EGUNA: 2024/04/12
ABIAPUNTUA: La Mongie (1740m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- La Mongie - Col des Quatre Termes : Bi ordu eta erdi
- Col des Quatre Termes - Lac de Campana de Cloutou : 45 minutu
- Lac de Campana de Cloutou - Hourquette Bracque : 45 minutu
- Hourquette Braque - Lac de Port Bielh : Ordu erdi
- Lac de Port Bielh - Hourquette Nere : Ordu erdi
- Hourquette Nere - Vallon d'Aygues Cluses : Ordu laurden
- Vallon d'Aygues Cluses - Pas de Crabe : Ordu erdi
- Pas de Crabe - La Mongie : Ordubete
NOLA AILEGATU:
A64 Pirinioetako autopistan zehar joanen gara Tarbes hiriraino. Hemen utziko dugu autopista eta Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleak segituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik pasa eta Sainte-Marie-de-Campan herrian eskuinetara biratuko gara Tourmalet mendate ezaguneko errepidean goiti. Mendatera ailegatu baino 4 kilometro lehenago aurkituko dugu La Mongieko eski estazio ezaguna.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Norvegiako negu gordina utzi eta Pirinioetako udaberri epelean barneratu ginen bat-batean. Apirilean ezohikoa den egun beroan Tourmalet eta Saint Laryko eski estazioen artean dagoen paraje ederrean ibilbide ederra burutu genuen. Frantziarrek Grand Tour de Contade deitzen diotenak aukera aunitz ditu nahi bezala moldatzeko, baita ibilbidea egun batean baino gehiagotan egiteko ere Campana de Cloutou eta Bastaneteko aterpeei esker. Behin estazioa hetsita La Mongiek altuera nahikoa du udaberrian eskiak fite paratu ahal izateko eta lepoz lepo elurra luze mantentzen duen ingurua da honakoa. %100 gomendagarria, bai udaberrian, bai neguan!
8:11 : La Mongie (1740m)
Gaua estazioko aparkaleku nagusian pasatu genuen eta goizean gauzak prestatu, irekita zegoen taberna bakarrean kafea hartu eta goiti abiatu ginen Pourteilh teleaulkiaren posteei segituz.
Berez mapetan izenik ez duen lepo honi bere ondoko mendiarten izena paratu diot nik. Quatre Termes gailurra lepotik 70 bat metrora dago, baina bide luzea genuen oraindik eta ez igatea erabaki genuen.
Lepoaren bertze aldean Campana de Cloutou izeneko lakuraino egin beharreko bidea argi ikusten genuen. Lepoaren azpiko malda eskiatu eta segidan altuera sobera galdu gabe eskuinetara zeharkaldi luzea eginen genuen Campana de Cloutou eta Cloutou mendien arteko lepora, gero handik izen bereko lakura bertze zati bat jaisteko.
Goiz bazen ere, lepoaren azpiko maldan elur trasnformatu goxoa harrapatu genuen.
Ezkerrean elurtua ikusten den lepotik gentozen. Eskuineko mendia Teste Guilhem da.
Zeharkaldi azkarra egin baldintza onean zegoen elurretatik eta Campana eta Campana de Cloutou mendien arteko lepotik argazkiko maldara sartu ginen lakuraino eskiatzeko.
10:47 : Lac du Campana (2225m)
Lau bazterrean eguneko bigarren trantsizioa. Foka-larruak paratu eta aterperako metro apurrak iganen genituen.
10:58 : Refuge de Campana de Cloutou (2225m)
Mtero batzuk igan, bertze batzuk jaitsi eta aterpe berrituan plantatu ginen. Bertan freskagarri bat hartu bitartean aterpeko zaindariekin solasaldi interesgarria izan genuen. Ea neguan itzultzen garen paraje eder honetara!
Geldialdiaren ondotik, aterpea utzi eta hego-mendebalderantz egin genuen, kasu honetan Cloutou eta Tuhou de Cloutou mendien artean dagoen lepoaren bila.
Malda errazetatik ailegatuko ginen eguneko bigarren lepora, aterpetik 250 bat metro igan ondotik.
11:49 : Hourquette Bracque (2485m)
Lepotik beheiti 10 bat metrotan eskiak kendu beharko genituen, baina segidan jaitsiera polita izan genuen zain argazkian ikusten den Port Bielh lakuraino.
Harkaitz zatitxoaren ondotik eski jaitsiera ona egin genuen, bere puntuan zegoen elurretan.
12:10 : Lac de Port Bielh / Bastan (2285m)
Jaitsieraren ondotik, lakua patinatuz zeharkatu eta bere mendebaldeko ertzera ailegatu ginen. Gure gibelean ezkerretara heldu ginen lepoa eta eskuinetara Bastan mendia genituen.
Berriz ere fokak paratu eta hirugarren igoerari ekin genion. Argazkian ikusten den Hourquette Nere lepoa genuen helburu oraingoan.
Azken zatian pixka bat tentetzen zen malda, baina aparteko zailtasunik gabe.
13:00 : Hourquette Nere (2265m)
Kasik bortz ordu genramatzan eskiatzen hirugarren lepora ailegatu ginenerako eta beroa ere nabaria zen ordurako. Zerbait jan eta edateko tarte zabalagoa hartu genuen beraz. Azken lepo bat bertzerik ez zitzaigun gelditzen La Mongie estazioko pistetara itzultzeko.
Geldialdiaren ondotik 150 bat metroko jaitsiera motza egin genuen 2300 bat metroraino. Berez jaitsiera gehiago luzatzen ahal da Agalops lakura edo Aygues Cluses etxolara, baina guk nahikoa genuen. Gainera, gutiago jaitsita, azken igoera motzagoa izanen zen.
Azken aldiz fokak paratu eta Pas de Crabeko pasabidearen bila abiatu ginen. Pasabide honetatik Contade zirkura psatuko ginen eta bertan eski pistak hartuko genituen. Crabe argazkian elurrezko pasilo itxurakoa duena da. Hego aurpegia da, baina elurra kasik leporaino bereraino ailegatzen zen.
Gibelean bortz izarreko parajea ari ginen uzten. Inguru honetan Aygues Cluseseko aterpe berria eraiki dute eta egia erran mendi eskia egiteko kokapen ezin hobea du.
13:50 : Pas de Crabe (2477m)
Elurretik metro guti batzuk oinez egin eta pasabidera atera ginen. Bertatik azken jaitsiera begien bistan genuen.
Malda politetatik Pourteilh lakura jaitsi eta pixka bat beheitiago eski pistetara aterako ginen, 2100 metro inguruan. Gure sorpresarako pistak erabat hondatuta zeuden, makinarekin nahita hautsita, baina haien bazterretik eskiatzeko nahi adina elur zegoen.
14:51 : La Mongie (1740m)
Bonita vuelta, me la apunto. No he visto los dos nuevos Refugios ... para visitar el próximo invierno.
ErantzunEzabatu