EGUNA: 2024/04/01
ABIAPUNTUA: Svensby (0m)
ZAILTASUNA: S1
DENBORAK:
- Igoera: 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera: Ordu eta erdi
ARRASTOA:
KRONIKA:
Laugarren egunean elurte batekin ernatu ginen Svensbyko gure etxean. Aste osoan izanen genuen egun kaskar bakarra izanen zen, baina goiz pasa egitea lortu genuen. Etxetik beretik eskiak zangoetan genituela abiatuko ginen Barehia menditxora igateko asmoz. Honen magal guziak urki eta pinuzko basoz inguratuak daud eeta leku aproposa da eguraldiak beltz paratzen denetarako.
10:11 : Svensby (0m)
Etxetik atera, errepidea zeharkatu eta parek belaitik goiti hasi genuen ibilaldia. Berez Barehiako mendira bide zuzenagoa Svensbyko kanpinetik abiatzen dena da, baina ilusioa egiten zigun bizitzan behin autoa hartu gabe etxetik beretik eskiz abiatzeak.
Belaiaren gaineko aldetik ipar-ekialdeko norabidean zelai zabal batzuek zeharkatzen hasi ginen Barehia mendiaren lehen malden bila.
Inguru honetan eskiz ibiltzeak bazuen abentura kutsu bat, Europa iparraldeko estepen antza baitzuen parajeak. Zelaiak zeharkatuta parean ikusten den muinoan goiti eginen genuen, pinu trinkoenen ezkerreko maldatik. Hasmentan uste genuen muino hori zela Barehia, baina benetako kaskoa aise iparralderago gelditzen da.
Malda goiti matso-mantso altuera irabazten hasi ginen.
Egunak tarteka ostarte zabalak ere oparitu zizkigun, baina goiza aitzinera joan ahala eguraldia okertuz joanen zen.
Egunero bezala gure gibelean itsasoa genuen...
Lehen malda igan eta urkiz zipriztindutako goi-lautada gisako batera atera ginen. Benetako kaskoa argazkian ezkerretara ikusten den zabal hura da. Erreferentzia bisuala izanda, bertara zuzenduko ginen.
Goiti-beheiti batzuk bazituen bidean eta bueltan eskiatzeko alternatibak bilatu beharko genituen.
Arimarik ere ibilki ez zen paraje zabaletatik egin genuen aitzinera.
Tarteka baso trinkoagoak zeharkatuk genituen.
Mendira hurbildu ahala, gaineko bizkarretan parez jotzen gintuen ipar-haize zitala gu zigortzen hasia zen. Azkenean gailurretik 30 metro eskas beheitiago, goit ez ateratzea erebaki genuen eta foka-larruak kendu gabe leku babestuago baten bila hasi ginen jaitsierari ekiteko.
Itzuleran lehen jaitsiera kanpin aldera egin genuen, baina irteerarik gabeko leku batera aterata berriz fokak paratu eta goizean igandako lehen muinora igan ginen bertatik bigarren jaitsiera hobe bat egiteko.
13:56 : Svensby (0m)Azkenean urki artean lau bat orduko ibilbidea eginda etxera itzuli ginen. Goiza behintzat aprobetxatua genuen eguraldiak aunitz gehiagorako ematen ez zuen egun hartan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina