EGUNA: 2017/12/06
IRTEERA: Astes (993m)
ZAILTASUNA: S2
DENBORA:
- Igoera: 3 ordu
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu, baina erne, herritik ateratzean eskuinetara Astes herrixkara igotzen den errepidetxoa hartu behar baita. Astesetik goiti pista batek aitzinerat segitzen du eta hemendik igoko gara elurrak uzten digun lekuraino.
KRONIKA:
Ez omen daude bi hiru gabe, eta denboraldi hasmenta honetan hirugarren ateraldia egin dugu Pirinioetako elur bila. Abendu hasmentako egun libreak profitatuz, Luz Saint Sauveur aldean izan gara ondoko elurtea baino lehen zerbait egiteko asmoz.
Egindako ibilbidea, gorriz goitirakoa eta beltzez beheitirakoa |
9:19 : Astes (993m)
Autoaren elurretako zirrikei esker Astesetik zatitxo bat gehiago igotzea lortu eta autoa bidea bazterrean utzi genuen 1000 metro inguruan, bertze 1000 pasa egin beharko genituen tontorreraino hortaz.
Materiala prestatu eta pistatik goiti fokeatu genuen metro batzuz.
Lehen bihurgune itxian aldiz, pista utzi eta hau laburtzen duen bidetxo elurtua hartu genuen.
Basotxo polit bat zeharkatzen duen bideak hasmentako zati honetan.
Basoa akitzean, malda zuriak hasten dira eta etxolaz betetako parajean barneratu ginen.
Hemendik kaskoraino mendi-eskirako bikainak diren malda eztietatik eginen genuen.
Gibelean Luzera ailegatzen den bailararen ikuspegi ederra eskaintzen du mendi xume honek, bere kokapen onari esker.
Hegoaldean aldiz Letious tentea ageri zen, duela pare bat denboraldi Idoia, Txomin eta Ekainek eskiatu zuten maldatzar hori. Aupa zuek neska-mutilak!
Zati honetan igoko genuen gailurra ikusten hasi ginen. Argazkian eskuinetara ageri den tontor zuria da. Ezkerrean berriz, arestian aipatutako Letious ageri da. Puntu honetan ohartu ginen mendiaren goitiko aldean beheitikoan baino elur gutxiago izanen genuela. Ipar haize bortitzak elur anitz eramana zuen, baina gelditzen zena nahikoa izanen zen gailurreraino eta bueltan autoraino eskiatzeko.
Bertze etxola bat. Dozenatik goiti izanen dira inguruan, ez genuen begiratu irekita badagoen bakarren bat...
Poliki-poliki baina gelditu gabe nahiko fite igo ginen goiti.
Ekialdean Mont Arrouy mendia.
Elur malda zabalak...
1850 metro inguruan mendiaren ipar ertz zabalera atera ginen.
Azken metroak ipar-mendebaleko aurpegitik eginen genituen. Hori da elurrarekin mendi hau igotzeko biderik seguru eta erosoena. Udan ordea, Bachebirouko lepotik pasatzen den bidea erabiltzen du jendeak. Guk hori jaitsieran eginen genuen.
Azken metroak...
Azken metro horietan elurra arras justu zegoen, baina eskiak kendu gabe igotzeko nahikoa. Lehen erran bezala, jaitsiera ez genuen hortik eginen.
Puntara ailegatzen...
12:01 : Pic de Bergons (2068m)
Hamabietarako harrapatu genuen tontorra, hiru orduz azpitik egin genuen beraz 1075 metroko desnibela. Argazkian, Mont Arrouy eta letious gailurretik ikusita.
Bere kokapena dela eta, apala izan arren, ikuspegi bikaina eskaintzen du Bergons mendiak Gavarnieko zirku aldera.
Goitian bakar-bakarrik egon ginen tenperatura ona eta haizerik gabe. Ordubete inguru egon ginen lasai ederrean, estadio bateko palkorik onenean baino aise hobeki!
Talde argazkia eta beheiti!
13:22 : Cabane de Bachebirou (1988m)
Igoerako azken zatiak elur gutxi zuela ikusita, jaitsiera Bachebiroutik egin genuen. Lepotxo honetan kokatua dagoen etxola bisitatu genuen bide batez. Leku zoragarrian dago kokatua, mendiak berak iparretik babesten duela eta hegoaldean Gavarnie inguru guzira ikaragarrizko ikuspegia duela. Barnean ordea, gaua pasatzeko ez dago batere erosotasunik.
Gailurra Bachebiroutik. Hemen hego ekialdeko malda eguzkitsuak utzi eta iparralde ilunean sartuko ginen oraindik ausarki zegoen hautsa goxoan eskiatzeko.
15:09 : Astes (993m)
Eta hala autoraino, basurdearena ederki egin genuen jaitsieran eta ikaragarri gozatu genuen. Ea horrelako gehiago pasatzen ditugun!
BIDEOA:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina