EGUNA: 2024/05/10
ABIAPUNTUA: Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Portalet - Espelunciecha : 2 ordu
- Espelunciecha - Vertice de Anayet : Ordu eta erdi
- Vertice de Anayet - Arroyeras : Ordu eta erdi
- Arroyeras - Espelunciecha : Ordu bat
- Espelunciecha - Portalet : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Portaleteko lepoaren artean, justu lepo hau zeharkatu baino metro batzuk lehenago Portalet deitzen den aparkalekua dago. Hor utzi behar da autoa.
KRONIKA:
Negua ez zen elur aldetik oparoegia izan, baina udaberria berde doa eta elurra noiznahi botatzen du 2000 metrotik goiti. Horrek ahalbidetu digu honako itzuli hau maiatzean egitea. Formigal eski estazioko pista zapatuek elurra luzaroago mantendu dute eta Canal Royako lepora bertatik iganda, elurraren unibertsoan barneratu gara. Eguneko plana Anayeteko lakuetako eski trilogia; hau da, lakuaren inguruan dauden hiru mendi eskiagarrienak egunean egitea (Anayet da laku inguruko bertze mendia, baina hau ez da eskiagarria).
7:44 : Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
Gaua aparkalekuan pasatu eta lehen orduan abiatu ginen. Egun beroa genuen aitzinetik eta elurra ahalik eta baldintza hoberenetan harrapatu nahi genuen. Estaziotik Canal Roya aldera igaten den eski-pista hartuko genuen.
20 bat minutuz eraman genituen eskiak bizkarrean, baina argazkian bigarren ikusten den elur-lausoan jadanik paratzen ahal ziren. Guk badaezpada pixka bat gehiago egin genuen oinez.
Eta 1900 metrotik goiti elurrak terrenoa irabazten zion belarrari. Berriz ere altuera horretara jaitsi arte eskiak kasik ez genituen kendu ere eginen.
Eski pistak laburtuz egin genuen Canal Royarako azken zatia.
8:39 : Puerto de Canal Roya (2143m)
Berez lepoa baino hegoalderagoko puntu batean atera ginen bizkarrera. Parez pare genuen Vertice eta Anayet ingurua, eta gure zorionerako eskiatzeko elurra ausarki zegoela ziurtatu ahal izan genuen. Bertara ezinen ginen zuzenean joan ordea. Ezkerretara biratu eta eski pistetatik Espelunciecha mendiaren iparraldeko aurpegiaren oinera joanen ginen, gero bertatik Anayeteko lautadara pasatzeko.
Espelunciechara igateko argazkian ikusten den iparraldeko korridorea gainditu behar genuen. 40 gradutik goitiko malda izanen du punturen batean, baina ez du esposiziorik eta erraza da.
Gure kasuan eguzkiak elurra ederki guritua zuen pasatu ginenerako eta eskiak zangoetan genituela igan hala izan genuen malda.
Bizkar honetara aterata, eguneko lehen trantsizioa eginen genuen. Gailurra hurbil genuen, baina itzulerarako utzi genuen.
9:37 : Ibon de Anayet (2225m)
Behin laku ondoan, ura hartu, trantsizioa burutu eta goiti segitzeko prest ginen.
10:55 : Vertice de Anayet (2559m)
Autotik abiatu eta hiru ordu pasatxoan eguneko lehen gailurrean ginen. Eguraldi bikaina eta inor ez zebilen inguruan, ezin gehiago eskatu!
Lepotik goiti elurrik ez zegoenez, eskiak utzi eta azken metroak oinez eginen nituen.
Belar eta harrizko malda gainditu eta segidan plantatu nintzen gailurrean. Argazki batzuk eta lepora itzuliko nintzen, Lorean han bainuen zain.
Sabocos ingurua, oraindik eskiatzeko aukera anitzekin...
Ekialdean Balaitus eta Frondella mendiak 3000 metrotik goiti... Azpiko aldean Formigal estazioko Anayet aparkalekua ere ageri da.
Peña Telerako mendigunea...
Punta Escarra ikusgarria...
Lepora bueltan zerbait jan eta eguneko hirugarren jaitsiera egin genuen Arroyeraseko iparraldeko maldak bilatuz. Kasu honetan ere elur nahiko ona harrapatu genuen.
12:49 : Ibon de Anayet (2225m)
Berriz lakura bueltan laugarren eta azken igoerarako prestatu ginen.
Anayeteko zirkua gibelean utzi eta Espelunciecharako metro apurrak igateari ekin genion.
Hegoaldeko bizkarrean eskiak motxilan paratu eta gailurrerako azken metroak oinez eginen genituen.
13:29 : Espelunciecha (2399m)
Kasko honetan akitu genituen eguneko igoerak eta Portaleteko aparkalekura jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina