2023/07/30

Cabrones eta Urriellu inguruan

EGUNA: 2023/07/27

ABIAPUNTUA: Poncebos (200m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Poncebos - Refugio Jou de los Cabrones : 5 ordu
  • Refugio Jou de los Cabrones - Refugio Vega de Urriellu : 2 ordu
  • Refugio Vega de Urriellu - Poncebos : 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Picos de Europako mendigunea Kantabria, Leon eta Asturias artean dago, beraz sarrera anitz ditu. Gure kasuan, Poncebos (Asturias) herrira heltzeko A8 autobidetik Euskal Herria eta Kantabria zeharkatu eta Asturias eta Kantabria artean dagoen Unquera herrian aterako gara. Hemendik Panes herrira joko dugu eta gero Arenas de Cabrales herrira. Herri honetatik ateratzen da Poncebosera igaten den errepidea.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Duela zazpi urte Picos de Europa deskubritu nuelarik, Torrecerredo mendira igan ginen ibilbide ikusgarria burutuz. Orduko hartan Cabrones eta Urrielluko aterpeetatik pasatu ginen, segur aski mendiguneko bi mendirik dotoreenak direnen azpitik hain zuzen ere. Oraingoan gailurrik ez, baina orduan egindako bide iduritsua egin dugu egunean eta pisu gutirekin.

6:55 : Poncebos (200m)
Errepide bazterrean pasatu genuen gaua eta goiz mugitu ginen; izan ere, arratsalderako iragarrita zeuden ekaitzak saihestu nahi genituen.


Poncebosetik Bulnesera igaten den bidea hartu genuen hasteko.


Canal del Tejo izeneko kanal sakonetik doan bide erosotik egin genuen lehen zatia.


Altuera irabazi ahal Bulneseko lehendabiziko etxeak ikusten hasi ginen.


Bide nagusia Colineseko zubian utzi genuen. Marka zuri eta horiak jarraituko genituen zubia gurutzatuta.


7:57 : Bulnes - El Castillo (717m)
Autotik atera eta ordubetean Bulnesen goitiko auzoan ginen, El Castillo deitutakoan. Bertako lehen etxeetara ailegatzean eskuinetara hartuko genuen markei segituz. Seinale batek ere Cabroneseko aterperako norabidea erakusten digu puntu honetan.


Iratze eta arbola tartetik metro batzuk egin eta larre garbiagoetara atera ginen.


Puntu hoonetatik parean gainditu beharreko kanal tentea ikusten hasi ginen: Amuesako kanala.


Goiz izan arren eguzkiak gogor jotzen zuen ekialdeko orientaziodun maldetan eta majo izerditu genuen goitiko zelaitxora ailegatzeko.


9:09 : Majada de Amuesa (1401m)
Malda gaindituta, zelaitxo honetara ailegatu ginen. Bi ordu pasatxo generamatzan oinez, erritmoa arras ona zen beraz. Geldialditxoa egin genuen goiti segitu aitzinetik.


Amuesako zelaian azienda aunitz...


Atsedenaldiaren ondotik ezkerretara biratzen den bidexkari segitu genion. Argazkian ikusten den belardi zabaletik egin genuen goiti.


Cuetos de Trave izeneko mendien azpira eramanen gintuen bideak.


Behin gailur polit hauen azpian kokatuta, belardiek kareharriari uzten diote lekua.


Zailtasunik ez du bideak hala ere. Argazkian ikusten den diagonalean soilik erabiliko genituen eskuak eta soka bat dago pasabidea gainditzen laguntzeko.


Aterpea kokatua dagoen  joura ailegatu aitzinetik goiti eta beheiti batzuk egin beharko genituen oraindik.


Cabrones mendi dotorea parean genuen jadanik...


...eta azkenean aterpea ere bai! Leku zoragarrian kokatua dago!


10:41 : Refugio Jou de los Cabrones (2045m)
Hiru ordu eta erdi pasa behar izan genituen xoko eder honetara ailegatzeko. Iberiar Penintsulako aterperik basatienaren fama du Cabronesekoak, bertara ailegatzeko behar den denboragatik. Freskagarri batzuk erosi eta kanpoko mahaietan atsedenaldia hartu genuen segitu aitzinetik. Desnibel gehiena burutua genuen ordurako eta horrek lasaitasuna eman zigun.


Atsedenaldiaren ondotik aterpearen parean ikusten den lepotxo horretara iganen ginen.


Izenik gabeko lepotxotik parean genuen Horcada Arenera izenekoa ere. Puntu hori izanen zen eguneko altuena. Bertara ailegatzeko jou batera jaitsi eta berriz igan beharko genuen.


11:46 : Horcada Arenera (2273m)
Hala harrapatu genuen aparkalekua baino 2100 metro goitiago dagoen lepo hau. Torre Arenera ikusgarriaren azpian geldialdia egin genuen. Hortik aitzinera egin beharreko guziak malda beheiti izanen ziren.


Torrecerredo lepotik...


Lepoko haize fina utzi eta zeharkaldi bat egin genuen Corona del Raso aldera. Lasterka egiteko aukera eman zigun zati eroso honek.


Corona del Rasutik Urriellu alderako ikuspegia ederra da. Tarte bat hartu genuen bertan jarri eta inguruaz gozatzeko.


Ondoren katez eta grapaz ekipatutako tximinia tentea jaisteari ekin genion. Zailtasun handirik ez du, baina kasu eman beharreko puntua da.


Pasabidea gaindituta Urrielluren mendebaldeko aurpegi bikainaren azpitik ibiliz ailegatuko ginen aterpera.


Mendi miresgarria...

 
12:37 : Refugio Vega de Urriellu (1960m)
Urriellu handiaren itzalpean hartu gintuen aterpeak. Eramanak genituen ogitartekoak freskagarri batzuekin busti eta etzanaldia egin genuen inguruko belardian. Mokadu eta trago artean begiradak pareta laranjara egiten zuen ihes. Pena izan zen horman eskalatzailerik ez ikustea.


Geldialdi luzearen ondotik nagiak uxatu eta iparralderantz jaisten hasi ginen. Duela zazpi urte bezala, Cambureroko kanaletik eginen genuen Bulneserako jaitsiera.


Goitiko partean zati harritsuak zeharkatu genituen.


Tarteka buelta eman eta Urrielluren ipar aurpegiari begiratzen genion. Bertatik igan ziren Cainejo eta Pidal, mendia eskalatu zuten lehen bi eskalatzaileak. Ez ziren orain ezagutzen ditugun eskalatzaileak bezalakoak, doike. Pidal espartinetan igan zen eta Cainejo artzaina ortozik. Pausurik zailena gainditzeko Pidalek bizkarrean hartu zuen Cainejo eta gero honek goititik tiratu zuen Pidal. Zer meritua bi haiena!


Buelta gaitezen gure jaitsierara, haien balentriaren adinakoa ez bada ere. Etxola hauetan hasten da Cambureroko kanala.


Bertikala da, baina bidexka batek zeharkatzen du erdiz erdi eta arazorik gabe jaitsiko ginen bertatik. Argazkia azpitik ateratakoa da.


Cambureroko kanala utzi eta Balcosinekora zuzendu ginen. Punturen batean kablez ekiapatutako pasabideren bat gaindituz...


...eta baita belardi erosoetan ibiliz ere.


Hala, Balcosineko kanalean barneratu ginen. Kanala baino, arroila dela erraten ahal da, bidexka urik ez daraman errekatik beretik pasatzen baita. Ez da giro izanen han ekaitz baten ondotik!


Balcosineko kanala zeharkatuta Bulnes herria bistaratu genuen. Oraindik zati bat bagenuen bertara ailegatzeko, baina hurbiltasunak animatu egin gintuen.


14:50 : Bulnes (649m)
Bide polit batetik sartu ginen Bulneseko herrixka xarmangarrian.


Gaur egun turismora zuzenduta dagoen arren, jendea bizi da oraindik autoz ailegatu ezin den herritxo honetan. Garai batean artzainez beteta egonen zen herria...


Jatetxe batean kafetxo bat hartu genuen beheiti segitu aitzinetik...


...eta herria agurtu eta goizean ibilitako bidetik autorako jaitsiera egin genuen.


16:07 : Poncebos (200m)
Arratsaldeko ekaitzak ailegatu aitzin autoaren babesean ginen. Egun luzea izan zen, gogorra desnibel aldetik; baina Picoseko parajerik ederrenetakoak ikusi izanak merezi izan zuen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina