2024/04/26

Koppangen - Lenangsskardet (1306m) - Lenangsveien

EGUNA: 2024/04/04

ABIAPUNTUA: Koppangen (0m)

ZAILTASUNA: S3 (S4 Lenangsskardetetik jaisten den korridorea eskiatuz gero)

DENBORAK:

  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: 2 ordu

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc

 

KRONIKA:

Azken eguna genuen Lyngeneko penintsulan eta gutako batek atseden hartuko zuela ikusirik, ibilbide original bat prestatzeko aukera sortu zitzaigun: Lyngeneko Alpeak zeharkatuko genituen ekialdeko itsasotik mendebaldekoraino. Gure egonaldiari urrezko amaiera ematea izanen zen, itsaso, glaziar eta menditzarren arteko bidaia zirraragarria. Hori bai, hau egiteko beharrezkoa da bi auto izatea, edo norbaitek abiapuntuan utzi eta akitzean hartzea.

10:12 : Koppangen (0m)

Ibilbidea Lyngeneko penintsularen ekialdeko kostaldeko Koppangen herritxo politean hasiko genuen. Kosta horretako errepidetik iparraldera eginez gero aurkituko dugun azken herria da, badia itxurako batean kokatua dagoena eta xarman berezia duena.


Herria gibelean utzi eta mendebaldera joko genuen. Segidan gure aitzinean ikusiko genuen bailara estu batetik sartuko ginen. Bertara malda tenteago bat gaindituz ailegatuko ginen.


Bailara lehen zatian estua da eta elur-jausi arrisku dezente du. Elur-baldintza egokiak behar dira inguru honetan ibiltzeko. Argazkian ikusten den bezala egun bikaina genuen eta jende ausarki zihoan bailara honetan goiti. Azpiko partea ezkerretara malda bat gaindituz utziko genuen.


Behin zatirik estuena eta arriskutsuena gaindituta, bailara irei egiten da eta Koppangsbreeneko glaziarra parean agertu zitzaigun.


Metro horizontal batzuk egin eta glaziarrean goiti abiatu ginen. Gidekin zihoazen taldeek puntu honetan soka atera zuten, abian urte sasoi horretan arrakalak elurrez ongi tapatuak zeuden eta ez dut uste arrisku handiegirik zegoenik.


Hortik aitzin Lyngenen oraindik ikusia ez genituena bezalako paisaia alpinoetan murgildu ginen. Itsasoa oraindik ikusgai genuen gibelean, baina aitzinean glaziar zabalek eta tontor pikoek parajeari goi-mendiko kutsua ematen zioten. Store Lenangstinden iparraldeko penintsula zatiko mendirik altuena gailentzen zen gainerakoen artetik.


Koppangsbreeneko glaziarrak zati lauak eta tenteagoak tartekatzen ditu.  Denetara hiru zati lau eta bi tenteago bereizten ahal dira. Argazkian lehen zati laua zeharkatu genuen arrastoa ikusten da eta bigarrenera igateko maldan ageri gara.


Hemen bigarren zati laua, Koppangsbreen eta Strupbreen glaziarrek bat egiten dutena. Azken glaziar honetatik ere jendea igaten ari zen.


...eta honetan hirugarren eta azken zati laua. Puntu honetatik jende guzia gure ezkerretara utziko genuen Tafeltinden (1395m) mendira igaten zen. Gu, ordea, argazkian eskuinetara ikusten den lepotxora joanen ginen, handik jaitsiko baikinen gero mendebaldeko isurialdera.


Erran bezala Tafeltinden mendia alde batera utzi genuen. Kostalde batetik bertzerako zeharkaldia egin ezean, aukera polita da mendi honetara joan-etorria egitea.


13:48 : Lenangsskardet (1306m)

Hala ailegatu ginen eguneko (eta bidaiako) punturik altuenera. Lepotxo gisako bat da eta mendebaldera pasatzeko korridore bat jaitsi behar da. 


Trantsizioa egin eta mendebaldera jaisten den korridorea (45º gehienez ere) eskiatu genuen kasu emanez. Goitiko zatian arras estua da eta elur gogorra zuenez poliki-poliki jaitsi behar izan genuen. Beheitixeago berriz zertxobait zabaltzen da eta elur hautsa lagun bira bat edo bertze egin ahal izan genituen.


Hortik aitzin aitzinekoa baino paradisu bakartiago batean barneratu ginen. Store Jaegervasstinden, Trolltinden eta inguruko menditzarren artean zegoen glaziarren arteko bidegurutze baten gisakoan ginen. Ezkerretara Russedalen bailarara jaisten den glaziarra utzi eta guk eskuineko Lenangsbreen glaziarretik eskiatuko genuen Blaisvatnet izeneko lakuraino. Horretarako eta beheiti egin ahala aurkitzen ahal diren serac eta amildegiak ekiditeko, beharrezkoa da momentu guzietan gure eskuineko aldean gelditzen den paretatik hurbil eskiatzea. Hala eginez gero zailtasun handirik gabeko maldetatik eskiatzen da.


Ipar-mendebaldeko aurpegi hotzetan glaziar zatiak izotz bizian zeuden.


Leku basatia eta bakartia... Ez genuen inguruko eski ibilaldien liburuan aurkitu, baina merezi izan zuen handik jaisteak.


Jaitsieraren zatirik pikoena Blaisvatnet lakuan akitu zen, zirku ikusgarri honen oinean.


Kontent ginen aitzineko egunetan autotik fitxatu genuen zirku hartatik beheiti eskiatu izanagatik. Puntu horretatik autoan bilduko gintuzten errepidera, ordea, eguneko zatirik gogorrena gelditzen zen. Bortz kilometroko bidea genuen inklinazio arras guti duen zatia jaisteko eta doike besoa nahi baino gehiago eragin behar izan genien tarte horretan.


Tarteka geldialdiak eginez inguru polit honetaz gozatzeko...


15:52 : Lenangsveien (0m)

Etxolatxo hauen ondoan zubia zeharkatu, 300 bat metro gehiago egin eta aparkaleku batean akitu genuen Lyngeneko Alpeetan egindako zeharkaldi eder hau. Segur aski bezperan egindakoarekin batera egin genituen guzietatik ederrena!


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina