EGUNA: 2018/03/21-22
IRTEERA: Col de Bouesou (1009m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORAK:
- Col de Bouesou - Cabane d'Icheus : Ordu bat eta 45 minutu
- Cabane d'Icheus - Tourelles de Camplong : Ordu bat eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu haranean barneratuz. Osse en Aspeko irteeran utziko dugu errepide nagusia eta herri hau gurutzatuta Athas herrira joko dugu. Hemen San Martingo Harriko eski estaziora igotzen den bidea hartuko dugu Col de Bouesoura ailegatu arte. Bertze bi aukera ere badaude puntu honetara ailegatzeko. Aipatutakoa baino motzagoa guretako, Issor herria baino lehen Lourdios Ichere herrira jo eta hemendik igotzea. Osse en Aspe herritik zuzenean ere igotzen da bertze errepide bat. Dena den, bide txikiak dira denak eta elurra apal dagoenean posible da goraino ez ailegatzea. Kasu hauetarako onena egin genuen bidea erabiltzea da, goraino ez igota eskiekin igotzeko biderik motzena eta zuzenena baita.
KRONIKA:
Guretako eski denboraldi da ez da berdina Aspe bailara zapaldu gabe. Aurtengoan kostata baina azkenean egin diogu bisita gure haran kuttunari. Eta betiko martxan, bakardadea eta lasaitasuna aurkitu ditugu, mendia osoa guretako bakarrik.
2018/03/21
15:46 : Col de Bouesou (1009m)
Eguerdian lanetik atera eta trasteak hartuta martxan jarri ginen. Berez egun batean igotzeko modukoa den mendia bide erdian duen etxolan lo eginda igoko genuen, horrela biharamun arratsaldean berriz ere lanera joateko.
Bouesoutik goiti, Catazarreko lepora igotzen den pista mozten duen bidetik igo ginen bizkarrez bizkar.
Egunean berean ibilitako bi eskiatzaileren arrastoari segituko genion ibilbide osoan zehar. Momentu batzueta ez orientatzeko bide erraza, baso anitz baitu eta gainera, elur hautsean arrastoa irekitzearen lana eginda zegoen. Bi abantaila beraz.
Aspe bailara beheitian, bidetik ikusita.
16:26 : Col de Catazar (1231m)
Erritmo onean ailegatu ginen leporaino. Jaisterakoan, hemendik Bouesoura doan pista segituko genuen, laburbiden eskiatzeko elur gutiegi baitzegoen.
Hemendik aitzin, zuhaitzetako marka horiak segituko genituen Icheuseko etxolaraino.
Bigarren zatia hau lehendabizikoa baino aise maldatsuagoa da.
Baso polit batetik igotzen da...
...pinu arteko soilgune batetaraino.
Puntu honetan malda jaisten da eta zati lauagotik doa etxolara ailegatu arte.
Zoragarria iruditu zitzaigun zati hau, lainoek inguru guzia estalita ere. Biharamuneko eguzkiarekin zer erranik ez...
17:20 : Cabane d'Icheus (1550m)
Eta zati ederrean gozatuz genbintzala, bat-batean etxolatxoa agertu zitzaigun pinu artetik. Leku arras politean. Etxola ere itxura onekoa da, eta barnean lurreko sua, mahaia, bankuak eta lo egiteko tarima ditu. Aislamentua ez da sobera ona dena den. Teilatu eta paretaren artetik haize dexente sartzen da eta horrek gure kasuan, gauez tenperatura zeropetik jaistea eragin zuen. Orain arte egondako etxola guzien artean tenperatuta apalena hemen izan genuen. Neguan bertan gaua pasatu nahi baduzue beraz, mentalizatuta joan!
Iluntzean su ederraren ondoan denbora egin eta zakura, gau hotzaz disfrutatzera.
2018/03/22
8:47 : Cabane d'Icheus (1550m)
Biharamunak ez zuen aitzineko egunaren ezer ikustekorik. Haizerik ez eta zerua urdin-urdin...
Inguruaren edertasunaz oraindik gehiago gozatzeko aukera genuen...
Gosaldu ondotik, ttipi-ttapa martxan jarri ginen etxolaren goitiko aldeko oihan maldatsuan barneratuz.
Baso zatirik maldatsu eta dentsoena pasatuta, 1700 metrotik aitzin zonalde irekiagoa da.
Pinuak nonahi eta artetik eskiatzeko elur malda zoragarriak.
Egun hotza baina haizerik gabe, gustura egoteko modukoa.
Paradisua...
Midi d'Ossau ere agertu zen beti bezala...
Gailurra begibistan. Argazkian ikusten den bezala, pinuak ia gailurreraino ailegatzen dira, mendi aproposa da beraz bisibilitate gutxiko egunetarako ere.
10:20 : Tourelles de Camplong (2038m)
Etxolatik atera eta ordu eta erdian gailurrean ginen.
Mendi guzia guretako izan genuen, bakardadean. Lescun ingurua gailurretik...
Billare zoragarriak. A zer nolako oroitzapenak!
Auñamendi eta Soum Couy...
...eta gu...
Jaitsiera bikaina izan zen. Elur hauts goxoa eta dena guretako bakarrik...
11:31 : Cabane d'Icheus (1550m)
Etxolara bueltan, gauzak bildu eta beheiti oateko meomentua ailegatu zen.
Paraje ederra agurtuz...
Aitzineko egunean ez bezala, ikuspegi zabala genuen inguruaz disfrutatzeko.
Tourelleseko gailurra gure gibelean.
Accouseko zirkua Bergon, Marere eta Permayou ikusgarriekin.
12:54 : Col de Bouesou (1009m)
Eta hasitako lekuan akitu zen Aspe bailarari egindako bisitatxo polit hau. Autoa hartu eta etxera, arratsaldean lana bainuen.
Itzulera, Lourdios Icheretik egin genuen. Txoko ederra Baretous haranean...
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina