2018/01/27

Augas (2213m)

EGUNA: 2018/01/27

IRTEERA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:

Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

KRONIKA:
Antologikoa izan zen larunbateko eguna Augas mendiaren ipar-mendebaldeko magaletan. Eski denboraldia ongi hasi ondotik, geldialdi luzearen ondorengo lehen irteera honek benetan merezi izan du.

10:13 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Ortziraletik larunbaterako gaua Parzan herrian pasatu eta gero, tunela zeharkatu eta aparkalekuan plantatu ginen, presa handiegirik gabe. Iragarpenen arabera eguna argitzen joanen zen eta elur erori berria zain genuen gure gozamenerako.


Aitzineko bi egunetako elurteek mendia arropa ederrenaz jantzi zuten.


Aparkalekutik malda tente bat igo eta pista batera aterako ginen.


Pista hau segitu genuen eskuinetara gure eguneko helburua zen Augas mendia ikusi arte.


10:54 : Cortail de Prat (1820)
Igoeran atseden hartu bidenabar, etxolatxo ttikia bisitatzeko tartea hartu genuen. Leku onean kokatua dago, baina ttikia da, lurreko sua, aulki batzuk eta mahai bat bertzerik ez ditu.


Etxola gibelean utzita malda pixka bat tentetzen da.


Hortik aitzineko bidea hondarribiar splitzale parearekin eginen genuen.


Hodeiak irekitzen joan ziren eguna pasa ahala eta haizerik gabe, egun dotorea izan genuen azkenean.


Azken maldetan...


Malda zabalak, eskirako aproposak...


12:01 : Pic d'Augas (2213m)
Berez IGN mapan gailurra ertzaren iparraldean gelditzen da. Guk gailur nagusia utzi eta gorago dagoen ertzaren puntatxo batera segitu genuen.


IGN mapan 2289 metrora dagoen kota da hain zuzen ere. Gibelean ageri dena berriz Cuneille mendia da.


Aipatu kotan akitu genuen igoera. Gailurretik lainoek uzten ziguten momentuetan inguruko ikuspegiaz gozatu genuen. Argazkian, Soum des Salettes eta Campbieil ezagun zaharrak.


Hurbilago aldiz Cuneille lainopean...


...eta laino guttiagorekin.


Eta gu Augaseko ertzaren puntan.


Hegoaldean Moudangeko bailara luzea, bertako etxola multzoa ere ikusten ahal da.


Gauzak prestatu eta egin dugun jaitsiera ederrenetarikoaz gozatzeko aukera izan genuen. Elur hautsa, malda tente eta arriskurik gabea. Bikaina izan zen! 1950 inguruan berriz ere foka-larruak jarri eta zati bat igo genuen jaitsieraz gehiago gozatzeko.



14:53 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Eta horrelaxe akitu genuen asteburuko lehen asaltoa, leku zoragarrian ametsetako elurrarekin.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina