Orriak

2026/07/10

Pene Taillade (2586m)

EGUNA: 2026/07/04

ABIAPUNTUA: Col de Moulata (1671m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD-)

IRAUPENA:
  • Igoera (Ourrec aldetik) : Bortz ordu
  • Jaitsiera (Isaby aldetik) : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbeseko irteeraraino. Irteera honetan Tarbesn sartu gabe Lourdeseko norabidea hartu behar da. Lourdes hiria inguratuko dugu Argeles-Gazost herrirantz eta hemen sartu gabe Luz-Saint-Sauveur aldera doan errepidea hartuta, segidan ezkerretara Hautacam eski estaziora igaten den errepidea hartuko dugu. Eski estazioaren goitiko aldera iganen gara, Tramasselgo leporaino. Lepo honetatik pista bat abiatzen da hegoalderantz eta bertatik Moulatako leporaino ailegatzen da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Pirinioetako mendi batzuetan jende ilarak gero eta ohikoagoak diren honetan, badira bertze gailur batzuk ahantziak direnak. Horietako bat da Pene Taillade. Eta ez preseski ikusgarria ez delako. Ourrec-eko bailara hesten duen mendi honek atentzioa deitzen du bai iparraldetik, bai hegoaldetik ikusita. Ibilaldi honetan hasmentako helburua ez bazen ere, gailur eder hau zapaltzeko aukera izan nuen.

7:23 : Col de Moulata (1671m)
Eguneko lehen eguzki izpiekin ekin nion ibilaldiari.


Moulatako lepotik bidexenda zabal bat abiatzen da hurbil gelditzen den Isabyko lakura.


Metro gutira bide hau bitan (edo gehiagotan) zatitzen. Guk ezkerrekoa hartuko dugu zeharkaldi luze bat eginez Ouscouaouko lepora eramaten duena.


Isabyko lakua eta bere gaineko gailurrak eskuinetara utzi eta Barran mendiaren hego-mendebaldeko magala inguratzen du bide honek.


7:56 : Hourquette d'Ouascouaou (1870m)
Lepoan berean etxolatxo bat dago kokatua. Haren ondotik pasatu eta kontrako isurialdera jaisten hasiko nintzen.


Isurialde hau Lesponne bailara aldera jaisten da.


Ni, ordea, Ourrec-eko lakuraino bakarrik jaitsiko nintzen.


Jaitsierako bidetik laku eder honen ikuspegi zoragarria nuen une oro...


Ezin argazkiak egiteari utzi...


8:19 : Lac d'Ourrec (1664m)
Leku arras berezia da niretako honakoa. Izan ere, 1993an Pirinioetan familiarekin egin nuen bizitzako lehen ibilaldia laku honetarakoa izan zen.


Lakuaren ondoko etxola ttipia bisitatu...


Eta inguru eder hau utzita hegoalderantz bailaran goiti abiatu nintzen.


Ohikoa da kanpin-dendak ikustea laku honen inguruko zelai leunetan. Ez da leku txarra gaua pasatzeko egia erran.


Bideak konba batean goiti egiten du.


Baina segidan etzaten da berriz. Ni bailaran goiti Ourreceko etxoletara joanen nintzen.


Hortxe parean etxoletako bat...


Honako etxola hau irekia egoten da. Sinplea da barnetik, baina polita kanpotik.


Etxolak utzi eta errekaren bazterretik bailaran goiti segituko nuen. Bidexka marka horiz seinaleztatua dago.


Inguru honetatik Pene Taillade mendia ikusten hasi nintzen bailara eder hau hetsi. Bere izena gailurra bat-batean mozten duen arrakala sakonetik datorkio.


Erreka nagusia zubi batetik zeharkatu eta metro gutira markak horiak dituen bidea utziko nuen.


Aipatu bidea Bareilleseko lepora doa. Nik ordea bidexkaestuago batetik bailaran goiti egiten segituko nuen.


Malda tente bat iganen nuen segidan eta azpian utziko nituen Ourreceko etxolen inguruko meandro ederrak.


Maldaren gaineko partetik ondoko "mugarria" ikusteko aukera nuen. Bi harkaitzen artean ikusten den lepo gisakotik pasatuko nintzen bailara nagusia utzita.


Malda tentea bertze zati zelai batean akitzen da. Parean hurbilago nuen Taillade mendia. Ni eskuineko puntara iganen nintzen, baina oraindik momentu horretan ez nekien hori eginen nuela.


Zelai zabalean bailara utzu eta eskuinetara gelditzen den etxola batera zuzenduko nintzen.


Erreka zeharkatu eta bailaratxo polita agurtuko nuen...


Mourede deitzen den etxolaren ondotik pasatu...


...eta arestian aipatu dudan bi harkaitzen arteko lepo nabarmenera igaten hasi nintzen.


Malda tentea gainditu nuen lepora ateratzeko. Bertatik zelai zabal batera pasatu nintzen. Hemen berriz ere hegoalderantz egin behar da, bidexenda nabarmenik gabe aunitzetan eta Taillade mendiaren erreferentzia baliagarri dela.


Nire gibelean Montaigu mendia ageri zen...


Hegoalderantz zelai gehiena zeharkatuta argazkiko puntatxo hori erreferntzia gisa hartu eta haren eskuinetik pasatuko nintzen.


Eta bertatik argazkian ikusten den lepora iganen nintzen. Zati honetan guzian ez dago bidexka nabarmenik, baina badaude ardi bideak eta edozein lekutatik pasatzeko aukera dago.


Hala IGN mapetan 2429 metrora dagoen izenik gabeko lepora atera nintzen. Hasmentako plana hemendik Soum des Lascours mendia igan eta Isaby aldera jaisten hastea zen. Hala ere, ezkerretara Pene Taillade mendira igaten den ertza egingarri ikusten nuen eta probatzea erabaki nuen.


Lepotik ezkerretara bizkartxo bater igan eta ertzaren lehen partea ikusten nuen. Ikusten den bezala bi puntatxo ditu lehen zati honek. Lehenera igaten III. graduko pausu bat egin beharko nuen belardiaren azpiko harkaitzetan.


Lehen tontortxora ailegatuta bigarrena nuen ikusgai. Ertzetik beretik segituz metro batzuk galduko nituen lepotxo bateraino. Bertatik parean ikusten den harkaitz zatian ezkerretik eskuinerako eskalada pausu errazak egin (I+) eta gero belardi tentean goiti tontortxora segituko nuen.


Nire eskuinetara urrunean Gavarnieko mendiak ikusten nituen.


Bigarren tontortxotik oraindik urrun ikusten da Pene Taillade ikusgarria. Puntu honetatik metro dezente galdu beharko nituen ertzetik beretik edo hegoaldeko isurialdetik ibilita. Ondoren lepo zabal batetik eskuinetara harkaitz zati bat gainditu eta berriz ertzera aterako nintzen; gailurraren aitzineko tontortxo ttipira, hain zuzen ere.


Argazki honetan jaisten ari nintzela ailegatu behar nuen lepo zabala ikusten da, baita ondoren gainditu beharreko eskaldatxo erraza ere.


Sasigailurrera aterata, azken zatia bertzerik ez zitzaidan gelditzen. Ertzaren hegoaldeko isurialdetik eginen nuen gehiena. Ez da teknikoki zaila, baina malda handia du eta belarretan igan eta jaistea irristakorra da tarte batzuetan.


10:29 : Pene Taillade (2586m)
Goitibeheiti handiko ertz zati luzea gaindituta gailur eder hau zapaldu nuen. Ertzari segituta mendi honen beraren ekialdeko puntura ailegatzeko aukera nuen, baina nahikoa nuen eta bertan gelditzen erabaki nuen.


Kaskoko argazkia atera, zerbait jan eta beheitirakoari ekinen nion...


Nire zangopean pasatu berri nuen Ourrec-eko bailara nuen, urrunago Montaigu mendiarekin.


Hegoaldean, berriz, Neouvielleko mendigunea oraindik elur dezenterekin...


Monte Perdido, Cilindro, Casco, Taillon eta enparauak...


Vignemale ingurua...


Mendebalderago Balaitus, Picos del Infierno eta Gran Facha, bertzeak bertze.


Kaskoa utzi eta ertza berriz jaisteari ekin nion.


Berriz izenik gabeko lepora itzuli nintzen ertza kasu emanez jaitsiz. Harkaitza nahiko hauskorra da eta bakarrik egonda erne ibili behar nuen. Izenik gabeko lepotik Isaby aldera jaisteko parean ikusten den elur-lausodun lepora joanen nintzen. Tarte honetan Soum des Lascours mendia eskuinetara uzten da.


Bigarren lepotik itzuli eta ikuspegi hau nuen aitzineko lepora eta igan berri nuen ertzera.


Aitzinean, berriz, jaitsiera zuta nuen Isabyko lau aldera. Tokitan ikusten zen aparkalekua!


Bidexkatik beheiti Grande Estibere deitzen den zirkuan barneratu nintzen.


Eta bertatik beheiti Plagnous laku ttipiaren ondotik pasatu eta Isabyko lakuraino ailegatu gabe Moulatako lepora igaten hasten den bidea hartuko nuen.


Isabyko lakura ez nintzen ailegatuko beraz...


Etxola honen ondotik pasatu...


...eta goranzko joera duen zeharkaldi luzetik Moulatara itzuliko nintzen.


12:22 : Col de Moulata (1671m)
Bortz orduko ibilaldi-lasterkaldiaren ondotik itzuli eder hau akitu nuen. Gailur berri eta polit bat nire zerrendara, eta oroitzapen aunitz ekartzen dizkidan inguruari bisita! Egun bikaina!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina