2018/01/28

Bataillence (2604m)

EGUNA: 2018/01/28

IRTEERA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsako ipar sarrera (1821m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:

Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.


KRONIKA:
Bielsako tunelaren iparraldeko sarreratik ateratzen diren ibilbideen artean, Bataillencekoa da agian klasikoena. Eskirako malda aproposak, desnibel txikiak eta inguru ederrak cocktail ezinhobea eskaintzen dute mendi honetan.

9:36 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1821m)
Bezperako extasiaren ondotik gure elur gosea ttikitu ordez, handitu egin zen eta gogotsu planatatu ginen tunelaren iparraldeko sarreran dagoen aparkalekuan. Trasteak prestatu eta aparkalekutik bertatik eskiekin abiatu ginen irudian ikusten den lehen maldaren bila.


Behin lehen malda tentea gaindituta (arriskutsua izaten ahal da elur gogorrarekin), irudian erdian ikusten den Bielsako lepo aldera igotzen den bailaratxo eztian sartu ginen.


Eskiatzaileez gain, eremu honetan izotz-eskalatzaileak dira nagusi. Bide asko daude eta baldintzak onak direnean jendetza pilatzen da ur-jauzi izoztuetan. Irudikoa da ezagunenetariko bat, oker ez banaiz La Dorada deiturikoa.


Gu gurera, xirri-xarra goiti...


Metroak irabazi ahala gure gibelean menditzarrak ageri ziren nonahi.


Puntu honetan, parean ikusten den Bielsako lepora doan bidea utzi eta menditxo horren azpitik ezkerretara biratuko ginen.


Horrela, lauagoa den Montagne de Bataillence deituriko parajean barneratu ginen, ezkerretara uneoro Garlitz ikusgarria genuela.


Egun zoragarria zegoen, eguzkitsu eta ia haizerik gabe.


Bataillenceko kresterio luzearen azpitik zeharkaldi luze xamarra egin ondotik, azkenean puntu honetan gailurra bistaratu genuen. Ezkerrean dagoena da. Gu argazkiaren eskuineko maldatik, eguzkiak jotzen duen lepora aterako ginen, gero ertz errazetik gailurra harrapatzeko.


Hasieran eskiak jantzita hasi ginen arren, maldaren erditik goiti izotz plakak ziren nagusi eta kranpoiak jantzi genituen lepora ateratzeko.


Hemendik kaskora ertz zatitxo erraza bertzerik ez zen gelditzen.


12:09 : Bataillence (2604m)
Eta han ginen, justu momentu hartan bertze inor gabe gailurrean, nahiz eta gailur bisitatua izan.


Dagoen lekuan egonda, ingurua 3000ko mendiz estalia dago. Irudian, Munia eta Neouvielleko mendiguneak, La Munia, Gerbats, Gela, Soum des Salettes, Campbieil, Estaragne eta enparauekin.


Iparraldean Garlitz mendia.


Eta mendebaldean Salcorzera doan ertza.


Jaitsieran berriz ere elur-hautsaz gozatu ahal izan genuen, nahiz eta arrasto ugariek eta haizeak, elurra bezperakoa baino kalitate txarxeagoan utzi.


Aitzakiarik gabekoa izan zen eguna hala ere.


14:05 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa(1821m)
Eta horrela akitu zen Bielsako tunelaren iparraldean pasatako asteburu bikaina. Luzaz oroitzekoa dudarik gabe!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina