EGUNA: 2018/02/23-25
IRTEERA: Pont de Ravi (895m)
ZAILTASUNA:
- Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
- Pont de Ravi - Cabane de Bargueres : Ordu eta erdi
- Cabane de Bargueres - Pic d'Arres (Col de Baregesetik) : 3 ordu
- Pic d'Arres - Cabane de Campsaure : Ordu erdi
- Cabane de Campsaure - Mont de Montagou : 2 ordu
- Cabane de Campsaure - Pont de Ravi : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartuta Montrejeau eta Luchongo irteera arte jarraituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino iritsiko gara. Behin Luchonen gaudela Hospice de Francera ongi markatuta dagoen bidea hartu behar da. Superbagneres eta Hospice de Franceko errepideak bereizten diren bidegurutzetik 100 metrora dagoen aparkalekuan utzi behar da autoa neguan, goitiago igotzea debekatua baitago.
KRONIKA:
Altxor bila, zer aurkituko genuen ongi jakin gabe hasi zen gure ateraldia, eta erran daiteke altxor handi bat harrapatu genuela. Ia zonalde honetako eski erreportairik aurkitu gabea nintzen interneten, bila ibiliagatik ere. Baina duela hiru urte, Portilhongo lepotik Plan de la Serre mendia igo genuenetik, mendigune honetara hegoaldetik eskiekin "espedizio" bat egitea nuen buruan. Hego eta mendebaldeko magalak izanik, eta Hospice de Franceko errepidea arras beheitian itxita egonik, ez da erraza baldintzak harrapatzea, hego aurpegietan elurrak 1000 metroraino jaitsi behar baitu.
Oraingoan ordea, astro guziak gurutzatu ziren, eta xoko liluragarri honi 3 eguneko astinaldi ederra eman genion. Etxola menu zabala aukeran, oihan magikoak, mendi malda zabal eta %100ean eskiagarrik, bakardadeak eta parez pare Luchon eta Benasqueko 3000koek apaindutako marko zoragarria. Gehiago eskatzerik ez dago... beno bai, elur hautsa eta antizikloia! Bada hori ere alde izan genuen! Ongi etorriak Pique bailarako altxor ttiki hau ezagutzera!
2018/02/23
14:49 : Pont de Ravi (895m)
Ortziral goizean, lanetik lehentxeago atera eta Luchonerako bidea hartu genuen. Eguerdi aldera Pirinioen bihotzeko herri polit honetan ginen. Zoritxarrez edo zorionez, elurra uste baino beheitiago harrapatu eta autoa Pont de Ravin bertan utzi genuen.
Autotik bertatik eskiak oinetan abiatu ginen motxilatzarrak bizkarrean. Hiru eguneko janari eta etxoletan gaua pasatzeko gauzek pisu ederra zuten. Metro batzuk ibilita Hospice de Francera doan errepidea utzi eta ezkerretara, bertara igotzen zen errepide zaharra hartu genuen, gaur egun autoentzat itxita dagoena.
Ikuskizuna berehala hasiko zen. Pique bailaran barneratu ahala, bailara bera hersten duten menditzar zuriek begiak gozaraziko zizkiguten.
Zonaldeko IGN mapan 1018 metrora dagoen kota inguruan, errepidetik ezkerretara igotzen den pista bat hartu genuen.
Pista hau Granges de Labach deitzen den baserri eta borda multzoaren artetik igotzen da. Mendiaren hego magala eta altuera apalekoa izanik elurra justu samar zegoen zati honetan, baina pistak eskiak oinetan segitzeko adinako elurra zuen. jaitsiera ez genuen hemendik eginen.
Igoera guzia egin genuen eskiak oinetan, 300 bat metro izan ezik.
Metroak irabazi ahala, Benqueko basoan barneratu ginen eta elur geruzak nabarmen egin zuen goiti.
Basoak, bordek eta inguruko ikuspegiak ateraldiaren hasmentako metro hauek arras ederrak izatea eragiten dute.
Honela, igoeraz gozatuz, lehendabiziko gaua pasatuko genuen etxola bistaratu genuen.
Basoaren soilgune batean eta mendiaren hego magalean, kokapen bikaina du Barguereseko etxolak.
16:54 : Cabane de Bargueres (1340m)
Barnean, mahaia, aulkiak, lurreko sua eta gaua pasatzeko egurrezko solairua ditu. Egurra egiteko zuhaitz anitz inguruan eta ura hartzeko erreka ere hurbil. Behar den guzia du ipuinetakoa dirudien etxola polit honek.
Behin etxolan, izerditutako arropa aldatu eta lehen lana beti bezala egurra bildu eta sua egitea...
Etxolako atetik, hodei dexente izan arren, Maupas mendiaren gibelean eguzkia nola sartzen zen ikusi ahal izan genuen.
Gaua Bargueresen...
Su bazterreko egonaldia eta lo egitera.
2018/02/24
9:35 : Cabane de Bargueres (1340m)
Meteofranceren iragarpenek ez zuten hutsik egin eta egun eguzkitsuak eman zizkigun egun onak gure esplorazioren bigarren egunean.
Gaua guziak bildu genituen, bigarren gaua ez baikenuen bertan pasatuko. Dena den, itzuliko garen esperantzan agurtu genuen Hansel eta Gretelen gordelekua.
Etxolatik metro batzuk goitiago, Hospice de Francera doan pista hartu genuen eta bertatik egin genituen lehndabiziko metroak.
Eskuinetarako bihurgune itxi batean ordea, ezkerretara (iparraldeko norabidean) ateratzen den pista ttikiago bat hartu genuen.
Zer erranik ez, bigarren egun honetan ere iikuskizuna txapela kentzeko modukoa... Gehien nabarmentzen den mendia, altuena ez izan arren, Sacroux da. Ikusgarria!
Baso bukolikoan ez zen dena arrosa kolorekoa hala ere. Pare bat aldiz nahasi ginen eta pista akituta oihanaren erditik zuzen elur sakonean bidea ireki behar izan genuen.
Azkenean lortu genuen ordea basotik ateratzea. Onena lehen aipatu dudan pista ia akitu arte segitzea da, eta akitu baino 200 metro lehenago eskuinetara igoz basoaren irtengunea bilatzea.
Hemendik aitzin, gañtzeko beldurrik gabe iparraldeko norabidea segitzea bertzerik ez genuen egin behar Baregeseko lepora ailegatu arte.
11:43 : Coth de Varetja / Col de Bareges (1749m)
Elur sakonean aztarna irekitzeak eta basoan nahasi ginen aldiek, uste baino gehiago luzatu zuten etaparen lehen zatia eta lepoan dauden etxolen atean atsedenaldia hartu genuen lasai ederrean.
Duela hiru urtetik ezaguna genuen lepo hau, baina hala ere ikusgarria iruditu zitzaigun. Zer parajea!
Hemendik Aubaseko gailurrerako tartea izan zen asteburu guzian jende gehien ikusiko genuen zonaldea. Portilhoneko lepotik jende anitz etortzen da leku honetara baina denak Aubas eta Plan de la Serre mendietara zuzentzen dira. Hegoalderago dagoen zonalde guzian aldiz, ez genituen ezta 10 pertsona ere ikusiko asteburu guzian. Luxu bat zalantzarik gabe! Bakardadezaleak bazarete, zati hau sahiestu daiteke Arres mendira zuzenean igoz.
Val d'Aran Aubas mendiaren gailurretik hurbil.
12:58 : Pic d'Aubas (2071m)
Erran bezala, Arres mendira igotzeko ez dago hemendik pasatu beharrik, baina guk duela hiru urte elur falta zela eta igotzerik izan ez genuen Aubas mendia igo nahi genuen.
Gailurretik, ondoko helburua zen Arres mendia begibistan genuen.
Ia gelditu ere egin gabe, gozoki batzuk jan eta metro batzuk galduta Arresera doan ertz zabala segitu genuen, gure ezkerretara Trona mendia utzita.
Ikusten den bezala Arresera doan ertzak ez du inolako zailtasunik eta eskiak oinetan egin daiteke arazorik gabe.
Azken metroetan pinutxo batzuk paisaiari oraindik eta itxura ederragoa ematen diote. Paradisua da!
Kaskora ailegatzeko puntuan...
Gure ezkerretara Aran harana.
13:44 : Pic d'Arres (2162m)
Aubasetik hiru ordu laurdenean eguneko bigarren eta azken tontorrean ginen.
Hegoaldera ertz zabalak segitzen du eta bertze lauzpabortz mendi igo daitezke. Denek mendebaldera erortzen diren malda eskiagarriak dituzte, hamarnaka kilometro karratu eskiatzaile bakartien gozamenerako. Erran dut jadanik paradisua dela?
Gailurreko argazkia Aneto eta Maladetaren aitzinean eta beheiti...!
Pastelari gerezia jaitsierak jarri zion. Hego-mendebaldeko maldetan oraindik elur-hautsa bikaina aurkitu genuen eta di-da jaitsi ginen asteburuko gure bigarren "hoteleraino".
14:49 : Cabane de Campsaure (1650m)
Bigarren etxola honek ere behar den guzia du. Mahaiak, aulkiak, lurreko sua eta lau lagunendako koltxoiak. Ingurua zoragarria da, iturri bat du 100 metrotara eta basotxo bat 300 metro ingurura.
Ailegatu eta etxeko lanen momentua... Hasteko sarrera garbitu...
Ura eta adarrak ekarri...
Eta gero arratsaldeaz gozatzera...
Ilunabarra Campsauren...
Etxola unibertso zurian. Amets bat bezalakoa... Ezkerretara gure jaitsierako markak.
Hospice de France eta inguruko mendiak egunaren azken argipean: Pique, Mina, Salvaguardia...
Xinger jatea...
...eta lo egitera.
2018/02/25
9:37 : Cabane de Campsaure (1650m)
Hirugarren eta azken konbatea. Bertze aste batez geldituko ginatekeen bertan baina...
Etxola utzi eta autora jaitsi aitzinetik azken gozatua hartu nahi genuen.
Eguna berriz ere eguzkitsu eta haizerik gabe... A zer asteburua!
Montagou mendiaren hego magala bilatu genuen igotzeko, bertan elur gogorragoa izanda erraz irekiko genuelakoan aztarna. Eta bete-betean asmatu genuen...
Gure gibelean Luchongo erraldoiak ernatzen hasiak ziren.
Bakardadea eta ttikitasuna...
11:13 : Passage d'Arrou (2116m)
Aran eta Luchongo bailaren arteko pasabide natural honetara ailegatuta, ezkerretara biratu eta Montagou mendia igoko genuen.
Gibelean Campsaure mendia, estilo bertsuko bertze mendi bat, eta urrunago Entecada.
11:24 : Mont de Montagou (2151m)
Gailur zabalera ailegatu ginen horrela.
Aran bailara kaskotik...
Aneto, Maldito, Maladeta, Alba... eta hauen aitzinean Pique, Mina, Salvaguardia...
Luchongo erraldoiak Crabiouleseko zirkua ixten: Boum, Maupas, Crabioules, Lezat eta Grand Quayrat. A zer mendi puskak!
Ondoan bezperan igo eta jaitsi genuen Arres, eta gure jaitsierako markak malda birjinetan.
Ipar ekialdean Mauberme? Ez nago seguru...
Bat, bi... eta hirugarren gailurra!
Jaitsiera Montagou mendiaren ipar-mendebaldeko maldak bilatuz egin genuen, hauts gosez. Eta baita ase ere! A zer eski besta!
12:12 : Cabane de Campsaure (1650m)
Hamabiak ingururako berriz etxolan ginen bueltan, baina etxerako buelta luzea genuen zain eta ailegatua zen paraje hau uzteko garaia.
Zerbait jan ondotik, gauzak bildu eta ordu bata pasatxoan jaitsierari ekin genion.
Hospice de Francera jaisten den pista hartu genuen eta ondotik, 1300 metro inguruan, Hospice de Franceko errepide zaharra hartuko genuen autoraino. 1100 metro ingururarte eskiatu ahal izan genuen, handik aitzinera ttipi-ttapa...
14:44 : Pont de Ravi (895m)
Eta hala bazen edo ez bazen... ea noiz bueltatzen garen!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina