2025/07/13

Harrigorri (1115) eta Auza (1306m), A Jean-Pierre (5c,100m) bidea

EGUNA: 2025/07/11

ABIAPUNTUA: Harginen borda - Larreta auzoa (485m)

ZAILTASUNA: 5c , 100m

IRAUPENA:
  • Harginen borda - Eskalada bidearen hasmenta : Ordu eta erdi
  • A Jean-Pierre eskalatzea : Ordu eta erdi
  • Harrigorri - Auza : Ordu erdi
  • Auza - Harginen borda : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik Izpegiko mendaterantz igaten den errepidea hartu behar da. Herritik atera eta kilometro ingurura eskuinetara ateratzen den zementuzko bide bat ikusiko dugu. Bide hau igan behar dugu azken baserrian akitzen den den arte. Hasmentan zementuzkoa da eta gero asfaltozkoa. Azken baserrian errepidea akitzen den lekuan pista batek goiti segitzen du hegoalderantz. Hor utziko dugu autoa, pista bazterrean.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ttipitatik Harrigorri kaskoan herdoildutako kablez egindako bilkura ikusi ahal izan dut. Lehen aldian  aitak kable hura paretatzar hura azpitik goitiraino eskalatzeko zela erran zidan. Zirrara berezia sortzen zidan ordutik harkaitz erraldoi hura eskalatzen ahal zela jakiteak. 

Urte aunitz geroago eskalatzen hasi nintzen eta noizbait bertako bideen informazioa eta krokisak bila aritu izan nintzen. Hasmentan ireki zituzten bi bide zaharren (Yoshi eta Gogol) informazioa bertzerik ez nuen harrapatu interneten. 

Iaz lagun batek talde bat bide berriak irekitzen ari zela aipatu zidan eta itxura ederra zutela bideek. Hala, pasaden azaroan paretaren azpira hurbildu ginen eta talde horrek egindako lan bikaina zuzenean ikusi ahal izan genuen. Hainbat bide zeudela ikusi genuen, bakoitza bere izenarekin eta bideen azpira ailegatzeko sokak eta bertzelakoak zeuden instalatuta. Bide haien graduzioei buruzko informazioa harrapatzea zen gakoa, ordea.

Kasualitatez abenduan berean Baionako Elkar dendan nintzela "Escalade autour de Bayonne" izeneko gida harrapatu nuen. Kuxkuxeatzen hasi eta bertze hainbat eskolaren tartean Harrigorriko bideen krokis eta azalpenak zeudela konturatu nintzen. Bi aldiz pentsatu gabe erosi eta kontent itzuli nintzen etxera bide haiek eskalatzeko momentuaren esperoan.

8:39 : Harginen borda (485m)
Autoa Kuarteleko kaskora eta Elorta aldera igaten den pistaren ondoan utzi, eta pista hau laburtzen duen bidexendatik egin genituen lehen metroak.


Goitiago pistara atera eta Olateko Ttutturruaren begiradapean goiti segitu genuen.


8:50 : Kuarteleko kaskoa (628m)
Kuarteleko kaskoan hartxintxarrezko pistak lurrezkoari uzten dio lekua eta Elortako parajerantz jotzen du.


Pago artetik igaten da pista hau...


Pistak erreka bat gurutzatu baino metro guti batzuk fiteago eskuinetara ateratzen den bertze pista bat hartuko genuen. Bide hau erreka ezkerrean utziz igaten da.


Eta etxola honetara ailegatzen da. Etxolaren gaineko belai ttipia zeharkatu metro batzuk galduta eta bertara Elorrietako lepotik ailegatzen den bidea hartuko genuen.


9:22 : Elorrietako lepoa (831m)
Etxolatik minutu gutian Elorrietako lepoan ginen. Berez puntu honetaraino autoz igateko aukera dago, Baigorri aldetik alfastatutako errepide ttipia ailegatzen baita. Hemendik kartelak Berderiz aldera markatzen digun GRT5 bidea hartuko genuen.


Tente igaten da bidexenda pagopean goiti...


Momentu batean pagopetik atera, eta eskalatuko genuen Harrigorriko harkaitza ikusi ahal izan genuen. Gure bidea ezproi nagusitik eskuinerago hasten da eta harkaitzaren punta baino eskuinerago ikusten den zuhaitzera ailegatzen da.


Bertze pago zati bat zeharkatu...


...eta harkaitzaren iparraldeko aldean beheiti sartzeko bidexka bilatzeko orduan arte segitzen ari ginena utzi genuen. Eskalada bideetara joateko bidexka harkaitzaren kontratik jaisten da eta mugarri bat du gainean markatzeko.


Beno, bidexka zerbait errateagatik! Belarrez eta sasiz zikinduta dago. Ageri da jende guti ibiltzen dela bertan eskalatzen.


Harrigorrin hiru sektore daude eta bide gehienak Gogol sektorean daude, gurea barne. Sektore honetara ailegatuko ginen lehendabizi. A Jean-Pierre bidea sektore honetatik Jonquilles eta Yoshi seltoreetara doan bidetik beretik hasten da. Hortaz Gogol sektoreko kartela utzi, soka baten laguntzaz harkaitz zati bat jaitsi eta ikusiko genuen lehen paraboltetik hasiko ginen eskalatzen. Dena den, lehen luzea saihesten ahal da harkaitz zati hau jaitsi gabe eta Gogol sektoreko gainerako bideetara joanez.


Hala bada, trasteak prestatu eta eskalatzen hasi ginen. Lau luze dituen A Jean-Pierre bidea hautatu genuen arestian erran bezala, denetatik errazena delako, eta harkaitza eta graduazioak ezagutzeko aproposena ere bai.
  • 1. luzea ( 3b , 15m ): Misterio handirik ez duen luze etzana da lehena, arestian erran bezala gainetik saihesten ahal dena. Belar arteko harkaitz zatiak igatean datza.
0 bilkuran

1. luzea akitzen

  • 2. luzea ( 4c , 25m ): 1. luzea akitzean bidearen izena duen harritxoa ikusiko dugu. Bertatik goiti zuzen eskalatzen hasiko gara, gero belarrezko kanal bat eskuinetara zeharkatu, bertze plakatxo bat eskalatu eta berriz belarrezko kanala ezkerretara zeharkatuta bilkura harrapatzeko. Puntu honetatik goitiraino kasu eman behar da gure eskuinetara ditugun Gogol eta Prises Surprises bideekin ez nahasteko.
Argazkian bilkura gaineko lehen plaka eskalatuta, eskuinetara pasatu eta ikusten den sapairaino eskalatu behar da gero berriz ezkerretara itzultzeko. Argazkiko zuhaitzaren gaineko aldean dago bigarren bilkura.

  • 3. luzea ( 5c , 25m ): Bideari gradua ematen dion luzea da. Mantendua eta bertikala. Politena ere bai. Bilkuratik goiti plaka bat eskalatzen da lehenik. Segidan tximinia bat eta hau akitzean eskuinetara biratu eta bertze plaka bat. Ezproi itxurako irtengune baten azpian dago bilkura, azken paraboltetik pixka bat ezkerretara eginez.
3. luzea akitzen

  • 4. luzea ( 5b , 30m ) : Bilkuratik eskuinetara egin behar da ezproitxoa inguratzeko eta segidan ezproiaren gaineko aldera igan ezkerretara biratuz. Behin ezproiaren gaineko aldean gaudela, zuzen segitu eta katez osatutako bilkura batera ailegatuko gara. Segidan bertze bideren bat egin nahi badugu puntu honetatik rapela egiteko aukera dago. Guk bertzerik egiteko asmorik ez genuenez goiti segitu genuen, pareta etzanetik ihartutako zuhaitz baten ezkerretara dagoen bilkuraraino.
Azken bilkura ihartutako arbolaren ondoan

13:03 : Harrigorri (1115m)
Trasteak bildu eta metro guti batzuk iganda, Harrigorriko harkaitzaren gainera atera ginen. Kaskoraino ailegatzen den bide bakarra Yoshi izeneko bide klasikoa da, baina horrek zailtasun aise handiagoa du.


Eskalada akituta Auzako kaskoraino joan-etorria egitea erabaki genuen.


Motxilak altxatu eta azken 200 metroei ekin genien ekialdeko malda tentetik.


Azken metroak gibelean Antxola eta Sakanako bizkarra genituela...


13:23 : Auza (1306m)
Gailurrean haize goxoa lagun zerbait jateko tarte luzea hartu genuen. Inor ez zebilen inguruan...


Iparla aldea tontorretik...


Egonaldiaren ondotik, motxiletara itzuli eta igoerako bide beretik egin genuen autorainokoa.


14:55 : Harginen borda (485m)
Betidanik bi amets nituen mendi kuttuna den Auza inguruan betetzekoak. Bata, bertan eskiatzea zen eta zorionez hainbat alditan egin ahal izan dut. Bigarrena, Harrigorriko bide bat eskalatzea zen. Oraingo ekipazio berriari esker amets hau ere bete ahal izan dut, eta espero dut ez dela azken aldia izanen badago eta zer egina konglomeratu gorrizko pareta horretan.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina