EGUNA: 2026/07/26
ABIAPUNTUA: Lago Campo Mororako errepidea (1940m)
ZAILTASUNA: Erraza (F)
IRAUPENA:
- Igoera: Lau ordu
- Jaitsiera: Bi ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Oporraldi honetako deskubrimendurik onenetarikoa Valmalenco bailara izan zen dudarik gabe. Bernina mendia igateko hurbildu ginen bertara, eta mendi hori ez, baina leku eder eta lasaia izagutzeko aukera izan genuen. Lehendabiziko egunean Berninarako altuera pixka bat egiteko asmoz bailara hori hesten duten gailur garrantzitsuenetarikoan izan ginen: Scalino mendian. Zailtasun teknikorik gabea, ikuspegi ederra eskaintzen du kaskotik eta azpiko partea ere zinez ederra da.
7:39 : Lago Campo Mororako errepidea (1940m)
Egoera berezia zen bailaran. Berez nomalki autoz igaten ahal da hainbat ibilaldiren hasmenta den Campo Moroko aparkalekuraino. Bertara igateko errepidean lanak egiten ari ziren, ordea, eta hestia zegoen. Hala ere, lanak egiten ari ziren bidea oinez pasatu eta goitiko partean doako taxi zerbitzua eskaintzen zuten. Hortaz, autoa Lanzada herritik goitixeago utzi, 200 bat metroko desnibela oinez egin, taxia hartu eta Campo Moro baino kilometro bat lehenago dagoen aparkalekuan plantatu ginen. Biharamunean Berninara joateko ere gauza bera egin beharko genuen.
Inguru honetatik jadanik igan beharko genuen Scalino mendia ikusten zen. Inguruko mendirik garrantzitsuenetakoa da eta presentzia ederra du azpitik ikusita.
Bidexka eta pista tartekatuz Alpe Prabelloko etxolak bistaratu genituen nahiko fite.
8:33 : Alpe Prabello (2236m)
Ordu bat baino fiteago ailegatu ginen liluratu gintuen toki honetara. Artzain etxolaz osatutako herrixka bat da, zelai berde polit batean. Inguruko mendietako glaziarren begiradapean denbora gelditu egin dela ematen du bertan. Etxolen ondoan Cristina aterpea dago eta geldialdi bat egin genuen bertan kafe bat hartzeko.
Geldialdiaren ondotik herrixka utzi eta goiti segitu genuen. Bidexkak ekialdera egiten du eta Ometti deitzen den lepotik pasatuko den bidea hartuko genuen laster. Scalino mendia hegotik igaten da bide honetatik, iparraldean duen glaziarra saihestuz.
Zelai zabal bat zeharkatu eta mendiaren mendebaldeko aurpegiaren azpian kokatuko ginen.
Zeharkaldiaren akabailan dago lepoa.
Lepotik norantza erabat aldatu eta iparralderantz egiten da, mendiaren hegoaldeko aurpegian sartzeko.
Inguru honetatik gailurreraino eginen genuen bidea ikusten zen. Hegoaldeko paretaren eskuinetara dagoen kanaleraino eginen genuen handik ertzera ateratzeko.
Hego aurpegia zaintzen duten harresien azpitik zeharkaldia egin...
...eta harri xehezko kanalean goiti abiatu ginen. Kanal hau igateko nahiko deserosoa da eta pazientziarekin hartu behar da.
Kanalaren goitiko partetik ezkerretara ekialdeko ertz erraza igatea bertzerik zen zen gelditzen.
Azken metroak...
11:04 : Pizzo Scalino (3323m)
Gailurrak ikuspegi ederra duela ematen du, baina gu ailegatzean inguruko mendi gehienak lainoz inguratuta zeuden.
Kaskoko argazkia!
Iparraldeko glaziarretik doan bideak ere ez zuen zailegia ematen, baina doike bertatik igateko material gehiago eraman behar da.
Kaskoan bakar-bakarrik egon eta gero beheitirako bideari ekin genion. Igandako bide beretik jaistiko ginen Alpe Prabelloraino eta gero handik Campo Moro lakurako bidea hartuko genuen taxia hartzeko.
12:15 : Passo degli Ometti (2767m)
Berriz lepoa zeharkatu Monte Disgrazia ikusgarriaren begiradapean...
Artzain herrixka xarmangarrira ailegatu ginen berriz.
Bere ermita eta futbol-zelaia ere baditu...
Arratsaldeko 16:00ak arte taxi zerbitzua martxan paratuko ez zenez, Cristina aterpean bazkaltzea erabaki genuen. Arras ongi jan genuen eta egonaldi luzea egin genuen bertan.
Ondotik herrixka utzi eta beheitirakoari ekin genion. Arestian erran bezala, ez ginen igoera hasitako leklu berera joanen, Campo Moro lakura berera baizik. Hortaz harat igortzen gintuzten seinaleei segitu genien Alpe Prabellotik aitzin.
Pista eta bidexkak tartekatuz...
Scalino mendia gibelean utzi...
...eta Alpe Campagneda artzain-herrixkaraino joanen ginen.
Herrixka honetan kokatua dago Ca' Runcasch aterpea.
Handik pinudi bat zeharkatu eta Zoiako aterpea barrena ailegatuko ginen Campo Morora.
15:15 : Lago Campo Moro (1992m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina