okerrera egin zuen. haizea zakartu egin zen, hodei ilunek estali zuten zerua eta euria hasi zuen. Hala, bidearen ondoko zulo batean sartu nintzen ekaitza baretzeko esperantzarekin. Luze samar joan zen ekaitza eta momenturen batean gailurrak alde batera utzi eta beheiti jaistea ere pentsatu nuen.
Denbora bat pasatuta, zerua pixka bat argitu eta goiti zihoan mendizale bat ikusi nuen. Harekin goiti egitea erabaki nuen. Veteranos gailurra begien bistan genuen jadanik... Bertara ailegatzeko argazkiaren erdialdean ikusten den lepora ailegatu eta ezkerretara biratuta ertz errazari segitu beharko genion.
Royoko lakuak gure ezkerretara utzi eta arbelazko harri xehedun magal erosoan goiti egin genuen.
9:46 : Collada Negra (2875m)
Ertzeko lepora ailegatu ginen malda tenteago bat gaindituta. Ordurako zerua ia garbi ageri zen, baina ez luzerako...
Ezkerretara biratu eta ertz polita igateari ekin genion...
Erraza da, baina pausuren batean eskuak erabili behar dira (II).
Veteranos mendia parean genuen eta Gemelos pixka bat urrunago, eskuinetara. Eguraldia berriz iluntzen hasi zen mendebaldetik ordea eta ekaitza gainean genuela ikusten genuen.
Zalantzaren bat egin ondotik, Veteranosera segitzea erabaki genuen. Haizeak gogor jotzen zuen ertzean eta berriz ere euria hasi zuen. Zorionez ertzak ez du arrisku handirik, baina kasu emanez ibili behar izan ginen.
10:30 : Pico de los Veteranos / Gemelos Norte (3129m)
Goiti-beheiti aunitzekin izan bazen ere gainean ginen.
Posets eta Gemelos gailurrak, nahiz eta azken hau ertzarekin ez den bereizi ere egiten... Hurbil zegoen, baina ekaitza gogortzen hasia zen ordurako eta ez joatea erabaki nuen.
Gailurreko ergazki haizetsua eta beheiti ahal bezain fite...
Igandako bide beretik jaitsi genuen ertza, haize zakarrak tarteka oreka ez galtzeko gelditzera behartzen gintuela...
Zati bertikalagoak kontu handik jaitsi genituen harria bustitzen ari baitzen...
Behin ertza gibelean utzita, lasaiago oinez segitu genuen beheiti.
Estos bailara eskuinetara utzi eta mendizalea agurtuta GR10a berriz hartu nuen Chistauko lepo aldera.
11:33 : Puerto de Chistau (2572m)
Busti-busti eginda ailegatu nintzen Chistauko lepora, baina okerrena pasatuta zegoen ordurako. Mendebaldetik berriz ere argitzen hasi zuen.
GRari segituz bailaran beheiti barneratu nintzen. Argazkian ikusten den bezala, zerua garbi-garbi zegon ordurako. Gezurra ematen zuen minutu guti lehenago ertzean ekaitza jasan izanak ere.
Añes Cruzes eta Chistauko errekak elkartzen diren puntuan erreka gurutzatu eta Aygues Torteseko lepora igaten den bidea eskuinetara utzita, beheiti egin behar da.
Hortxe bi errekak eta argazkiaren ezkerretara Aygues Torteseko lepoa.
Eskuineko magaletik doa segituko nuen bidexka.
Ezkerretara ordu batzuk lehenago ibilitako kaskoak utziz...
Biadoseko etxoletara ailegatzean, aterpea ikusten da lehen aldiz.
Paraje ederra da Biados ingurukoa, ipuinetakoa edo iduri du.
Belardi berdez inguratutako bordak lehen planoan, pinudiak gibelago eta Posets-Espadas ertz ederra goitian...
13:09 : Refugio de Biados (1760m)
Bezperan bezala, tenorez ailegatu nintzen aterpera eta lo kuluxka egiteko astia izan nuen arratsaldean. Posetseko aterpean itzulia egiten ari zen jende dezente eta bezperan jadanik Estosen ezagutuak nituen. Hortaz, giro ederra sortu zen gure artean.
Arratsaldea Biadosen...
Ilunabarrean Espadas mendiko plakek kolore desberdinak hartzen dituzte eta ikuskizun bikaina eskaintzen dute.
Afari ederraren ondotik, gela ttipietan atseden hartzera joan ginen denak...
2023/07/20
7:15 : Refugio de Biados (1760m)
Hirugarren gaua ere ez zen onegia izan eta nekatuta ernatu nintzen. Zangoek aitzineko egunetako karga nabaritzen zuten jadanik, baina etaparik gogorrena zain nuen. Gosaldu eta gainerakoak agurtuta martxan paratu nintzen, tripan zirrara puntua nuela.
Biadosera ailegatzen den pista jaisten hasi nintzen, metro gutira Tabernes aldera igaten dena hartzeko.
Cinqueta de la Pez erreka gurutzatzen duen zubitik pasatzen da pista Tabernesera bidea.
Laster, Taberneserako pista utzi eta marka zuri-horiei segituko nien Pezeko lepo aldera.
Madera eta Pez lepoetara bideratzen duten seinaleei egin behar zaie kasu lehen zati honetan.
Inor ez zebilen Pezeko bailaran ordu horietan. Berez lasaia den ingurua da, nahiz eta zoragarria izan.
Egun osoan kasik inor ikusiko ez nuela jakiteak halako tentsio puntu bat ere sortzen zidan, etapa luzea bainuen aitzinetik.
Belardi polit honetan bereizten dira Madera eta Pezeko lepoetara doazen bideak. Nik momentuz Pez aldera segituko nuen pixka batean.
Hain zuzen ere, zubi hau zeharkatu eta argazkian ikusten den plubiometroaren ondoan Pezera doan bide nagusia ezkerretara utzi eta zuzen segitu behar da parean ikusten den ur-jauzi aldera. Belardia kasik osorik zeharkatu arte ez da mugarririk ikusten.
Handik goiti ordea mugarriz seinaleztatutako bidexka nabarmenak izei artean goiti egiten du. Marka urdinak ere aurkituko nituen zati honetan.
Bide nagusi hori Señal de Biados aldera igaten da. Puntu honetan hori ere utzi egin nuen harrian jartzen duen bezala, Bachimalako laku aldera egiteko.
Altuera gupidarik gabe irabazten duen zatitik egiten du bideak ondoren, segidan Bachimalako lakuen bila zeharkaldi luzea marrazteko.
Zeharkaldia Bachimala mendiaren Obago de Bachimala deitzen den parajetik egiten da. Haren bukaeran lakuak kokatuak dauden zelai zabalera ailegatuko nintzen. Momentu horretan lehen aldiz ikusi ahal izan nuen Pez mendia ere, argazkiaren erdian ikusten den punta da.
9:31 : Ibon Bajo de Bachimala (2563m)
PR bidearekin egiten du bat segidan.
Erritmo arras bizian egin nuen lakuetarainoko bidea eta bi ordu pasatxo bakarrik pasatu nituen. Jadanik Pez mendiak hurbil ikusteak eman zidan lasaitasunak zerbait jateko geldialdia egitera eraman ninduen.
Geldialdiaren ondotik, jadanik mugarririk gabeko parajean goiti egin nuen Pez eta Pez SO mendien artean igartzen zen lepoaren bila.
Bi mendien arteko lepora korridore harritsu baina erraz batetik aterako nintzen.
Behin lepoan, Pez mendiaren hego-mendebaldeko punta gibelean utzi eta hegoaldeko ertza gainditzea bertzerik ez zitzaidan gelditzen. Lehen zatiak esposizio pixka bat du, baina segidan gainditzen da zati hori eta azken metroak errazagoak dira (II).
10:20 : Pico de la Pez (3024m)
Aterpetik abiatu eta hiru ordutan gailurrean nintzen, arras bizi iganda.
Bachimalako laku eta kaskoa gailurretik...
Culfreda mendiak...
Pez menditik Port de la Pez mendira segidan pasatzen da. Metro batzuk jaitsi lepotxo batera, bertze batzuk irabazi eta goian!
10:28 : Pico de Port de la Pez (3018m)
...eta ni kontent, lau eguneko zeharkaldia ongi akitzera nindoalak ikusita.
Bigarren gailurrean haize babesa bilatu eta jateko egonaldia egin nuen.
Pez mendia...
Gailurra ongi adierazia...
Iparraldera nuen autoraino ailegatzeko jaitsi beharko nuen bailara...
Egonaldiaren ondotik, egun osoan zehar ikusiko nuen mendizale bakarrarekin lau solas egin eta argazkiko malda harritsuan beheiti jaitsi nintzen. Mugarri batzuei segitzen hasi nintzen Pezeko lepo aldera, baina fite galdu nituen eta ahal nuen bidetik egin nuen aitzinera.
Azken zatian belardi tente batzuk zeharkatu behar izan nituen lepoaren ondoko gandortxora ateratzeko. Berez bide egokia pixka bat beheitiagotik zihoan.
11:24 : Port de la Pez (2451m)
Bustian egonez gero arrikutsuak izaten ahal diren zatiak pasatuta, Pezeko lepora ailegatu nintzen.
Bertatik iparraldera bidexka sigisagatsuak zati malkartsu bat jaisten du. Malda handia duten magalak dira, baina bidexkatik aise zeharkatzen dira.
Lepoaren azpiko malda gibelean utzi eta Pezeko lautada erosoan beheiti egin nuen.
Leku ederra eta bakartia...
Pez bailarako lautada Jean Forgues etxolaren ondoan akitzen da.
Hortik beheiti basoan barneratuko nintzen bide zabaletik ibilbide zirkularra hetsi eta Pont de Pratera itzultzeko.
13:16 : Pont de Prat (1261m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina