EGUNA: 2010/07/31
IRTEERA: Corral de Mulas
ZAILTASUNA: Errexa (F). Anayetera igotzeko kate bat dago pausu batean laguntzeko eta azken metroak tximinia tente batetik egiten dira. Vertice de Anayetek ez dauka inolako zailtasunik.
EGURALDIA: Eguzkitsua.
DENBORAK:
- Corral de Mulas-Collado Anayet: 2h 18min
- Collado Anayet-Anayet: 0h 25min
- Collado Anayet-Vertice Anayet: 0h 20min
NOLA IRITSI: Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Pourtaleteko lepoaren artean Anayet aparkalekua dago. Hala ere, ateka batek ez digu uzten (Neguan izan ezik) bertaraino joaten. Atekaren ondoan dagoen aparkaleku txikian utziko dugu autoa.
DESKRIBAPENA:
Lagun batekin plana eginda neukan astebururen batean mendira elkarrekin joateko eta hala, uztailako azken asteburuan, eguraldiaren iragarpena ona zela ikusita, Anayet aldera joatea erabaki genuen. Ostiral arratsaldean atera ginen eta gauerako Corral de Mulaseko aparkalekuan ginen furgonetarekin. Afaldu eta lotara iratzargailuak goiz joko baitzuen.
0h 00min: Corral de Mulas (1635m)
Seiak eta erdietan ernatu ginen. Goiz, baina egun oso beroa espero zen eta onena goiz ernatzea. Gosaldu eta prestatu ondoren, zazpiak eta laurdenean goruntz abiatu ginen. Hasieran, ateka zeharkatu eta bi km. inguruko errepide zatia ibili genuen Anayet aparkalekuraino. Lotsagarria da mendian errepide bat egitea urte erdia baino gehiagoan itxita edukitzeko. Diruaren hotsak.
Eguzkia Picos del Infierno mendien atzetik aterako zen.
0h 30min: Anayet aparkalekua (1720m)
Errepidea bukatzen den tokian, aparkalekua dago. Aparkalekua eta jatetxeak atzean utzi eta erremonteen azpitik abiatu ginen Anayeteko lakuetara eramanen gintuen bidearen bila.
Metro gutxiren buruan, pisten ondoan, seinale honek markatzen du hartu beharreko bidea.
Metro batzuk galdu genituen, errekatxo bat zeharkatzeko.
Eta behin bidexkatik errekatxoa zeharkatuta, eskuinera biratu ginen Culibillaseko amildegian sartuz.
Amildegi hau osorik zeharkatu behar da.
Atzean ikusten den lepora iritsi arte.
Malda etzana zen momentuoro eta bistak paregabeak.
Behi tropak Culibillaseko amoldegian.
Azken metroetan, malda pixka bat tentetzen da eta horrela lepora ailegatu ginen.
1h 32min: Paso de Culibillas (2205m)
Lepora iritsita atzera begirada igotako zatiari.
Eta aurrera, Anayeteko zirkuan sartu ginen, gailurra lehen aldiz bistaratuz.
Zirkua ederra da oso. Lautada handi berdea, harri gorriz osatuta eta mendiz inguratuta. Urrunean Midi d'Ossau ikusten da, Anayeteko lakuen atzean.
Gure helmuga ordea, Anayeteko gailurra zen. Puntu horretatik itxura beldurgarria zuen oso. Ezin igoa zirudien. Hala ere, oinera hurbildu ahala, gailurrera eramango gintuen tximinia ikusten hasiko ginen.
2h 18min: Collado de Anayet (2404m)
Lautada zeharkatu eta mala tente baina motz bat igo ondotik, Anayeteko lepora igo ginen. Hemendik, ezkerretara biratuz gero, Vertice de Anayetera joaten da eta eskuinetara biratuz gero Anayetera. Gu azken honetara abiatu ginen.
Lautadara begirada lepotik.
Hitoei segika metro batzuk egin eta gero, "Paso de la Cadena" pausu famatura ailegatu ginen. Pausu horizontal bat da, kate batekin lagundua. Hala ere, harkaitzak lehorrak badaude ez dauka inongo arriskurik. Bertze gauza bat izanen litzateke elurrarekin edo izotzarekin.
Pausua gaindituta ezkerretara biratu eta irudiko tximinia tentean gora igo ginen. Tarteka eskuak ipini behar dira, baina errexa da.
2h 43min: Anayet (2574m)
Tximiniatik atera eta eskuinetara metro batzuk eginda gailurrera iritsi ginen. Vertice de Anayet gailurretik.
Anayeteko lakuak gailurretik.
Midi d'Ossau gailurretik.
Collarada eta bertze mendi batzuk gailurretik.
Bista zoragarriez gozatu ondotik, zerbait jan eta behera abiatu ginen.
"Paso de la Cadena" pausutik jaisten.
Kolore gorrixkak bidean zehar.
3h 17min: Collado de Anayet (2404m)
Berriz ere lepora bueltan, Vertice de Anayetera igotzea eranaki genuen, oraindik goiz zen eta.
Verticeren tontor gorrixka, aldapa errex bat igo ostean harrapatzen da.
3h 37min: Vertice de Anayet (2559m)
Eguneko bigarren gailurra, hau ere bista ederrekin. Argazki batzuk atera eta gero, beheraka abiatu ginen.
Beherakoan Anayeteko lakuetara hurbildu ginen, zerbait jatera.
Anayeteko lakuetatik ere ikusmira ederra zegoen. Atzean Anayet.
Baina ona den guztia bukatzen da eta guk ere beherako bidea hartu genuen. Vertice eta Anayeti azken begirada.
Berriz ere Culibillaseko amildegian sartu ginen, Infernuen begiradapean.
Poliki-poliki inguruaz gozatuz kotxera buelta egin genuen.
Balaitous mendia bidetik.
Azkenean, kotxera iritsi eta etxera bueltan abiatu ginen. Egun ederra benetan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina