EGUNA: 2023/07/22
ABIAPUNTUA: Auberge du Maillet (1813m)
ZAILTASUNA:
MD/5c. Gradua Dalle du Mailleteko plaketan egiten den eskaladak ematen dio. Mounherran zuzenean iganez gero, zailtasuna ez da F+ mailatik pasatzen.
DENBORAK:
- Auberge du Maillet - Dalle du Maillet : 45 minutu
- Tonton Coinceurs bidea eskalatzea : 2 ordu
- Dalle du Maillet - Mounherran (Ledormeur bidetik) : 2 ordu
- Mouherran - Aubergue du Maillet : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartuta, Tarbeseko irteeraraino joko dugu eta behin autopista utzita Lourdesera. Lourdes hiria zeharkatuta, hegoaldera Luz Saint Sauveur herrira eramanen gaituen errepidetik iganen gara eta behin hona ailegatuta, Gavarniekoa hartuko dugu. Errepide honetatik goazela, Gedre herrixka zeharkatu bezain laster ezkerretara errepide bat dagoela ohartuko gara. Troumouseko zirkura igotzen den errepidea da. Hemendik iganen gara, errepidea akitu baino hiru kilometro lehenago ikusiko dugun aterpetxera ailegatu arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Batzuetan inprobisatzeak uste ez dituzun emaitzak ekartzen ditu. Halako zerbait gertatu zitzaigun Dalle du Mailleteko plaketan eskalatu eta gero norabide jakinik gabe mendian goiti igaten hasi ginelarik. Mounherran mendi panoramikoa deskubrituz borobildu genuen egun ederra. Pena bakarra hodei nagi batzuk ingurua behar bezala ikusten ez zigutela utzi.
10:20 : Auberge du Maillet (1813m)
Gaua paradisu ttipi honetan pasatu, eguzkitan gosaldu eta presarik gabe abiatu ginen goiti. Aparkalekutik beretik ikusgai dago eskalatuko genuen bidea, mendien artean ageri den plaka etzana da.
Behin plaka etzanaren oinean, eskalatzeko trasteak jantzi eta goiti abiatuko ginen.
- 1. luzea (4a,55m) : Plaka etzan eta leunei trukoa hartzen hasteko ongi heldu den luzea. Arras etzana, tartean oinez ere egiten dena.
- 2. luzea (5b,55m) : Bigarren luze honetako lehen metroak dira bidearen zailenak. Bertikalagoa da eta kanaltxo batzuei esker gainditzen da, esku eta zango onegiak izan gabe. 5c zailtasuna ere ematen diote hainbat krokisetan. Pausu hau gaindituta, plaka berriz ere etzan egiten da.
- 3. luzea (4b,15m) : Gradua ematen dion pausuarekin hasten da eta gero segidan ailegatzen da ondoko bilkurara.
- 4. luzea (5a,55m) : Nire ustez luzerik politena eta homogeneoena. Plaka handi etzana gainditu behar da, helduleku ñimiñoak dituena justu behar diren tokietan. Itsaskortasuna bilatu behar da. Erdian irtengune bat du plakak, baina erraz gainditzen da.
- 5. luzea (3b,45m) : Luze arras etzana, eskuak kasik erabili ere egin behar ez direna.
Eskalada arras fite akitu genuen. 225 metro izan arren, gehiagorako gogoarekin utzi gintuen. Oraindik goiz zenez, goiti abiatu ginen inguruko mendiren bat igateko asmoz. Ni duela urte batzuk izana nintzen eskiekin Gabiedou mendian eta oraingoan eskuinerago dagoen Mounherran aldera joatea erabaki genuen.
Argazkiko puntaxoen artean dagoen lepora aterako ginen lehendabizi, biderik eta mugarririk gabe momentu oro. Belardietatik igan ginen hasmentan eta harritza deseroso batetik geroago. Dena arras ezegonkor zegoen harritzan eta buelta hartzea ere pentsatu genuen.
Zeharkaldi inklinatua akituta, Mounherraneko arrakalara ailegatu ginen. Hemen eskuineko aldetik heldu ziren mugarri eta bidexka tarteak ikusi genituen. Igoera ez genuen bide zuzenetik egin beraz.
Gandorraren gainetik segitu genuen parean genuen Mounherraneko kaskoaren oineraino.
Behin oinean bi aukera genituen: ertza zuzenean eskalatu III. graduko harkaitz hautsitik edo ezkerretik inguratzen duen Ledormeur bidetik igan.
Mugarriei segituz bigarren aukera hartu genuen. Lehen metroek esposizio pixka bat badute, baina aise zeharkatzen dira. Bide honek mendia mendebaldeko aurpegitik inguratzen du zati batean...
...eta gailurra!
Egia erran flipatu egin genuen mendi honekin. Gandorrera atera ginetetik bere presentzia ikusgarria egin zitzaiun eta zer erranik ez kaskora ailegatu ginelarik. Ikaragarrizko ikuspegia du Troumouse eta Estaubeko zirkuetara, justu bien arten kokatua baitago. Pimeren antza harrapatu nion nik ikuspegi aldetik, baina mendia bera malkartsu eta ikusgarriagoa da.
Pena bakarra Monte Perdido aldean zerua tapatzen zuten hodeiak izan ziren.
Grand Gabiedouko zirkutxoa, eskiatzeko txoko polita.
Gailurrean tarte bat pasatuta, jaisten hasi ginen. Iparraldeko gailurraren bila jo genuen lehendabizi.
Iparraldeko sasigailurretik itxura hau du gandorrak. Leku ederra da.
Iparraldeko gailurretik ezkerretara jaisten den ertz grisa jaitsi behar da. Polita eta erraza da ertz hau.
Ertzetik lepotxo honetara jaitsi ginen. IGN mapan 2590 metrora ageri den izenik gabeko lepoa da. Hemen eskuin biratuko ginen Troumouseko isurialdean sartuz berriz ere.
Estaubeko zirkua agurtu...
...eta belardi eroso eta bakartietatik iparralderantz egin genuen.
Iparraldera irekitzen zen zirkutxoak mozketa bat du azpiko partean eta bere ezkerretatik jaisten da.
Harkaitz plaken arteko pasabide politetik...
Lehen mozketa gaindituta, eskuinetara egin behar da bigarren mozketa gainditzen lagunduko digun pasabidearen bila. Izar horidun markak bilatu behar dira pasabide hau harrapatzeko.
Behin pasabidea zeharkatuta zeharka doan bidexka batetik itzuliko ginen Maillet aldera. Guk goitiegi zegoen bidexka bat hartu genuen eta hortaz gero larreetan beheiti zuzen jaitsi behar izan genuen.
16:19 : Auberge du Maillet (1813m)
Hala, eskalada polita mendi ikusgarria deskubrituz borobildu genuen. Egia erran, beti gustura itzultzen garen parajea da Troumousekoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina